ELKARRIZKETA

«Inauteria lurralde komantxea da, nahi duzuna egiteko»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko otsailaren 23a

Mertxe Goenaga, Mariaje Larrarte, Juli Zubelzu, Kristina Agirre eta Rosa Jauregi 'Artxiboko neskak' konpartsako kideak. J. ARTUTXA

1988tik 2009ra, 44 parodia eta mozorro desberdin prestatu zituzten; aurten, inauteriei hasiera emateko ohorea izango dute Artxiboko neskek.

Rosa Jauregi, Juli Zubelzu, Mariaje Larrarte, Mertxe Goenaga, Lierni Tolosa, Mamen Moneo, Maider Zubelzu, Kristina Agirre, Miriam, Maria, Eukene, Jabi, Pili, Loli, Bixen, eta dagoeneko haien artean ez dauden Ana Tolosa eta Peio Urkizar. Horiek guztiek osatzen zuten Artxiboko neskak konpartsa. Osatzen zuten, eta oraindik ere osatzen dute, Tolosako inauterien parte baitira. Aurten, gainera, Kabi Alai Kuttuna izendatu dituzte, eta beraz, kuadrilla jator honek izango du Tolosako inauteriei hasiera emateko ardura. Ostegun Gizenean, udaletxeko balkoira aterako dira, herria agurtu eta festei ongietorria emateko.

 

Astebete baino gutxiago geratzen da inauteriei hasiera emateko. Zer sentitzen duzue une honetan?

Mariaje Larrarte: Poza, batez ere, eta urduritasun puntu bat.

Rosa Jauregi: Zirrara ere bai.

Juli Zubelzu: Normala! Ez gaude ohituta horrelako gauzatara.

Baina inauterietan urte luzez ibili zarete saltsan sartuta; beraz, ez zaizue hain arrotza egingo txupinazoko momentua.

Larrarte: Jendea banaka edo multzo txikitan inguratzen zen gure parodiak ikustera. Plazan jende gehiago egongo dela iruditzen zait. [Barreak] Horretan pentsatzeak zirrara sortzen digu.

Jauregi: Balkoitik begira jarri eta plazan egongo den jendetza ikusiko dugun momentuan, «ene bada!» pentsatuko dugu.

Bada, astebete baino gutxiago geratzen da.

Jauregi: Eta gu oraindik Zaldunita egunerako mozorroak egin gabe! Beti bezala!

Ostegun Gizenerako ere mozorroak egingo dituzue?

Larrarte: Zerbait egin beharko dugu, ezta?

Jauregi: Sorpresa txiki bat prestatzen ari gara, zerbait desberdina.

Nola izan zenuten Kabi Alai Kuttuna izendapenaren edo aitortzaren berri?

Jauregi: Elkarteko bazkide batek aurrez esan zigun gure izena aurkeztuko zuela hautagai modura, eta aurrerago jakinaraziko zigutela erabakia. Hala ere, aurreratu ziguten ziurrenik gu izango ginela aurtengo omenduak. Aurreko urteren batean ere hautagaiak izan ginen, beraz, aukerak genituen aurten izendatuak izateko.

Beraz, bazenuten izendatuko zintuztetenaren susmoren bat?

Hirurek: Ez!

Jauregi: Aurreratu ziguten aukera genuela, baina guk ez genuen pentsatzen hala gertatuko zenik. Kabi Alai elkartekoek erabakia hartu zuten egunean bertan jakinarazi ziguten mezu bidez gu izango ginela aurtengo Kabi Alai Kuttuna. Orduan, nik konpartsako kideei jakinarazi nien. «Ez dago atzera bueltarik», esan nien.

Larrarte: Nik berehala esan nion ezetz, ez nengoela prest. Lotsa handia sentitu nuen.

Zubelzu: Lehen momentuan, gehienok esan genuen ezetz. Gerora, festak gerturatu ahala, eta giroaz jakitun, animatu egin gara.

