Abenduan 27 urte egin zituen autogestioan oinarritzen den Bonberenea proiektuak. Urte berriarekin batera, ohar baten bidez, «etengabe kuestionatuta egoteaz nekatuta» daudela adierazi dute bertako kideek. «Haserre irakurri behar izan dugu San Esteban auzoaren etorkizunari buruzko hirigintza planaren berrikuspena, zenbaitek gure etxea kolokan jartzen jarraitzen dutelako. Tolosako Udalari zuzenean adierazi nahi genioke horrenbeste esfortzurekin eraikitako etxe hau dela Bonberenea. Ez dugula beste Bonberenearik irudikatzen. Utz diezaiotela gure etorkizunari buruz, gu kontuan hartu gabe, espekulatzeari. Hau ez da jolas bat. Oso serio hartzen dugu gure jarduna, eta proiektu hau herri honen eta gure kulturaren etorkizunerako ezinbestekoa dela aldarrikatu nahi dugu».
Udaleko alderdi politikoei «mesedez eta behingoz, Bonberenea etxearen jarraipena bermatuko duen erabaki irmo bat hartzea» eskatu diete. «Tamalez, herriko arduradunak ez dira Bonbereneak Tolosari egiten dion ekarpenaren neurria ulertzeko gai izan, eta ez dute jakin balioa ematen kanpotik datorren edonork adierazi izan digun miresmen eta inbidia sanoari».
San Esteban auzoko eraikina «Tolosaren ondare» dela eta udalak hala ulertu beharko lukeela adierazi dute. «Ondare alternatiboa da, erakundeen kontrolpean ez dagoena, eta hala segi dezan, lanean jarraituko dugu. Horrek, ordea, ez du esan nahi gizartetik at bizi nahi dugunik; beste kultur ekipamenduen modura, arau berrietara egokitua izan beharko luke, etorkizuneko auzoko baldintzetara ahalik eta hoberen egokitzeko gai izan dadin».
Bonbereneako kideek argi utzi nahi dute «gure etxea defendatzen» jarraituko dutela. «Mende laurdena baino gehiago daramagu kultura indartzen eta eskuragarri egiten. Hori da gure jardunari zilegitasuna ematen dion oinarria. Horregatik, urteetako esperientziaren zakua bizkarrean hartuta, gure ustez, Bonbereneak inoiz baino zilegitasun handiagoa du eta inoiz baino beharrezkoagoa da».
Aurreratu dute lanean jarraituko dutela, «etxea, ingurua eta auzoa zainduz, kultura eraikitzen», eta etxeko ateak «zabalik» egongo direla, «gure jardunean parte hartzera animatzen den ororentzat. Gaur egun, Tolosako kultur eragile garrantzitsuenetakoa den Bonbereneak ez du modu ofizialean bere etorkizuna bermatuta, eta erakundeei eskatzen diegu bermatu dezatela etxe hau inork ez duela ukituko, eta bere etorkizuna ez dela udalaren erabakien esku egongo».
Eraldatzen jakin duen etxea
Batetik, Bonbereneako kideek, eraikinak duen garrantzia azpimarratu dute. «Konturatzerako 27 urte bete ditugu gure egin dugun gune honetan». Nabarmendu dute etxeak «betiko dinamikarekin» jarraitzen duela, eta «erraza ez den arren, egunero lehen eguneko sugarrari eta aurrera egiteko gogoari eusten saiatzen» direla, «erosotasunean erori gabe». Proiektua sortu zutenean, «inguruan sumatzen zuten kultur dinamika gabezia edo hutsunea betetzea» izan zen helburu nagusia. «Kultur jarduera bermatzeko eragile izan nahi genuen, eta asmo bera mantentzen dugu gaur egun ere».
