Inauterietan zezen-plazara sartzeko sarreren inguruko argibideak eman ditu udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko ots. 7a, 18:06

Astelehenean zabalduko da zezen-plazara txarangekin sartzeko gonbidapenen zozketan izena emateko epea; zozketa bera otsailaren 17an egingo dute. Harmailetarako sarrerak, berriz, hilaren 18an jarriko dituzte salgai, 16:00etatik aurrera.

Inauterietan zezen-plazara sartzeko sarrerak otsailaren 18an jarriko dituzte salgai, 16:00etatik aurrera. Sarrera gehienak internet bidez salduko dira, Bibe.me atarian. Azken urteetan egin bezala, egun bakoitzeko sarrera batzuk zezen plazako leihatilan jarriko dira eskuragarri. Iazko balorazio eta inkestetan egindako eskariei erantzunez, sarrera kopuru handiagoa bideratuko da leihatilara –orain arte, eguneko sarreren % 5 bideratzen zen–. Leihatilaren ordutegia, baina, aldatu egingo da, eta eguerdira arte itxaron beharrean, 10:30ean zabalduko dute, sarrerak agortu arte.

Pertsona bakoitzak gehienez bost sarrera erosi ahal izango ditu egun bakoitzeko. Ostegun Gizen, Zaldunita, Astelenita eta Asteartita eguneko ekitaldien kasuan, harmailetako sarreren salneurria 3 eurokoa (+ komisioa) da; Ostiral Meherako, berriz, nahiz eta doakoak izan, sarrerak internet bidez eskuratu beharko dira, gainerako egunetan bezala. Palkoak, berriz, osorik erosi beharko dira (17 lagun), 65 euroko prezioan (+ komisioa). Erosleei, argibideak bidaliko zaizkie, palkoetako sarrera horiek non, noiz eta nola jaso ditzaketen jakiteko, eta erosketa egiterakoan jasoko duten agiria aurkeztu beharko dute sarrerak jasotzeko.

Aurten, Tolosa&Co merkatarien elkartearekin elkarlanean, egun bakoitzeko ikuskizunetarako palkoetako baten sarrerak zozketa bidez esleituko dituzte, herriko saltokietan erosten dutenen artean. Otsailaren 10etik 16ra bitarte elkarteko bazkide diren saltokietan 15 eurotik gorako erosketa bat egiten duten guztiek txartel bana jasoko dute. Zozketa hilaren 17an egingo da: lau zenbaki aterako dira, eta zenbaki bakoitzak lau sarrera jasoko ditu palkorako. Udalaren eta Tolosa&Co-ren sareetan emango dira ezagutzera saridunak.

Sarreren salmenta

Sarreren salmenta plataforma gehienek funtzionatzen duten bezala, itxaron gela birtuala izango da. Erabiltzaileak webgunera iritsi diren ordenaren arabera antolatuko ditu, eta sarbidea emango diete txanda egokitutakoan. Ordua baino lehen sartzen denari, berriz, atzera-kontu bat agertuko zaio, baina horrek ez du esan nahi itxarongela birtualean dagoenik; 16:00etan sartu beharko du. Behin erosketa burututa, eta ordainketa ondo egin dela konprobatuta, posta elektronikoan jasoko dira sarrerak.

Txarangekin sartzeko gonbidapenak

Iaz bezala, txarangen atzetik saltoka sartu eta plazari buelta eman ahal izateko gonbidapen sistema izango da. Egun bakoitzeko 300 banatuko dira eta zozketa bidez esleituko dituzte.

Izen-ematea astelehenean zabalduko da, 12:00etan, udalaren webgunean, eta otsailaren 14ko 12:00ak arte egongo da zabalik. Egun bakoitzeko eman ahal izango da izena. Kuadrilla, familia eta konpartsen presentzia bermatu nahian, izen-emate bakoitzeko 10 gonbidapen eskatu ahal izango dira. Adinez nagusi izan beharko da zozketan izena emateko; adin txikikorik balego, adinez nagusi den norbaitekin sartu beharko dute zezen plazara.