Jauregi: Nik argi esan nien bakarrik ez nintzela igoko udaletxeko balkoira. Artxiboko neskak izendatu, eta ondoren bakarra igo? Ez, ez! Azkenean, pixkana, kide gehiago animatu dira, eta azkenean, bederatzi izango gara Ostegun Gizenean udaletxean. Bakarren batek kanpoan gelditu beharko du, sartu gabe.

Inoiz irudikatu al duzue txupinazoa botatzeko momentua zeuen buruan?

Larrarte: Ez. Hortik zetorren, ziurrenik, hasierako ezetza [Barreak].

Jauregi: Gogoan dut urte batean, Ostegun Gizen gau batean, parodia bat egin genuela. Orbela tabernan afaldu genuen, eta erreginen gisan, koroa bana jantzita, tabernak lehen solairuan duen jangelako balkoira atera ginen, kaletik igarotzen zen oro agurtzeko. Han aritu ginen bertatik igarotzen ziren txarangak eta haien atzetik saltoka zihoazenak agurtzen. Hori daukagu aurrekari modura.

Entsegu bat izan zen, beraz.

Larrarte: Pentsatzen jarriz gero, entsegu asko egin ditugu artxibo parean.

Zerbait prestatu al duzue Ostegun Gizenean balkoitik esateko?

Jauregi: Denboraz justu ibiliko garela abisatu digute, eta beraz, ez dugu gauza handirik prestatu. Denbora emanez gero, zerbait esango genuke. Inspirazio motzekoak gara!

Larrarte: Beldur apur bat ematen dit horrek.

80ko hamarkadan hasi, eta ia 20 urtez aritu zineten parodiak egiten Gipuzkoako Artxibo Orokorraren aurrean. Nola sortu zen 'Artxiboko neskak' konpartsa?

Larrarte: Lauzpabost neskako multzoa edo kuadrilla osatzen genuen. Askotan, horietako baten ahizparekin eta bere kuadrillarekin ibiltzen ginen. Guk 18 urte genituen, eta haiek 23 inguru. Gu baino antolatuagoak ziren. Beti izaten zuten zer jan, zer edan... eta gu inguruan ibiltzen ginen. Horrela hasi ginen multzo handiagoan elkartzen.

Jauregi: Gu pobreak ginen. Bazkaltzera gonbidatzen gintuzten, eta segituan esaten genien baietz. 1987ko Asteartita egunean, elkarrekin bazkaldu genuen artxiboan; urtero, egun horretan, ohitura genuen artxibo inguruan bazkaltzeko.

Larrarte: Beti joaten ginen gure kazolekin.

Jauregi: Egun hartan, hurrengo inauterietan elkarrekin mozorrotuta ateratzeko proposamena egin zuten beste kuadrillakoek, eta hala sortu genuen konpartsa 1988ko inauterietan, 19 urterekin.

Oso gazte, beraz. Gogoan duzue lehen mozorroa?

Jauregi: Bai. Mexikar kantina izan zen. Soineko ederrak jantzi genituen; 45 metro zinta josi genizkien.

Larrarte: Kantina hark berezitasun bat zuen, oso polita, benetako oilategi bat atera genuela.

Jauregi: Hesi bat jarri genuen, 50 zentimetroko altuerakoa. Oiloak bertan sartu genituen, goiz osoan gurekin egoteko helburuarekin, baina sartu bezain pronto egin zuten ihes; Laskoain kaletik barrena joan ziren.

Larrarte: Goiz guztia aritu ginen oiloak harrapatzen, atzetik korrika.

Jauregi: Jendea autoen azpian aritu zen begira.

Hasiera ederra eman zenioten, beraz, konpartsari.

Larrarte: Bai. Inauterietan bete-betean sartuta hasi ginen.