Bide horretan, etxeak berak «etengabe bilakatzen eta berrasmatzen aritzea» eskatu dietela adierazi dute. «Etxeko kideen laguntzaz, aldaketetara egokitzen jakin dugu. Lanean diharduen belaunaldi berria ere ari da bere lekua egiten. Horren seinale, martxa ona daraman serigrafia tailerra». Etxeko kideez gain, modu batera edo bestera, bertatik igaro direnak ere eskertu dituzte. «Beraiek gabe, hau ez zen orain dena izango».
Bonberenean gertatzen den aldaketa orok «zerbait berria» suposatzen duela gogorarazi nahi izan dute. «Gauzak ez dira bakarrik mantentzen eta gure etxe zaharrak ere behar du bertako kideen zaintza». Azkenaldian, zenbait berrikuntza lan egin dituzte, «kulturari kolorea emateko». Etxeko martxari eustea ere «ikasketa prozesu bat» dela aitortu dute: «Beti dago zerbait ikasteko aukera. Gure baliabideekin egin izan dugu aurrera, eta ikasitakoa belaunaldi berriei transmititzea ezinbestekoa da».
Etengabeko bilakaeraren adibide bat tabernako garagardo eskaintza dela esan dute. Urte askotan ohiko garagardoekin lan egin ondoren, azken urteetan, etxeko bi garagardo dastatu ahal izan dituzte bertaratu direnek: Bonbier Olki American Pale Ale eta Bonbier Liztor Pilsen, etxeko bi zaindariak ziren txakurren omenez. Orain, garagardo berri bat egin dute, txakurren lekukoa hartu duen oilategiko oilarraren omenez: Bonbier Gandor stout.
Musikarien etxea
Bestalde, eta bertako kideen ustez, «Bonberenea ezin da ulertu musikarik gabe». Etxeko oholtzak «sutan» jarraitzen duela, eta hori horrela izan dadin, «urtero maitasun handiz» lan egiten dutela nabarmendu dute. «Talde ugari pasa dira. Kontuak egiten hasi, eta 1.672 kontzertu zenbatu ditugu, ezagunak batzuk, besteak ez hainbeste, talde berriak, urte asko daramaten artistak, bertakoak zein kanpotarrak». Iaz, 50 kontzertu baino gehiago egin zirela adierazi dute. «Askotariko estiloak biltzen ditu gure programazioak eta hori ere mimoz zaintzen dugu».
Talde askok aurrez ezagutzen dute Bonberenea, baina badira etxea lehen aldiz zapaltzen dutenak ere. «Hauek beti azaltzen digute harridura eta miresmena, munduan ez baita horrelako proiektu asko. Gauzak gero eta hotzagoak eta inpertsonalagoak diren garai zail hauetan, bere musika eskaintzera datozenak harrera ona jasotzen dute beti. Hau beraien etxea ere bada».
Zuzeneko saioak eskaintzeaz gain, talde askok grabazioak egiteko aukera dute Bonberenean. Zentzu horretan, etxeko estudioa «ezinbesteko gune» bilakatu dela nabarmendu dute. «Aurten, 12 disko grabatu dira bertan; horietatik lau, Bonberenea Ekintzak zigiluarekin». 22 urteko ibilbidea darama zigiluak, eta Bonberenean grabatu dituzten 311 diskotatik, 121 lan argitaratu dituzte zigiluarekin. «Baliabiderik ez zuten taldeei laguntzeko plataforma modura ekin zion estudioak, eta egun, sona handiko talde ugariren oinarriak finkatzen lagundu du».
Beste bi proiektu ere badira musikari lotuak. Batetik, Bonberenea txaranga. 21 urtetan, 6 disko eta zuzeneko DVD bat grabatu ditu, eta 220 emanaldi baino gehiago egin ditu Euskal Herrian zehar, artista ugarirekin elkarlanean. «Askotariko kideak igaro dira bertatik, baina beti, zaharrenek trebatu dituzte gazteenak. Filosofia horrekin jarraituz, txaranga autogestionatu bat lantzen jarraituko dugu», azpimarratu dute. Beste proiektua Bonberenea Irratia da. «Etxeko estudioan ekoitzitako musikaren bozgorailu izaten jarraitzen du».