Tolosako Udalak Hiribusa kudeatzen duen enpresari zehapen-espedientea irekitzea onartu zuen urteko lehen osoko bilkuran. Hori izan zen puntu garrantzitsuena. Hala ere, bestelako gai batzuk ere jorratu zituzten, tartean, 2023-2025 Diru Laguntzen Plan Estrategikoan lau aldaketa txertatzea, alderdi guztiek aho batez onartutakoa.
Zehazki, honakoak dira egindako aldaketa horiek: Inmakulada Ikastolaren Dementzia Bizitzen proiektu pilotua aurrera eramateko 6.000 euroko laguntza; Olarraingo Auzo Elkartea gainerako landa auzoen baldintza berberetara parekatzeko 9.000 euroko laguntza, festetarako eta jardueretarako; Paper Eskolan dagoen LabPaper laborategian egin beharreko inbertsioak laguntzeko 5.000 euroko laguntza; eta eliteko kirolariei ostatu eta garraio gastuetan laguntzeko 3.000 euroko diru laguntza lerro berriaren sorrera lehia bidezkoa izango da.
Azken diru partida hori lehia bidezkoa izango da. Andu Martinez de Rituerto alkateak laguntza berri horren sorreraren garrantzia azpimarratu zuen: «Ez da ohikoa eliteko kirolari baten gastuak ordainduak ez izatea, baina azken aldian gertatu zaigu oso maila altuan ari diren kirolariak beraien federazioaren babesik gabe geratzea. Salbuespenezko egoera horietan, herriaren laguntza merezi dute, nahiz eta oso garbi dugun gure laguntza handiena oinarrizko kirolariei bideratuta daudela, beharrezko baloreak sustatzeko».
Udaltzaingoan hutsik dauden hiru lanpostu hornitzeko eta Tokiko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agenteen seigarren deialdi bateratuan sartzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Tolosako Udalaren arteko kudeaketa gomendioa ere onartu du udalbatzak, aho batez. «Hautaketa prozesua abiatu nahi dugu, baina, beste kasu batzuetan egin izan den bezala, baliabide tekniko eta azpiegitura hobeak ditu akademiak, eta lankidetzan egingo dugu», azaldu zuen alkateak.
San Kosme eta San Damian
Azkenik, 6.1. San Kosme eta San Damian azpi-esparruko birpartzelazio-proiektua ofizioz berrikusteko eskaera onartu da, gehiengoz udal gobernuaren aldeko eta oposizioko alderdien aurkako botoekin, eremu horretan bizi den familia batek egindako eskaera aintzat hartuta. Hirigintza-prozedura guztietan, urbanizazio berriaren proiektua lantzen ari den Bista Alai SA enpresak jabe bakar gisa jardun du, eta jendaurreko informazio-aldietan ez zen inolako alegaziorik izan. 2021ean behin betikoz onartu zuen birpartzelazio-proiektua Tokiko Gobernu Batzordeak. Udalak, ordea, ez zekien jatorrizko laugarren partzelaren zati baten titulartasuna auzigai zela, eta bi aldeen arteko gatazka pribatu bat dago tartean.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedurak zehazten dituen 39/2015 Legearen 106.3 artikuluaren arabera, ez dago nahikoa arrazoi, bizilagunek egindako eskaera ez onartzeko. Hortaz, ofizioz berrikusteko prozedura abiatuko da. Udal teknikariaren txostena eginda, espedientea Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari igorriko zaio, dagokion legezko txostena egin dezan.
Xarles Iturbe EAJko zinegotziak adierazi zuen kontraste juridikoak egin eta zenbait aditu kontsultatu ondoren, udalaren ondorio berdinera iritsi zirela. «Argi dago pribatuen arteko gatazka bat dela eta, beraz, epaitegiak direla gaia argitzeko lekua. Adituek birpartzelazio-proiektuaren ofiziozko berrikusketa ez abiatzeko gomendatzen diote udalari, ez delako egokia. Pribatuek badute epaitegietan haien erreklamazioak defendatzeko aukera».
Olentzeroren basoa
Galderen eta eskaeren txandan, Patxi Amantegi EAJko zinegotziak adierazi zuen, Gabonak gogora ekarriz, faltan sumatu duten ekintza bakarra Olentzeroren basoa izan zela. «Beti jaso izan du balorazio oso ona, eta ez dugu topatu ez egitearen arrazoirik. Zergatik?», galdetu zuen.
Aitor Agirresarobe Merkataritza, Turismoa eta Azoken zinegotziak argitu zion orain arte elkarte pribatu batek egindako ekintza izan dela, eta udalak diruz laguntzen zuela. «Beraiek azaldu ziguten ez zutela gaitasunik ekintza aurrera eramateko, eta guk esan genien aztertuko genuela ea udalak bere gain hartu zezakeen, baina azkenean argi ikusi genuen ezinezkoa zela. Horregatik, aurten ez da burutu», erantzun zuen Agirresarobek.