Isabelitaren magalera bilduko dira haur eta nerabeak

Jon Miranda Labaien 2025eko otsailaren 21a

Aurten, lehen aldiz, haur eta nerabeentzako Isabelita gunea zabalduko dute Alondegi plaza; programazio berezitua prestatu du udalak.

Aurten, estreinakoz haur eta nerabeentzako gune bat atonduko du udalak Tolosako Inauterietan. Gaztetxoek festetan duten parte hartzearen inguruko kezka ez da orain-oraingoa eta adin-tarte horretako herritarrentzat alternatiba bat eskaintzeko helburuarekin jarriko dute martxan Isabelita gunea Alondegi plazan. 

Aitzol Gartzia Tolosako Udaleko Festetako zinegotzia jakitun da inauterizaleen artean zenbait gazteren jarrerak ezinegona sortzen duela: «Jai ereduaren inguruko kezka hor dago. Zenbait gazte disko-plataformekin ateratzen dira, konpartsaren izenean, baina gero ez dute ekarpenik egiten, ez antzezpenik ez ezer. Musika ekipoak kalera atera eta alkohola kontsumitzera mugatzen dira. Azken urteetan fenomeno hori, batez ere, Nafarroa etorbidearen inguruan eman da, eta joera horri alternatiba bat planteatzeko sortu nahi dugu Isabelita gunea, gazteak beste gauza batzuetara engantxatu daitezen». 

Gazteen artean nagusitzen ari den festa ereduarekin arduratuta eta bestelako eskaintza egiteko, iaz, bizpahiru ikuskizun antolatu zituzten haur eta nerabeentzako —Oihan Vegaren disko festa, Eiderren kontzertua, pailazoak...— Alondegi plazan eta, aurten, ildo horretan sakontzekotan zeudela jaso zuen udal taldeak herritar talde baten proposamena: «Gure kezka bertsuekin zetozen eta inauterietan haur eta nerabeentzako gune bat sortzeko ideia bota ziguten. Begi onez ikusi genuen eta gure ideiarekin uztartzen denez, lanketari ekin genion herriko gazteak festaren parte aktibo bihurtzeko helburuarekin». 

Programazio partekatua

Honenbestez, Isabelita gunean haur eta gazteentzako programazioa, nagusiki, arratsaldeko lehen orduan indartzen egingo dute ahalegina. «Ordu hori giltzarria da. Jakina da zein arazo ditugun zezenekin. Berehala betetzen da plaza eta gaztetxo guztiak ez dira bertan kabitzen. Sartu gabe geratzen direnentzat edo zezen festa gustuko ez dutenentzat iruditzen zitzaigun zerbait eskaini beharra zegoela. Sinistuta gaude arratsaldetan, nahiz eta gustatu ez, gaztetxo asko beste ezer ez dagoelako joaten dela zezenetara. Igandean edo asteartean pasatzen da hori, batez ere. Zezenetara ez doanak, kalean egon edo barraketara joan beste erremediorik ez du».

Udalak gune berri bat atontzeko ideia begi onez ikusi du, baina gaztetxoekin beraiekin konpartitu nahi izan du jai egunetarako programazioa. Herriko hiru ikastetxeetako 14 eta 18 urte arteko 652 nerabeek foro batean parte hartzen dute eta bertan gai jakinen inguruko erabakiak hartzen dituzte. Aurten inauterien programazioaren inguruko galdeketa bat luzatu zitzaien eta haietako 40k taldetxo bat osatu eta proposamenak egin dituzte Isabelita gunerako. Tailerrak egongo dira —euskal inauterien ingurukoa, sukaldaritzari buruzkoa edota brilli-brilli postua deitu diotena—, ATARIAk mozorro onena saritzeko photocall-a jarriko du gunean eta ikuskizunak izango dira arratsaldero. «Zaldunita bezperan 13 eta 18 urte artekoentzat egingo den gazteen bazkaria izango da nobedadeetako bat», aipatu du Gartziak. 

