Mozorro lehiaketarik ez Haur Jaialdian

Ataria 2025eko urtarrilaren 16a

2023ko Haur Jaialdiko irudi bat.

Otsailaren 22an izango da Haur Jaialdia Leidorren, 12:30ean hasita; pailazoz mozorrotuta bertaratzea eskatu dute. Haur Danborrada martxoaren 1ean izango da, Zaldunita bezperan, eta ekitaldi horretarako kosakoen lehen entsegua larunbat honetan izango da.

Tolosako inauterietan herriko haurren parte hartzea sustatu asmoz, urtero bezala, bi ekitaldiren prestaketa lanetan murgilduta dago Aiz-Orratz elkartea. Urtero bezala, inauteriak heldu baino lehen, Haur Jaialdia antolatzen dute. Aurten, otsailaren 22an izango da, Leidor aretoan, 12:30ean. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek dinamizatuko dute eguna eta txikienentzako ikuskizuna eskainiko dute.

Aurten, baina, ez da mozorro lehiaketarik egongo; beraz, ekitaldian zehar, opariak zozketatuko dituzte pailazoz mozorrotuta bertaratzen diren haur guztien artean. Ekitaldi horretan, giro koloretsuan parte hartzeko gonbita luzatu die elkarteak herriko familiei.

Haur Danborrada

Haur Jaialdiaz gain, Haur Danborrada ere antolatzen du Tolosako elkarteak. Urtero moduan, Zaldunita bezperan izango da; aurten, martxoaren 1ean. Ekitaldia 17:00etan hasiko da, Geltoki kaletik.

Haur gehienek danborra jotzeko hautua egiten badute ere, badira kosakoz mozorrotu eta danborradako doinuekin zenbait koreografia dantzatzen dituztenak. Horiek, baina, entseguak egiten dituzte aurrez musika eskolan, eta larunbat honetan, urtarrilak 18, izango da lehena, 15:30ean. Urtarrilaren 25ean eta otsailaren 1ean, 8an eta 15ean ere leku eta ordu berean elkartuko dira, entseatzeko. Entsegu orokorra, berriz, otsailaren 23an izango da, 11:00etan, Trianguloa plazan.

Haur Danborrada Aiz-Orratz elkarteak antolatzen badu ere, herriko beste zenbait elkarteren ordezkaritza batek ere parte hartzen du. Horretarako interesa dutenek, kantinera izan nahi duten haurren agiri tamainako argazki bat aurkeztu beharko dute urtarrilak 19a baino lehen, bere izen-abizenak eta elkartearen izena adierazita. «Haur guztiak beren elkartea ordezkatzera animatzen ditugu, bai elkartearen blusa edo jantzi adierazgarriarekin, bai kantinera jantziarekin», adierazi dute Aiz-Orratzetik.

Elkartetik, herritar guztiak animatu nahi dituzte inauterietako ekintza hauetan parte hartzera. «Haur Danborrada eta Haur Jaialdia aukera paregabea dira Tolosako Innauteriak txikitatik bizitzeko». Informazio gehiago nahi duenak bi bide ditu elkartearekin harremanetan jartzeko: 600 51 48 47 (Iker) telefono zenbakia edo haurjaialdia@gmail.com helbide elektronikoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!