Inauterietan balkoiak apaintzeko lehiaketa bueltan da. Tolosa Turismoak eta Tolosa&Co herriko merkatarien elkarteak sustatuta, bi hamarkada baino gehiagoko ohitura indartzeko xedea du egitasmoak, herriko kaleak kolorez betez.
Lehiaketan parte hartzeko, norbere edo bizilagunen hautagaitza aurkeztu beharko dute interesdunek. Gustuko duten edozein balkoi aurkeztu ahalko dute herritarrek lehiaketara. Parte hartzeko sistema berri honen helburua bikoitza dela azaldu dute udaletik: «batetik, interesdun guztien parte hartzea bermatzea, eta bestetik, lehiaketan parte hartzeko izena eman ez duten balkoi dotore eta koloretsuenek ere saria irabazi ahal izatea. Balkoiek Ostegun Gizen goizerako egon beharko dute apainduta.
Hautagaitzak aurkezteko honako formularioa bete beharko da eta otsailaren 26a bitarte izango da horretarako aukera: https://forms.gle/54H95CieZ2vkgJV26.
Moda eta espazioen dekorazioan adituek diren kideek osatuko dute epaimahaia. Bertako kideak Tolosako kaleetatik igaroko dira eta balkoi original, koloretsu eta erakargarriena aukeratuko dute. Irabazlea Ostegun Gizenean bertan emango da jakitera Tolosa Turismoa (@tolosaturismoa) eta Tolosa&Co-ren (@tolosandco) sare sozialen bitartez. 300 euroko saria Tolosa&Co-ko establezimenduetan erabili ahal izango du irabazleak.
Herritarrak oihalak eta apaingarriak Tolosako dendetan erostera animatu nahi dituzte antolatzaileek, komertzio txikia babestuz eta bertako saltzaileak ere ohitura honen parte hartzaile eginez. Gogoko zerbitzuaren bidez ere eros daiteke behar den oro, whatsapp bat bidaliz 688 750 783 zenbakira, eta nahi den lekuan jaso ahalko da egunean bertan.
Hamarkadatako tradizioa
Inauterietan balkoiak apaintzeko tradizioa duela bi hamarkada baino gehiago sortu zen Tolosan. Azkaratek Galtzaundiri eskaini zion bertsoetako batetik omen dator ohitura; bertan, jai egunetan etxeetako leiho eta balkoiak apaintzeko elementu gisa ohegainekoak jartzearen inguruan ari zen. Horrela hasi omen ziren Alde Zaharreko Letxuga kaleko merkatariak barandetan oihalak jartzen.
Harrezkero, ohitura haziz joan zen, eta tolosarrak balkoiak, terrazak eta begiratokiak oihal koloretsuz apaintzera animatu ziren, urtez urte tonalitate eta motiboak aldatuz. Azken urteotan, baina, parte-hartze txikiagoa nabaritu da, eta horrek bultzatu du Tolosako Udaleko turismo saila ekimena berreskuratzera.