Jauregi: Gero, isil-isilik, hesiari lotu genituen oiloak, hanketan sokak jarrita, gure ondoan geldirik egon zitezen. Txintxo-txintxo egon ziren.

Larrarte: Gaur egun ez genuen halakorik egingo.

Emakumeak izan dira zuen konpartsako protagonista nagusiak hori ohikoena ez zen garai batean, eta horregatik, orduko estereotipo guztiak hautsi eta jai parekideagoak sortzeko bide emateagatik hautatu zaituztete Kabi Alai Kuttuna. Zer iritzi duzue?

Zubelzu: Orduan ez ginen kontziente halakorik egiten ari ginenik; lagun artean ondo pasatzea zen helburua. Baina, hala esan badute, zerbaitegatik izango da. Egia da emakumeak gehiengoa ziren lehenengotariko kuadrilla edo konpartsa izan ginela inauterietan, baina ez zen propio egindako ezer izan.

Juli Zubelzu: «Emakumeak gehiengoa ziren lehenengotariko kuadrilla edo konpartsa izan ginen inauterietan»

 

Larrarte: Normaltasunez bizi genuen.

Jauregi: Ez genuen pentsatzen zerbait desberdina egiten ari ginenik.

Baina, urteen poderioz, zuek hasitako bideari esker, gaur egun, gehiago dira emakumeak gehiengoa diren taldeak.

Larrarte: «Hauek egiten badute, guk zergatik ez?», pentsatuko zuten askok, eta errazagoa izango zen animatzea. Kutsatze-efektu bat gertatuko zen, gu konturatu gabe.

Jauregi: Kalean emakume ugarik esaten zigun ausardia handia genuela, eta poz handia ematen ziela gure taldea ikusteak. Beraiei gureak bezalako parodiak egiteak lotsa handia emango ziela esaten ziguten. Guk ondo pasatzen genuela erantzuten genien.

Larrarte: Urte batean, bakarren batek gizonezkoak ginela pentsatu zuen.

80ko eta 90eko hamarkadetan, nolako presentzia eta garrantzia zuten emakumeek Tolosako inauterietan?

Larrarte: Oro har, bai karrozak, baita txarangak ere, oso maskulinoak ziren, baina tarteka, ikusten ziren talde mistoak.

Jauregi: Gizon kuadrillak izaten ziren, senitartekoekin parte hartzen zutenak. Uste dut beste emakume kuadrilla bat ere izaten zela herriko beste gune batean. Konpartsari izena ez genion guk jarri. Herritarrek jarri ziguten, artxibo aurrean jartzen ginen neska talde bat ginelako.

Larrarte: Gaur egun Artxiboko andereak izango ginateke [Barreak].

Zorionez, emakumeen presentziak gora egin du inauterietan, besteak beste, zuenak bezalako konpartsei esker, eta parekidetasuna handiagoa da gaur egun. Zer iritzi duzue zuek?

Jauregi: Alde horretatik, normaltasunez bizi ditugula iruditzen zait.

Larrarte: Tolosa eredu da. Ez bakarrik inauterietan, baita sanjoanetan ere. Beste herri batzuetara begiratu besterik ez dago, urrutira joan gabe.

Jauregi: Guk, alde horretatik ez dugu arazorik izan. Gure garaian, guk nahi genuena egiten genuen, eta gaur egun, nahi dutena, edo ahal dutena egingo dute.

Nolakoak izaten ziren zuen parodiak?

Larrarte: Gehienetan dantzan amaitzen genuen; herri kiroletan ere aritu ginen, eta modeloen erakustaldia ere egin genuen. Uste dut gaur egun ez nukeela ikusi nahiko orduko bideorik.

Jauregi: Garai batean, konpartsen eta karrozen kalejira egiten zen, eta bizpahiru urtetan parte hartu genuen. Behin, Dirty Dancing filmaren parodia egin genuen; dantza osoa ikasi genuen. Oso polita izan zen. Saskibaloi jokalariz ere mozorrotu ginen, akuilu-makuiluekin. Patinatzen ere ikasi genuen.

