Inauteriak gerturatu ahala, Tolosako Txozna Batzordea ere lanean murgilduta dago. Behin egitaraua prestatuta, inauterietan txosnagunean lanean ariko diren boluntarioen txandak antolatzen ari dira. Egoitz Garmendia eta Ainhoa Belza dira batzordeko kideetako bi.
Zuen kasuan, nolakoa izaten da txosnagunearen lanketa?
Egoitz Garmendia: Lehen bileretan, egoera aztertzen dugu: espazio berrira nola egokitu, beste eragileekin harremana landu edota berritasunetan nola sakondu. Badira nahiko mekanikoak izan ohi diren lanak; beste batzuk, aldiz, urtearen arabera aldatzen doaz. Azken hiru urteetan hiru plaza desberdinetan kokatu behar izan dugu txosnagunea, eta horrez gain, hainbat eragile batzordetik atera dira. Ondorioz, gaur egun, hasieratik lanean aritu behar izaten dugu.
Udazkenetik hona lan handia egin behar izaten duzue, ezta?
Ainhoa Belza: Iraila eta urri artean hasten gara bilerekin, inauterien gertutasunaren arabera, eta ordutik, lanean aritzen gara. Aurten, deialdi zabala egin genuen txosnen antolaketan parte hartu nahi zuen orok horretarako aukera izateko. Izan ere, txosnagunea antolatzeak, teknikoki, lan handia eskatzen du: egin beharreko eskari guztiak kudeatu, musika talde erakargarriak lotu, eragileek inauterietan egin beharreko lanak koordinatu... zerrenda oso luzea da.
Garmendia: Gainera, txosnagunea antolatzen dugun eragileon arteko koordinazioa asko zaildu da batzorde bakar bat ez dugunetik; honek, ondotik, udalarekin harremanak ere zailtzen ditu. Hala ere, gogo handiz egiten dugu lan batzordean, inauterien parte sentitzen garelako eta herritarrek ere urteetan zehar hala erakutsi dutelako.
Nolako ezaugarriak izango dituzte aurtengo txosnek?
Garmendia: Urte askotan gure plaza izan den Euskal Herria plazara itzuliko gara aurten, eta oso pozik gaude. Plaza honek txosnagune egoki eta zabal bat jartzeko aukera ematen digu, handiagoa nahiko genukeen arren. [Barreak] Gure plaza kuttuna da, eta espero dugu aurten ere gune eroso eta atsegin bat izatea.
Ba al dago berritasunik aurtengo egitarauan?
Belza: Egitarauan berritasunak sartzea azken urteotako gure asmo nagusietako bat da. Aurten, Gazte Afaria antolatu dugu Ostiral Mehean. Iaz, antzeko ekimen bat egin zuen batzordeko eragile batek, eta aurten apustua areagotu nahi izan dugu. Txosnaguneak, kontzertuak eskaintzeaz gain, herritarrak elkartzeko espazio bat izan behar du, bereziki, gazteak. Afarira etorri nahi duen orori gonbita luzatzen diogu, eta ahal izanez gero, aldez aurretik izena ematea eskatzen dugu sare sozialetan zabaldutako inprimakian.
Garmendia: Egunean zeharreko kontzertuen eskaintza areagotzen ere saiatzen gara, garrantzitsua iruditzen zaigulako. Gaueko parrandaz gain, txosnagunea egunez ere gozatu daitekeen espazio bat dela uste dugu.
Nolako erantzuna izaten ari da txanda irekietan izena emateko deialdia?
Belza: Pixkana, inauteriak gerturatu ahala, jendea animatzen ari da. Garrantzitsua da txosnagunearen antolakuntzan bere alea jarri nahi dutenei aukera ematea. Gainera, boluntarioek laguntza handia ematen dute, bai muntaian, baita txandetan ere. Horregatik, lagundu nahi duen oro animatzen dugu sare sozialetan zabaldu dugun inprimakia osatu edo batzordeko kideekin harremanetan jartzera.
Nolako garrantzia dute txosnek inauterietan?