Otsailaren 17an, sarreren salmenta aktibatu baino egun bat lehenago, egingo da zozketa. Emaitza zehaztutako posta elektronikoaren bidez jakinaraziko da. Gonbidapena egokitzen zaien herritarrei, jasotzera joandakoan emango zaizkie sarbiderako jarraibideak.

Gonbidapen mota hau duten herritarrek, txarangekin batera sartu ahal izango dute plazara, baina ondoren, atera egin beharko dute; ezingo dute barruan geratu. Hori errespetatzea eskatzen du udalak, ikuskizuna bertan behera uzteko arriskurik egon ez dadin. Gonbidapenik gabe, ezingo da txarangarekin sartu.

Txarangen atzetik sartzeko gonbidapena egokitu edo erositako sarrera eskuratu, baina gero aprobetxatuko ez denik balego, beste edonori uzteko dei egiten du udalak, ahalik eta herritar gehienek izan dezaten aukera hori.

Zezenetan parte hartzeko ate-irekiera

Plazako hondargunean zezenen aurrean egon nahi dutenek ordutegi zehatza izango dute sarbiderako: gehienez, eta aforoaren neurriak kontuan hartuta, 300 pertsona. Ostegun Gizenean, Ostiral Mehean eta Asteartitan, 15:30etik 16:00etara zabalduko dira ateak, Zalditegiaren aldetik. Zaldunitan eta Astelenitan, berriz, 15:00etatik 15:30era, jende gehiago izaten baita egun horietan. Banan-banan egingo da sarrera eta behin kopurua gaindituta, ez zaio beste inori sartzen utziko. Neurri honen helburua da txarangak iristen direnerako pilaketak ekiditea, edo behinik behin, murriztea, ordutik aurrera soilik musikariek edota txarangekin sartzeko gonbidapena dutenek soilik sartu ahal izango dutelako. Muga gaindituta, ez da aterik zabalduko.

16 urtetik gorakoek bakarrik izango dute hondargunera sartzeko aukera, hala jasotzen baitu Joko eta Ikuskizunen Legeak. Ateak irekitakoan, Udaltzaingoak NANak egiaztatuko ditu, hortaz, agiriak eskura izatea eskatzen zaie bertaratzen direnei. Alkoholaren edo bestelako sustantzien eraginpean daudenei, berriz, ez diete sarbiderako baimenik emango.

Segurtasun perimetroa, zezen plazaren kanpoaldean

Udaltzaingoak berriro ere zezen-plaza kanpoaldeko segurtasun perimetroa indartuko du Inauterietan, kanpoaldean sortzen diren pilaketak ekiditeko. Oria kaleak eta Gudari kaleak bat egiten duten puntuan itxiko da sarbidea, eta soilik txarangek, gonbidapena dutenek edo harmailaren zati horietan sarrera dutenek pasa ahal izango dute. Zalditegiaren eremua ere itxi egingo dute, eta hondargunera sartu nahi dutenek bertatik sartu beharko dute.

Neurrien arrazoiak

Gaur egun, Joko eta Ikuskizunetarako aforoaren inguruko araudi eta legeak zurrunagoak direla eta horiek betetzera behartuta dagoela adierazi du udalak. «Ezin da nahi adina jende sartu, ez zezen-plazan, ez eta bestelako azpiegituretan ere (Leidor, Beotibar…). Zezen-plazako harmailen kasuan, 2.973 dira».

«Inauterien kasuan, egunero Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunetako ikuskari bat egoten da zezen-plazan, eta aforoa betetzen ez dela ondorioztatuz gero, ekitaldia bertan behera uztea erabaki lezake. Txarangen atzetik saltoka sarbide librea utziz gero, gertatu izan da batzuk harmailetara salto egitea, eta jada legeak jarritako irizpideak ez lirateke beteko, eta bertan behera uzteko arriskua egon liteke. Gonbidapen sistema, herriko ohiturak ahal bezain beste mantendu ahal izateko sortu zen, oreka topatu nahian», adierazi dute udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!