Kabi Alai elkarteak du Ostegun Gizeneko txupinazoa nork botako duen aukeratzeko ardura eta aurten Artxiboko Neskak izeneko konpartsa hautatu du. Trianguloa plazan egin dute Kabi Alai Kuttuna aurkezteko ekitaldia eta herritar asko gerturatu dira txaranga doinuak lagunduta. Esan dute Artxiboko Neskak 80ko hamarkadan sortu zutela eta bi hamarkadaz egin zituztela parodiak Gipuzkoako Artxibo Orokorraren aurrean.
Emakumeak izan dira konpartsa honetako protagonista nagusiak «hori ohikoena ez zen garai batean eta horregatik, orduko estereotipo guztiak hautsi eta jai parekideagoak sortzeko bide emateagatik» hautatu dute konpartsa hori. Konpartsako kideetako batzuk gerturatu dira ekitaldira eta eskerrak eman dituzte, kultur etxeko balkoitik lehenik eta Trianguloan bertan jarritako oholtzan ondoren.
2009an konpartsa moduan ateratzeari utzi zioten, baina egun parte-hartzaileek kalerik kale jarraitzen dute inauteriez gozatzen. Hori dela eta, nabarmendu nahi izan dituzte urtez urte taldean parte hartu duten hainbat lagun, hala nola, Rosa Jauregi, Juli Zubelzu, Mariaje Larrarte, Mertxe Goenaga, Lierni Tolosa, Mamen Moneo, Maider Zubelzu, Kristina Agirre, Miriam, Maria, Eukene, Jabi, Pili, Loli, Bixen eta baita gure artean ez dauden Ana Tolosa eta Peio Urkizar ere.
Ostegun Gizenean, txupinazoaren aurretik jasoko dute Kabi Alai elkartearen eskutik Kuttuna saria, eta omenaldiaren ostean, inauterien hasiera iragartzeko suziria jaurtiko dute.
'Jantzi Tolosa' kartela
Bestalde, ekitaldi berean aurkeztu du udalak aurtengo inauteriak iragarriko dituen kartela. Goiuri Ezeiza Kultura zinegotziak esan du aurtengo lehiaketara 58 kartel aurkeztu direla, iaz baino zazpi gehiago. Janire Iraola Ulacia tolosarraren Jantzi Tolosa lana izan da irabazlea.
Irudiak inauterietan atondutako herriko balkoiak ditu ardatz, eta horien artean identifikatu daitezke, Idiakez Jauregiko, Trianguloa plazako, kultur etxeko, Korreo eta Zerkausi kaleetako edota udaletxeko leiho eta balkoiak, besteak beste. «Guzti-guztiak kolore biziz jantzita ageri dira, Tolosako inauterien alaitasunaren isla. Gainera, kartelak berak tolosarrei dei egiten die balkoiak apain ditzaten, Jantzi Tolosa leloarekin».
Horren harira, aurkezpenean gogorarazi dute, bigarren urtez, inauterietako balkoi lehiaketa antolatu duela Tolosako Udalak Tolosa&Co merkatarien elkartearekin elkarlanean. Datozen egunotan emango dituzte xehetasunak baina iragarri dute herriko edonork parte hartu ahal izango duela, eta 300 euroko saria izango dela irabazlearentzat, herriko komertzioetan gastatzeko. Era berean, herritarrak animatu dituzte inauterien bueltan erosi beharrekoak herriko komertzio txikian eros ditzaten.
Aurkezpen ekitaldiaren ostean Kabi Alai elkarteko txaranga ibili da kalez kale, eta bertaratu diren herritarrek kartel bana eraman ahal izan dute etxera. Saltoki eta tabernek, berriz, astelehenetik aurrera jasoko dituzte kartelak. Soberan baleude, herritarren esku jarriko dira kultur etxean datorren astetik aurrera.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!