Garmendia: Gure ustez, ezinbestekoak dira, eragile eta norbanakoen borondatez antolatzen diren espazioak direlako eta guztiz integratuta daudelako inauterietan. Urtez urte, herritarrek txosnen antolakuntzan parte hartu dute eta bertako egitarauaz gozatu ahal izan dute. Gainera, herriaren erdigunean daude, eta eguraldi txarretik babesteko aukera ematen dute.
Zuen iritziz, izaera herrikoia duten jaiak al dira inauteriak?
Garmendia: Inauterien esentzia herritarren parte hartzea dela esango genuke. Irudimena eta egunerokoan egiten ez diren parodiak eta aldarrikapenak dira festa hauen erdigunea. Horretarako, karrozak, konpartsak, banakako saioak, kontzertuak... denetik egin ohi da.
Belza: Bestalde, legediaren zorroztea eta honen aplikazioa itogarria egiten ari zaie inauteri zale askori. Kezkatuta gaude azken urteetan areagotu den joera honek izan dezakeen bilakaerarekin. Herritarren parte hartzea, antolatzaile modura, beherantz doa, eta geroz eta kontsumitzaileago bilakatzen ari dira. Horren adibide garbia da karrozek bizi duten egoera: geroz eta zailtasun eta muga gehiago izaten dituzte kalera ateratzeko. Ondorioz, urtetik urtera geroz eta gutxiago dira karrozak antolatzera animatzen direnak, eta kezkaz bizi dugu egoera hau, karrozak inauterien elementu garrantzitsuenetakoa baitira.
Garmendia: Inauterien instituzionalizazioak herritarren zein eragileen parte hartzea mugatzen du, ezinbestean, eta inauteriek duten xarma galtzen ari da pixkana.
Zalantzan jartzen duzue txosnen egonkortasuna?
Belza: Urte gutxitan aldaketa handiak ari gara jasaten. Batetik, txandakatze sistema ezarri du udalak, txosna plaza batetik bestera mugituz. Hiru plazen artean egin behar dela diote, eta guk onartzen dugu, baina ez daukagu inolako bermerik datozen urteetan hala izango denik. Borondate ona adierazi digute baina ez da nahikoa gure ustez. Gure eskakizuna da inauterietan txandakatu behar ditugun espazioen egutegi bat egitea, lehendik jakiteko non egongo garen, eta hala, denon lana errazteko.
Garmendia: Bestetik, udalak txosnagunea antolatzeko prozedura aldatu nahi du, txosnak antolatzeko deialdia berak eginez, beraiek ezarritako baldintzekin. Hau oso larria dela uste dugu. Udalarekin harreman teknikoa ezinbestekoa da, baina, txosnekiko autonomia da gure ezaugarrietako bat, hau da, txosnagunea, berau antolatu nahi duten eragileen artean antolatzea. Proposamen honek kolokan jartzen ditu txosnak, bere ulerkeran eta antolakuntza forman.
Belza: Horregatik, eta aipatutako legedia zorroztu delako, txosnen egoera oso ezegonkorra da. Hortaz, ezinbestekoa da txosnak indartzea, eta hauek modu independentean antolatzeko bermea izatea.
Nolako harremana izan duzue aurten udalarekin?
Garmendia: Harreman jarraikorra izan dugu. Beraiek antolatutako prozesuetan parte hartu dugu eta txosnagunearen antolakuntzan bilerak egin ditugu. Udalak txosnagunea balioan jartzen duela dio, baina, ondoren, egonkortasunerako bermeak eskatzerakoan, ez du konpromiso zehatzik hartu nahi. Aurrera begira espero dugu txosnagunea antolatzen dugun eragileok zein udalak txosnak egonkortzeko oinarri batzuk ezarri ahal izatea.
Posible ikusten al dituzue txosnarik gabeko inauteriak?
Belza: Ezinezkoa da, festen ezinbesteko elementua direlako, eta izango direlako. Herritarrek bere egiten duten gune bat da, eta hori horrela izan dadin bermatuko dugu, aurrean izango ditugun legedi eta oztopoen gainetik uneoro txosnak babestuz.