Larrarte: Saiatu egin ginen, behintzat. Oro har, inauterietan, autodidaktak izan gara, erabat [Barreak].

Jauregi: 22 urtez atera ginen elkarrekin, eta urtero bi mozorro berri janzten genituen. Beraz, denera, 44 mozorro jantzi genituen. Batzuetan birziklatu egiten genituen jantziak, beste mozorro bat sortzeko.

Eta zeintzuk dira gehien gogoratzen dituzuenak?

Larrarte: Gogoan dut oso ondo pasa nuela haurrez mozorrotuta ikasgela bat irudikatu genuenekoa. Egurrezko idazmahaiak eta guzti eraman genituen.

Jauregi: Haurtzarora bidaiatu genuen. Sumoz mozorrotu ginenekoa ere oso polita izan zen; edonor botatzen genuen lurrera. Jantzi handi eta potolo hura jantzita, tabernetara sartzen ginen, izerditan, eta bertan ere edonoren gainera botatzen ginen.

Larrarte: Urte batean, ni ez nintzen atera, baina okinez mozorrotu ziren. Euria ari zuen, eta irinarekin kuxidade galanta sortu zuten.

Irina osagai arriskutsua da inauterietan.

Larrarte: Bai, baina oso dibertigarria ere bai.

Jauregi: Behin zikintzen zarenean, gehiago zikindu nahi izaten duzu.

Zuen parodiak ikusten aritzen zirenek ere parte hartzea nahi izaten zenuten?

Zubelzu: Bai, dantza egiteko, adibidez, baina inor ez zen animatzen.

Larrarte: Gure publikoa ez zen gu bezalakoa.

Jauregi: Nahiz ezagunak edo senitartekoak inguratu, eta guk haiei laguntzeko eta animatzeko eskatu, lotsatu eta ospa egiten zuten.

Aipatu dituzuen mozorroak zuek josiak eta eginak izaten ziren. 44 mozorro egiteko, ordu asko beharko zenituzten. Nola banatzen zenituzten lanak?

Larrarte: Taldean hiru jostun zeuden. Beraz, pentsa, gainerakoak nola ibiltzen ginen!

Jostunentzat lanak pilatzen?

Larrarte: Ez, ez. Esan beharra daukat asko lagundu izan gintuztela. Mozorroak nola josi erakusten ziguten, eta berehala konturatzen ziren egiten genituen akatsez.

Eta noiz hasten zineten mozorroak prestatzen?

Jauregi: Bi hilabete lehenago. Behin telak lortzen genituenean, astelehenetik ostegunera, lanetik atera ondoren, baserrira joaten ginen, jantziak jostera, horiek amaitu arte. Igandeetan, dantza edo parodia prestatzeko entseguak egiten genituen.

Antolaketa hori gaur egun ia pentsaezina da.

Larrarte: Nik ere ez nuke egingo [Barreak].

Aurkezpenean, diziplina hitza azpimarratu zenuen zuk, Rosa. Hori dela batez ere gogoan duzuena.

Jauregi: Ordutegi finko bat genuen, eguneko ekitaldiena, eta erabat errespetatzen genuen. Gainera, jarduera guztiak taldean egiten genituen, eta ez ginen galtzen. Lehen, batzuek Zaldunita egunean gaupasa egiten genuen; noski, mozorro horiek Asteartitan ere jantzi behar genituen. Orduan, errezatu egiten genuen, euria egin zezan, baina eguzkiak ere gogor jo izan du artxibo parean, eta noizbait azala erretzera ere heldu gara. Gaur egun, berriz, Dianan parte hartu ondoren, hamaiketakoa egiten dugu, baina gerorako ez dugu ordurik jartzen guztiak elkartzeko. Ez dugu inolako presarik izaten. Inauteria lurralde komantxea da, nahi duzuna egin ahal izateko.

