Tolosako Udalak 12 trafiko laguntzaile kontratatuko ditu inauterietarako

Ataria 2025eko urtarrilaren 23a

Argazkia: Tolosako Udala.

Udaltzaingoaren laguntzaile jardungo dute Zaldunita, Astelenita eta Asteartita egunetan, martxoaren 2tik 4ra. Astelehenean zabalduko dute eskaerak aurkezteko epea.

Azken urteetan egin izan den moduan, Tolosako Udalak 12 trafiko laguntzaile kontratatuko ditu inauterietarako, zehazki Zaldunita, Astelenita eta Asteartita egunetarako –martxoak 2, 3 eta 4–. Udaltzaingoaren laguntzaile jardungo dute, eta herriko zirkulazioa kontrolatu eta antolatuta mantentzen laguntzea izango da betebehar nagusia.

Laguntzaile aritzeko hainbat baldintza bete behar dira: 16 urte beteta edukitzea eta eskolan graduatua izatea, lehen mailako lanbide heziketa edo baliokideren bat edukitzea eta euskara jakitea.

Astelehenean egongo dira eskuragarri oinarri guztiak eta hautaketa prozesuan parte hartzeko eskaera orria, lan eskaintzen orrialdean. Egun horretan zabalduko dute eskaerak aurkezteko epea, eta interesdunek otsailaren 5eko 13:00ak bitarte izango dute aukera. Presentzialki Udaten egin ahal izango da; aldiz, telematikoki egin nahi izanez gero, tramiteen ataleko erregistro orokorraren bidez aurkeztu beharko da eskaera orria beteta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!