Tolosako Hiribusaren zerbitzua kudeatzen duen enpresari zehapenak aplikatzeko espedienteari hasiera ematea onartu du udalbatzak urteko lehen osoko bilkuran, aho batez. Cuadra Bus enpresak kudeatzen du zerbitzu hori 2021. urtetik, eta 2026ra arte du esleituta zerbitzuaren kudeaketa. Udalak esan du erabiltzaileen kexak tarteko, ordea, azken hilabeteotan kontratuaren jarraipen zorrotza egin diotela eta Ingurumen, Mugikortasun eta Trantsizio Energetiko Azpisaileko teknikariak txosten tekniko bat egin zuela egoera aztertzeko.
Horiek horrela, zehazpen-espedientea irekitzea onartu du udalbatzak zerbitzu kontratuan jasotako baldintzak ez betetzeagatik; «hain zuzen, Tolosako Udalaren jabetzakoa den ibilgailu bat eta modu esklusiboan Tolosako zerbitzura atxikita dagoen beste bat, beste udalerri batzuetako zerbitzuentzako eskuragarri jartzeagatik. Kontratuaren balioaren %2ko zehapena aplikatzea dagokio, 30.058,43 euro. Gainerako gaien jarraipena egiten jarraituko du udalak».
Udalak gehitu du kezka areagotu duten gertakari gehiagoren berri ere izan duela: «mobilizazioak egin dituzte langileek, kaleratze baten eta lan-baldintzen ondorioz. Eta Udaltzaingoak eta hiribuseko erabiltzaileek, zerbitzuan aurreikusi eta informatu gabeko etenak gertatu direla helarazi izan dute». Jarraipen horren barruan, enpresa esleipendunari azken sei hilabeteetako dokumentazioa eskatu zitzaiola argitu du udalak: langileen zerrendak, langileen nominak eta kotizazioak, gidarien lan orduen erregistroak, zerbitzuan izandako gorabeherak, pleguetan jasotako hobekuntzak betetzen direnaren justifikazioa, euskara betekizunak, mantenuaren kudeaketaren azalpenak, erreserbako autobusen ezaugarriak, urteko kontu eta bidaiarien berri ematea, autobus elektrikoaren hasierako fitxa tekniko eta azterketa teknikoen agiriak, zerbitzura atxikita dauden ibilgailuen erabileraren zehaztapenak, eta hilabeteroko txostenak».
Horiek ikusita udalak ondorioztatu ahal izan du ez dituztela modu egokian betetzen ibilgailuen erabileraren inguruan zerbitzu-kontratuan ezarritako baldintzak eta, hori ikusita, zehapena aplikatzea adostu dute.