Tolosako Udalak San Esteban auzoa berritzeko urratsak ematen jarraitzen du. Etorkizuneko auzoaren ezaugarri nagusiak Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) jaso behar direla eta aldaketa hori egiteko prozesua abiatu duela esan du. Orain arte HAPOko eremu horren aldaketa puntualaren diagnostikoa eta aurrerakina lantzen aritu da lantalde teknikoa. 2019an jarri zen martxan lanketa eta, besteak beste, egindako plan eta azterketen informazioa eta bizilagunen ekarpenak bildu dituzte. Bada, egin beharrekoak amaituta, jendaurrean jarriko da landutako guztia.
Zer aurreikusten da San Estebanerako?
Aurrerakinaren dokumentuak antolamenduaren irizpide eta helburu orokorrak jasotzen ditu. Etxebizitza kopurua da ezaugarri nagusienetako bat. Bada, 2009. urtean onartutako HAPOak 1.011 etxebizitza eraikitzea aurreikusten bazuen ere, egungo udal gobernuak kopuru hori 450 etxebizitza ingurura jaistea erabaki zuen, herri mailako irizpideak eta bizilagunek parte hartze prozesuan helarazitako zalantza eta eskaerak ahal bezain bateragarri izan zitezen.
Etxebizitza kopuruaz gain, prozesu honetan beste bederatzi irizpide zehaztu dituztela gehitu du udalak: ingurumen harresi berdea sortzea, Elosegi parkeko sarbideak egokitzea, auzoak dituen gaur egungo etxebizitzak eta Ferialekua mantentzea, plaza bat sortzea, aparkaleku berrien sorrera, trenaren azpiko pasabidea handitzea, berdegune berriak eta daudenak batzea, eta erabilera publikoko ekipamenduak sortzea.
Bi ordenazio aukera, Bonberenearen arabera
Hori guztia kontuan hartuta, lantalde teknikoak bi ordenazio aukera garatu ditu. Udalak argitu du, aurrez aukera gehiago landu diren arren, bizilagunekin egindako parte hartze prozesuaren ostean, bi direla aurrera egin dutenak.
Bonberenearen etorkizunak baldintzatuko ditu bi ordenazioa aukerak. Proposamenetako batean, egungo tokian mantendu da; beste aukeran, aldiz, lekuz aldatzea proposatzen da. Horrez gain, aukera bakoitzak bi bariazio jasotzen ditu: etxebizitza-eraikin berrien altuera homogeneoa –hau da, altuera berekoa–, ala aldakorra izatea –erdian eraikin altuagoak eta gaur egungo etxeetara gerturatu ahala baxuagoak–.
Xehetasun guztiak azaltzeko bi saio ireki
Bi aukera horien inguruko xehetasun guztiak gizarteratu eta herritarrei azaltzeko erakusketa bat antolatu du udalak. 12 panelen bidez, azken urteotako prozesua laburtu eta etorkizuneko San Esteban auzoaren ezaugarri nagusiak azalduko dira erakusketan. Bi lekutan jarriko dute: urriaren 24tik 30era, San Esteban auzoan bertan, auzo elkartearen alboan, Ferialekuaren kanpoan, eta astebete geroago, urriaren 30etik aurrera, berriz, Zerkausian.
Hala eta guztiz ere, informazio guztia modu sakonagoan azaltzeko, lantalde teknikoko kideek bi saio eskainiko dituzte, interesa duen orori zuzenduta. Lehen saioa urriaren 24an izango da, San Estebanen; hilaren 30ean, berriz, Zerkausian. Biak ala biak, 18:30ean hasiko dira. Lehen saioa elebitan izango da, euskaraz eta gazteleraz; aldiz, Zerkausiko saioa euskaraz izango da, eta aldibereko itzulpena eskainiko da gaztelerara.
Zein izango dira hurrengo urratsak?
Bi saioetan parte hartzen duten guztiei galdetegi bat erantzuteko aukera emango zaie, iritzia eman dezaten. Ekarpenen bat egin nahi duen orok ere izango du aukera: horretarako liburu zuria eskura jarriko UDATEn, urriaren 24tik aurrera.
Ondoren, bide ezberdinetatik jasotako iradokizunak txosten batean jaso, eta HAPOren Aldaketa Puntuala idazteko oinarri izango diren irizpide eta helburuak osatzeko eta egokitzeko erabiliko dira. Irizpide eta helburu horiek aurkeztuko dira herritarren parte hartze prozesuaren hirugarren fasean eta ondoren udalbatzak onartu beharko ditu.