Inauteriak 2025

Inauterietarako Ferialekua erabiltzeko eskaera egin daiteke

Ataria 2025ko urt. 8a, 17:22

Ferialekua erabiltzeko eskaerak urtarrilaren 15a baino lehen egin beharko dira eta kale salmentako postuen izen ematea hilaren 27a bitarte egongo da zabalik.

Tolosako Udalak inauterietarako plataforma txikiak egiteko Ferialekua erabiltzeko eskaera epea zabaldu du, baita kale salmentako postuak jartzeko eskaerarena ere.

Plataformen kasuan, urtarrilaren 15era arte izango da izena emateko aukera, eta telematikoki, udaleko webgunearen bitartez eta aurrez-aurre egin ahalko da. Azken kasu honetan, Udaten (astelehenetik ostiralera 07:15-14:15 bitartean eta ostegunetan, 07:15-19:00 bitartean) egin beharko da. Eskaera egiteko derrigorrezkoa izango da konpartsa bat izatea. Esteka honetan eskuratu ahalko da eskaera orria.

Aurten Ferialekuko atariaren aterpean eskainiko da lekua eta mugatua denez, partzelak baino konpartsa edo karroza gehiago egonez gero, izena ematen duten guztien artean zozketa egingo dute. Hau da, partzelak zozketa bidez esleituko dira. Plataformek gehienez, 2,5 metro zabal eta 3 metro luze izan beharko dute. 

Ferialekua otsailaren 14tik martxoaren 9ra erabili ahal izango da, 17:00etatik 20:30era, eta martxoaren 9rako konpartsa guztiak bertatik kanpo egon beharko dute, eremua txukun utzi eta gero.

Kale salmentako postuak

Kale salmentako postuen kasuan, urtarrilaren 27ra bitarte, zabalik egongo da postuak jarri ahal izateko eskaera epea. Aldaketa bat izango da, kokalekuari dagokionez: San Frantzisko pasealekuan une batzuetan sortzen ziren pilaketak ekidin nahian, Antonio Maria Labaien plazara lekualdatuko dira. 

Urtero bezala, bi modalitatetan banatu dituzte: eguneko salmenta eta gauekoa. 
Eguneko salmentaren kasuan, lau taldetan banatuko dira. Orokorrean postuak Antonio Maria Labaien plazan (10 postu) egongo dira, 09:00etatik 00:00etarako ordutegian. Artisautza, arropa eta zapatak, elikagaiak, osagarriak eta bitxiak eta askotariko produktuak izango dira postu horietan.

Janaria saltzeko kamioia, San Frantzisko pasealekuan (postu bat) egongo da, 09:00etatik 00:00etarako ordutegian. Talo salmentaren bi postu egongo dira San Frantzisko pasealekuan, 09:00etatik 00:00etarako ordutegian. Globo salmentaren kasuan, ibiltaria izango da eta ordutegi bera izango du.

Gaueko salmentari dagokionez, janari kamioi-denden bi postu izango dira Rondilla kaleko 1 eta 9 zenbakien artean, 22:00etatik 06:00etara bitarte.

Eskaera egiteko oinarriak eta eskaera orria hemen daude eskuragarri. 

Informazio gehiagorako Kultura, Jaiak eta Gazteria departamentuarekin jarri daitezke herritarrak harremanetan 943 670 383 telefonora deituz, festak@tolosa.eus helbidera idatziz edota kultur etxera bertaratuz, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara edo 16:30etik 19:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!