Alondegi plazan antolatuko dute Isabelita gunea. Leku «aproposa» dela irizten dio Festetako zinegotziak: «Beste toki batzuk aztertu genituen, baina zailagoa egiten zitzaigun azpiegitura bertan antolatzea, beraz, Alondegi plazaren alde egin genuen». Karpa bat jarriko dute haur eta nerabeak babesean egon daitezen eta barruan oholtza bat kokatu ikuskizunak bertan egiteko. «Ezaguna da adinekoen egoitza dagoela aldamenean eta zainduko dugu elkarbizitza eremu horretan».

Gune berriak irauteko bokazioa izango duela esan dute udal taldeko kideek. «Gure helburua da inauteriak irisgarriak egitea adin guztietako jendearentzat eta horretarako badakigu espazio berriak zabaldu eta eskaintza berezituak egin behar ditugula. Guk aukera hori behintzat eskaini nahi diegu haur eta nerabeei, badakigula jai egiteko euren era dutela, propioa; gero ikusiko dugu zer-nolako erantzuna duen gure eskaintzak». Behin inauteriak igarota balorazio bat egingo du udalak eta jasotako emaitzek erakutsiko diete zer-nolako bidea hartuko duen Isabelita guneak. 

Inauterietako pertsonaietako batean oinarritutako erraldoiaren izena hartu du guneak. «Badakigu umeak zeinen gustukoak dituzten erraldoiak eta horien artean Isabelita. Umeek gustuko duten inauterizaletasun hori nerabe eta gazte garaian jarrai dezan da gure helburua», aipatu du Gartziak.

‘ATARIA’ MOZORRO ONENAREN BILA ISABELITA GUNEAN

ATARIA-k bat egingo du inauterietako Isabelita gunearekin eta Zaldunita eta Astelenita egunean photocall-a jarriko du Alondegi plazan. Bertatik 16 urtetik beherako gaztetxoak pasa ahal izango dira euren mozorroa erakutsiz. Ateratako argazki guztiak Ataria.eus webgunean egongo dira ikusgai egunean bertan.

Zaldunitan 11:00etatik 14:00etara eta Astelenitan 12:00etatik 14:00etara Isabelita gunean egongo dira ATARIA-ko kideak argazkiak ateratzen. Banaka edo taldeka argazkia atera eta mozorro lehiaketan izena eman ahalko dute gaztetxoek. Mozorro originalena eta politena sarituko du ATARIA-k eta irabazlearen izena Asteartitan jakinaraziko du, Alondegi plazan bertan, 17:00etan. Saridunak 250 euroko erosketa bonua eramango du opari gisa, Tolosako Elkar dendan gastatzeko.

Tolosaldeko haur eta nerabeek euren mozorroa erakutsi eta saria irabazteko aukera izango dute, beraz, Isabelita gunean, aurten, ATARIA-ren eskutik.

 

EGITARAUA

Otsailak 27, Ostegun Gizen

17:30. Yogurina Borovaren Amona Molona ikuskizuna haurrentzat.

19:00. Disko-festa haurrentzat Jon Urbietarekin.

 

Otsailak 28, Ostiral Mehea

16:30–19:30. Euskal inauterien inguruko tailerrak haurrentzat: Ziripot, Miel Otxin, Zaldiko... Ohiko mozorroak sortzeko aukera; joaldunen tailerra; zintzarria jotzeko jolasa eta mitologiarekin lotutako puzgarriak.

 

Martxoak 1, Zaldunita bezpera

11:00. Tolochef sukaldaritza tailerra, eta patata tortilla lehiaketa gazteentzat (14-17 urte)

14:00. Gazteen bazkaria, 13 eta 18 urte artekoentzat.

18:00. Ostarte taldearen erromeria.

 

Martxoak 2, Zaldunita

11:00–14:00. Brilli-brilli postua gaztetxoentzat.

11:00–14:00. ATARIAk antolatutako photocall-a eta mozorro lehiaketa.

 

Martxoak 3, Astelenita

12:00–14:00. ATARIAk antolatutako photocall-a eta mozorro lehiaketa.

20:00. Psycho Clown Zo-Zongo antzerki eta perkusio taldearen ikuskizun ibiltaria.

 

Martxoak 4, Asteartita

17:00. ATARIAk antolatutako mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.

17:30. Potx pailazoaren magia ikuskizuna haurrentzat.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!