1991ko argazkia. ATARIA

Larrarte: Kontua da, talde baten parte zarenean, errespetatu egin behar dela gainerakoek esaten dutena.

Baina izango ziren iritzi desberdinak, ezta? Nola antolatzen zenituzten inauteriak?

Larrarte: Sei bat lagun elkartzen ginen, eta bakoitzak bere ideiak eramaten zituen bilerara. Bertan erabakitzen genuen mozorroa, eta gero, parodia eta jantziak nola egin pentsatzen eta erabakitzen hasten ginen. Ideia gutxiko pertsonak ginen, eta beraz, erraza izaten zen erabakiak hartzea.

 

Batzuetan, kideren batek, bere senitarteko batek gurekin parte hartu nahi zuela esaten zigun. Alde horretatik, talde irekia ginen. Ez genuen arazorik izaten kide berriak gurera batzeko, baina aurrez hartutako erabakiak errespetatzea eskatzen genuen.

Beraz, ez zen desadostasun handirik izaten zuen artean...

Jauregi: Beno, batzuk txerrikeriak egin nahi izaten genituen, eta beste batzuk soinekoak eta takoidun zapatak jantzita atera nahi izaten zuten. Hori izaten zen eztabaida, eta beti guk galtzen genuen. Urte batean, behartsuez mozorrotuta atera ginen, eta ikaragarri gozatu genuen. Inauteri guztietan lurretik ibili ginen [Barreak].

Larrarte: Gerora, beste hiru urtetan errepikatu dut jantzi hori inauterietan.

Anekdota ugari biziko zenituzten, noski.

Jauregi: Ostegun Gizen bezpera batean, josten aritu ondoren, zaborrontzietan materiala bilatzen hasi ginen, mozorroa osatzeko. Bada, Tolosara jaitsi, eta materiala biltzen ari ginela, txaranga bat entzun genuen. Horrela deskubritu genuen 00:00etako txupinazo alternatiboa.

Larrarte: Gero, baserrira joan, eta bertan zain zeudenek harrituta begiratzen gintuzten: «Non ibili zarete?»

Jauregi: Horrela deskubritu ditugu guk Tolosako Inauteriak. Diana, adibidez, Maithuna diskotekatik atera ginen batean ezagutu genuen. «Zenbat jende dago plazan, eta zergatik daude denak pijama jantzita?», galdetzen genuen. Ordutik, urtero ateratzen gara.

Zergatik artxibo parean?

Larrarte: Guretzat oso erosoa zen.

Jauregi: Orduan, Alondegi plaza zabalik egoten zen, eta autoak bertan aparkatzen genituen. Gure gauzak gordetzeko, berriz, artxiboko eskailerak erabiltzen genituen. Erraztasun handia ematen zuen lekua zen.

Leku pribilegiatua ere bada, jende ugari igarotzen delako bertatik.

Jauregi: Bai, bestela San Esteban auzoan jarriko ginateke.

 

Larrarte: Guk gure erosotasunari ematen genion lehentasuna.

Hori dela eta, eskari handiko lekua ere izango zen, ezta? Zaldunitan, oso goiz joaten zineten bertara.

Jauregi: 06:00ak edo 06:30ak aldera joaten ginen, Diana baino lehen.

Zubelzu: Batzuk Dianara joaten ziren, eta beste batzuek, erreleboa eman eta gordetako lekuan geratzen ginen.

Duela ia lau hamarkadako inauterietatik hasita, inauteri asko ezagutu dituzue zuek. Nola aldatu dira?

