Otsailaren 27a. Inauterizaleek begiz jota duten eguna da, aurten Ostegun Gizena egokitu den eguna baita, eta lau aste baino ez dira falta iristeko. Egun horretan txupinazorekin batera hasiko dira inauteriak Tolosan, eta Asteartita bitarte koloreak, musikak, algarak eta mozorroek bat egingo dute herrian.
Urtero moduan, Atariak jarraipen berezia egingo die inauteriei. Girotzen joateko argitalpen bereziak izango dira aurreko egunetan, otsailaren 21eko aldizkaria, kasu. Jaietako egunetan, berriz, egunero jasoko dute egunkaria harpidedunek inauteriek ematen dutena jasoz. Ataria.eus webgunean, ere etengabea izango da jarioa, argazkiak, bideoak eta bestelakoekin. Gainera, inauterien hasiera behar bezala bizitzeko, zuzeneko saio bereziaz gozatu ahalko da webgunean.
Herritarrek ere euren txokoa
Inauterietako Mozorro Lehiaketa ohiko bilakatu da Ataria-n, eta aurtengo inauterietan ere ez du hutsik egingo. Inauterizaleek bertan parte hartuz euren mozorroak eta ideiak erakusteko aukera izango dute, eta gainera sari potoloak irabazteko aukera izango da.
Argazkiak webgunearen bitartez erakutsiko dira, urtero moduan. Baina, aurten, erakusleiho berezi bat ere izango dute. Izan ere, Tolosako 3 tabernan ikusgai jarriko dira Mozorro Lehiaketan parte hartzen duten argazkiak.
Argazkiekin ez ezik, inauterizaleek inauteriz duten jakintzarekin ere parte hartu ahalko dute. Aurreko urteko harrera ona ikusita aurten ere inauterietako Tribial jokoa izango da, eta parte hartzen dutenek ere saria jasotzeko aukera izango dute.
Lanketa berezia egingo du, beraz, Ataria-k datozen asteetan, eta ohi bezala, deia luzatzen die eskualdeko herritarrei. Harpidedunen babesarekin soilik baita posible lanketak ematen duen fruitua etxe guztietara ailegatzea.