Bihar abiatuko dira aurtengo Inauteriak eta Tolosako Udalak, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta Tolosako Asanblada Feministak eraso matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte. Horretarako, ohiko moduan, Joka Sano kanpainaren barruan, indarkeria matxisten aurkako guneak jarriko dituzte Ostegun Gizen, Zaldunita eta Astelenita egunetan.
Informazio gune bat Trianguloa plazan egongo da, 22:30etik 01:30era, eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean, berriz, arreta gunea jarriko dute, 01:30etik 05:30era. Eraso baten aurrean informazioa edo arreta behar duenak 747 420 488 telefonoa izango du eskura egun horietan. Gainera, Tolosako Udaltzaingoaren telefonoa (943 675 858) zabaldu du udalak eta jakinarazi du 24 ordutan arreta zerbitzua eskainiko dutela udaltzainek.
«Sano» jokatzeko deia zabaldu du Tolosako Udalak aurtengo inauterietan. Goiuri Ezeiza berdintasun zinegotziak gaineratu duenez, «jai giroa eta gaua batzuentzat askatasuna eta festa dira, baina beste batzuentzat kontrakoa bihurtu daiteke». Horregatik, «espazio seguruak sustatzeko» bidean, aurten lehen aldiz ostalaritzarekin indarkeria kasuetan nola jokatu jasotzen duen protokolo bat landu dute Orbela, 1990 eta Bide-Bide tabernekin elkarlanean.
Hain zuzen ere, taberna horietan kartelak eta pegatina identifikagarriak jarriko dira, bai barran eta baita komunetan ere, taberna horrek protokolo bat duela adierazten dutenak. Taberna horietan erasorik gertatuz gero edo norbait laguntza eske joanez gero, langileen arreta jasoko du. Taberna horietako profesionalek formazioa jaso dute honezkero, lehen arreta egokia eman ahal izateko.
Zinegotziak azpimarratu duenez, «behar adina aldiz esango dugu ez dugula inolako erasorik onartuko, ez jaietan, ezta egunerokoan ere. Komunitate gisa egin behar diogu aurre indarkeria matxistari, eta zentzu horretan, ostalaritzarekin landutakoa urrats bat gehiago izan da norabide horretan».
MARTXOAK 8KO EGITARAUA
Inauterietan «sano jokatzeko» aldarriarekin batera aurkeztu dute matxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguneko egitaraua. Aurtengo ardatzak «aliantza, zaintza komunitarioa eta intersekzionalitatea» izango direla nabarmendu dute antolatzaileek eta testuinguru horretan hamaika jardueraz osatutako egitaraua antolatu dute. Martxoaren 7an emango diote hasiera, Tolosaldeko Mugimendu Feministak antolatutako Indarkeria matxista jakean topaketarekin. Berastegiko udaletxeko ganbaran izango da, 18:00etatik aurrera.
Martxoaren 8an, aldiz, Faxismoaren kontra Ausardia eta Aliantza Feministak lelopean, manifestazioa abiatuko da 19:00etan Trianguloa plazatik, Tolosako Asanblada Feministak deituta.
Martxoaren 13an, Luces en sombra dokumentalaren proiekzioa izango da, 18:00etatik aurrera, Andragoran, eta ondoren ikusitakoaren inguruko solasaldia egingo dute, Bidez-bide elkartearen eskutik. Dokumentalak zaintzaileen errealitateari ematen dio ahotsa.
Martxoaren 15ean, Assari Bibang aktore, komiko, aurkezle, idazle, zutabegile eta aktibistak, Humor negra bakarrizketa eskainiko du, 19:00etan, Topic-en. Gaztelaniaz izango da eta arrazakeriaren aurkako bakarrizketa afrofeminista horretan, umorearen bidez, Bibangek emakume, beltz eta migratzaile izatearen nondik norakoak jorratuko ditu.
Martxoaren 18an, Erromanien erresistentziaz solasaldia egingo dute, 18:00etan, Andragoran, Kera elkartearen eskutik, euskaraz.
Martxoaren 21ean, Amak izeneko antzezlana ikusteko aukera izango da, 20:00etan, Leidor aretoan. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean garatzen den euskarazko komedia da, eta ikastola bateko itxaron gelan atera ezinik gelditzen diren lau emakumeren arteko istorioa kontatzen du.
Egitarauari amaiera emateko, martxoaren 25ean, Liliana Torres zuzendariaren Mamifera filma izango da ikusgai, 18:30ean, Andragoran. Amatasunaren edo amatasun ezaren esplorazio ausarta eskaintzen du. Saio hau Zine Ziklo Feministaren hasiera izango dela azaldu dute antolatzaileek, izan ere, martxotik ekainera arte eskualdeko udalerrietan lau pelikula eskainiko ditu Andragorak. Proiekzioaren ondoren solasaldia izango dela adierazi dute.
BESTELAKO EKINTZAK
Martxoan zehar, gainera, Andragoran mural feminista bat margotuko dute modu parte hartzailean, Txitxi Orbegozo artistaren laguntzarekin. «Bizikidetzarako murala» egingo dutela azaldu du artistak: «Etxe honetan adin, kultura eta erlijio desberdinetako emakumeak elkartzen dira eta horiek guztien hitza altxatu nahi dugu». Zer eta nola kontatu nahi duten erabakitzeko aurrez bilduko dira eta bertan materiala erabiltzen ere ikasiko dute, ondoren, ideia horiek guztiak koloreen bitartez plasmatzeko. «Mural hau emakume batzuetatik aterako da, baina denon izenean joango da», azpimarratu du. Emakumeei dei egiten diete bertaratu eta margotzera parte har dezaten.
Horrez gain, Ura Iturraldek gidatutako Jabetzeko Eskolako argazkigintza ikastaroko parte-hartzaileen erakusketa izango da ikusgai Andragoran. Zaintza da erakusketaren gai nagusia, eta Euskal Herrian bizi diren emakume migratzaileen testigantzak irudi eta testu bidez jasotzen ditu.