Larrarte: Nik faltan botatzen ditut lehen bakarka mozorrotuta ateratzen ziren herritarrak, Iñaki Goikoetxea, esaterako. Mota horretako parodien edo saioen falta sumatzen dut gaur egun. Lehengo karrozak landuagoak izaten ziren, akaso, diru kopuru handiagoak erabiltzen zirelako. Inauterietan, oro har, diru kopuru handia xahutzen dugu, baina ez orain bakarrik, lehen ere bai. Gure garaian, baina, lehenago hasten ginen lanean, eta beraz, aukera handiagoa izaten genuen. Gaur egun, bizitza bera ere asko garestitu da. Hala ere, ez dakit horregatik ote den. Gauza asko hartu behar dira kontuan.

Mariaje Larrarte: «Nik faltan botatzen ditut lehen bakarka mozorrotuta ateratzen ziren herritarrak, Iñaki Goikoetxea, esaterako»

 

Jauregi: Nire ustez, egungo gazteek ez dute lortzen garai bateko karrozak bezalakoak egitea. Lan handia egiten dute margotzen, muntaian eta abar; guk, orduan, nahiko lan izaten genuen josten, pentsa karroza bat egiten hasiko bagina... Horregatik diot lan handia suposatzen duela, baina iruditzen zait lehen ofizio handiagoa zegoela. Gaur egun, mozorroak eta dantzak prestatzen dituzte, baina diskoteka itxura handiagoa dute karrozek. Lehen, 20:00ak ingururako dena jasotzen zen, eta gero, berriro ateratzen ziren kalera. Hori ere aldatu egin da.

1992ko argazkia. ATARIA

Zubelzu: Gu antzeztera ateratzen ginen. Goiz guztia igarotzen genuen parodia egiten, eta batzuetan, arratsaldeetan ere egiten genuen. Gaur egungo ikuskizunak desberdinak izaten dira.

Parodia falta nabaritzen duzue, beraz?

 

Jauregi: Bai. Urte batzuetan filosofia hori galduta egon da, eta orain, berriro berreskuratzen ari garela dirudi. Lehen, Astelenitan izaten zen Haur Danborrada, baino geroago, aisialdi taldeek hartu zuten ardura; haur talde handiekin ateratzen hasi ziren. Hori bai, musika jarri eta dantzan jartzen zituzten; ez zen antzerkirik izaten. Nire iritziz, horrek eragina izan du. Ezinbestekoa iruditzen zait haur eta gaztetxoentzat aukerak sortzea, baina gaur egungo karrozek, horien antza hartu dute. Lehen, elkarrekin ateratzen ziren ehun haur, eta orain, elkarrekin 40 gazte ateratzen dira. Tarteka, baina, ikusten dira antzerki itxura handiagoa duten parodiak.

 

Rosa Jauregi: «Urte batzuetan parodien filosofia galduta egon da, eta orain, berriro berreskuratzen ari garela dirudi»

 

Eta kopuruarekin lotuta, Asteartitak indar handia galdu duela iruditzen zait. Zaldunitan, zenbait karroza eta konpartsatan ateratako 40 gaztetatik, erdiak ateratzen dira Asteartitan. Guk ez genuen hutsik egiten; ez ziguten uzten. Hori zen diziplina.

Askok parodia hitza entzundakoan, antzerkia egin behar dela uste dezakete, baina batzuetan, nahikoa da geldirik egonda edo ezer esan gabe, parodia bikain bat egitea.

Jauregi: Badira herriko kontuei edo nazioartekoei lotutako parodia umoretsuak, baina lehen baino gutxiago. Guk, gehienetan, dantza besterik ez genuen egiten; ez genuen parodiarik egiten. Gaur egun, ordea, gehienak horretara jotzen dute, eta bakarren bat parodia bat egiten ikusten dudanean, poz handia sentitzen dut.

2009an konpartsa moduan ateratzeari utzi zenioten. Zer dela eta?

Jauregi: Dagoeneko konpartsan parte hartzeari utzi nahi zioten taldeko kide batzuk.

Larrarte: Ziklo aldaketa bat izan zen. «Honaino iritsi gara», pentsatu genuen.

