Tolosako inauteriak datorren astean izango badira ere, asteburu honetan egingo dituzte festa giroko lehen hitzorduak: larunbatean, haurren jaialdia eta kaldereroen kalejira; eta, igandean, pregoi kontzertua. Bada, jaien atarian, egitarauaren berri eman du Tolosako Udalak festetan lehenengoz parte hartuko duten eragileekin eta Nerabeen Foroko gazteekin.
Aurrez iragarri bezala, aurtengo jaietan Isabelita gunea izango da berrikuntza nagusia, non haurrei eta nerabeei zuzendutako eskaintza antolatu duten. Alondegi plazan karpa bat jarriko dute eta bertan egingo dituzte jarduerak; eta, kontrara, programatutako ezer ez dagoenean txarangek eta inauterizaleek erabili ahal izango dute. Gauetan, berriz, itxi egingo dute.
Aitzol Gartzia zinegotziak adierazi du «urtez urte» garatuz joango direla: «Orain arte arratsaldeko eskaintza nagusia zezen-plazakoa izan da, eta hori zabaltzeko apustua egin dugu; ordu tarte horretan aukera gehiago emateko eta gazteei inauteriak bizitzeko beste alternatiba bat eskaintzeko».
Gazteak abiapuntu
Udalak parte hartze prozesu bat egin du 14 eta 18 urte arteko gazteen inauterietako jai eredua aztertzeko, eta herriko hiru ikastetxeetako 652 ikaslek hartu dute parte.
Bada, horietako 40 gaztek osatu dute Nerabeen Foro eta talde horrek garatu ditu prozesuan gazteek botatako ideiak. Guztiak eskertu ditu Goiuri Ezeiza zinegotziak: «Sukaldaritza tailerra eta bazkaria, photocall-a, DJren bat… Ideia gehiago daude, eta aztertuko dugu horietako batzuk ea beste urteren batean kabida izan dezaketen. Dena dela, prozesuaren ondorioa da haien lekua behar dutela nerabeek jaietan, eta hori bermatu egin behar dugula».
Gainerakoan, berriz, egitarauak urteroko dinamika jarraituko du: inauterizaleekin batera, 25 txaranga, 17 karroza, lau danborrada, 55 konpartsa eta 5 aisialdi-talde ibiliko dira kalez kale. Txistulariak, erraldoien eta buruhandien konpartsa, akordeoi taldea eta musika bandak ere ez dira faltako. Hori gutxi ez, eta talde horien artean ere bada nobedade bat, hain zuzen, Jabetze Eskolako emakumeen txarangaren estreineko kalejira. Ostiral Mehe egunean izango da, 18:30ean.
Argazki eta sari
‘Ataria’-k ere bat egingo du Isabelita gunearekin eta Zaldunitan zein Astelenitan photocall-a jarriko du Alondegi plazan. Bertatik 16 urtetik beherako gaztetxoak pasa ahal izango dira euren mozorroa erakustera, eta ateratako argazki guztiak Ataria.eus webgunean egongo dira ikusgai egunean bertan.
Zaldunitan 11:00etatik 14:00etara eta Astelenitan 12:00etatik 14:00etara Isabelita gunean egongo dira ‘Ataria’-ko kideak argazkiak ateratzen. Banaka edo taldeka argazkia atera eta mozorro lehiaketan izena eman ahal izango dute gaztetxoek. Mozorro originalena eta politena sarituko du ‘Ataria’-k eta irabazlearen izena Asteartitan jakinaraziko du, Alondegi plazan bertan, 17:00etan. Saridunak 250 euroko erosketa bonua eramango du opari gisa, Tolosako Elkar dendan gastatzeko.
Elkarbizitzarako neurriak
Errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako jaiak aldarrikatu ditu Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Erokeriarik gabeko eromena nahi dugu. Zentzuz jokatzeko dei egiten diot inauteri hauek Tolosan pasako dituen orori, ez baitugu ahaztu behar jaietan ardurak ere baditugula. Iaz gertakari larriak ere izan ziren. Argi diot ondo pasa eta festaz gozatu besterik ez dugula egin nahi, beste inork hori oztopatu behar izan gabe».
Eta hari horri tiraka, lau neurri iragarri dituzte. Genero ikuspegiari dagokionez, puntu moreak hiru egunez egongo dira –Zaldunitaz eta Astelenitaz gain, aurten, baita Ostegun Gizenean ere–. Bi gune jarriko dituzte: 22:30 eta 01:30 artean, Trianguloa plazan; 01:30 eta 05:30 artean, Andragoran. Gainera, erasoen aurkako protokolo bat landu dute hiru tabernarekin; eta jai parekideen aldeko aldarria egiten duen ‘Joka Sano’ kanpainarekin batera aurkeztuko dute.
Beste bi neurrik garbiketarekin dute zerikusia, aurten ere indartuko baitituzte hondakin bilketak eta komunak; horien inguruko xehetasunak «aurki» emango dituzte. Horrez gain, kontzientziazio kanpaina bat ere landu du udalak: «Baliabide asko jarriko ditu beste behin udalak, baina ezinezkoa da txoko bakoitzera iritstea. Gutariko bakoitzarena ere bada ardura», gehitu du alkateak.
Alkoholaren kontsumo arduratsurako sentsibilizazio kanpaina ere egin du udalak nerabeekin, eta jai egunetan eskuhartzeak egingo dituzte kalez kale. Udaltzaingoak ere zerbitzua eta zaintza lana indartuko ditu egun guztietan: 24 orduko arreta zerbitzua emango du, eta larrialdiren baten kasuan, 943 67 58 58 telefonora deitu ahal izango da.