Jauregi: Azken urteetan geroz eta gutxiago ginen parte hartzera animatzen ginenak. Gure senitartekoek ere ez zuten gurekin parte hartzen; bakoitza bere familiarekin mozorrotzen zen. «Lau katuk zer egingo dugu artxiboan?», pentsatu genuen; nola bete behar genuen bertako tokia?

Larrarte: Beste era batera gozatu nahi genuen inauteriez.

Jauregi: Urtero dago herritarren bat galdetzen diguna ea berriro konpartsa osatuko dugun eta ea artxiboan jarriko garen. 2009az geroztik, gure artean ere pentsatu izan dugu urteren batean kide gehienak elkartu, mozorro bat prestatu eta berriro hara itzultzea. Urtero izaten dugu elkarrizketa berdina.

Ilusioa ez duzue galdu, behintzat.

Larrarte: Harrituta nago txupinazorako taldeko zenbait kidek erakutsitako prestutasunarekin. Konpartsaren lehen urteetan gurekin parte hartzen zutenak oso animatuta daude.

Eta Zaldunita egunerako?

 

Hirurek: Auskalo! Aurten ez, baina beste urteren batean, akaso, bai.

Konpartsarik gabe ere, oraindik inauterietan parte hartzen jarraitzen duzue.

Larrarte: Lauzpabost lagun ateratzen gara mozorrotuta, eta parodia txikiren bat edo beste egin izan dugu, baina gure artean. Dagoeneko egiten ez duguna dantza da.

Jauregi: Iaz abesten aritu ginen, eta ez dakit zer den hobea [Barreak].

Eta josten jarraitzen al duzue?

 

Hirurek: Ez.

Jauregi: Beno, jantziren bat edo beste egin izan dugu, oilaskoena, esaterako. Jostun bakarra genuen orduan taldean, baina bere jantzia ere guk egin genuen. Berak moztu zuen bat, eta moldea eman zigun. Gainerakoak, guk moztu eta josi genituen. Guztiak gaizki egin genituen; zulo bat ikusi eta berehala hasten ginen hor josten.

Beraz, jostun baten jantziak egiteraino heldu zarete.

Jauregi: Bai, eta gogoan dut bere aitak esan zuena. «Hau bai jantzi polita aurten egin duzuena; politena!».

Zer dira zuentzat inauteriak?

Larrarte: Inauteriek poza sortzen didate; zenbait momentutan, estresa ere bai. Baina, oro har, zirrara berezia sorrarazten dute.

Jauregi: Momentu asko daude oso politak, eta gogoangarriak.

 

Larrarte: Arazo bat dute. Goizean hasi eta hurrengo goizera arte, gelditu gabe egoteko aukera ematen dutela.

Arazoa esan nahiko duzu hurrengo egunean jarraitzeko, ezta?

Larrarte: Gu saiatu izan gara.

Jauregi: Askotan, zezen plazara siesta egitera joaten ginen. Parranda asko egiten genituen, ostegunean hasi eta asteazkenera arte.

Nola lortzen da horrelako talde handi batek horrenbeste urtez bizirautea?

Larrarte: Sesio eta eztabaida askorekin. Garrantzitsua zen bakoitzak pentsatzen zuena esatea, talde guztietan gertatzen den bezala. Gero, denak heltzen ginen adostasunera.

Jauregi: Jostunak josi egiten zuen, eta pitzatuago geundenoi asko gustatzen zitzaigun erokeriak egitea. Hori zen gure osagarri onena.

Zer mezu igorri nahiko zeniekete besteei eta jada hemen ez daudenei?

Larrarte: Asko pozten naizela halako taldea osatzeagatik.

2008ko argazkia. ATARIA

Jauregi: Ziur naiz dagoeneko gure artean ez daudenak oso gustura egongo liratekeela Ostegun Gizenean, gurekin, udaletxeko balkoian, txupinazoko momentuan. Haien omenez ere ospatuko ditugu aurtengo inauteriak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!