ATARIA-ren hazia erein dute gaztetxoenek

Ataria 2024ko abenduaren 21a

Gabonetako Azoka Bereziaren barruan ATARIA-k bere postua izan du Trianguloa plazan. Aste osoan zehar aurreratu moduan, umeentzako hazi tailerra egin du eskualdeko euskarazko komunikabideak.

Ezin arrakastatsuagoa izan da gaurko hazi tailerra. Txanda ezberdinak antolatu behar izan dira parte hartzaile kopuruari erreparatuta. Haurrak egunkari potea eskuan, hazia landatuta, pozik itzuli dira etxera.

Geroko irakurleak

Belaunaldi berrietara iristeko saiakera berria egin du gaurkoan ATARIA-k. Leire Rodriguez gidari zutela, txikienek, lehenik, ATARIA egunkariez osatutako ontzia egin dute. Ontzi bera lurrez bete dute, haziak erein dituzte, eta azkenik, ureztatu dituzte. Honela, landatutakoa etxera eraman eta denboraren poderioz ikusiko dute nola hazten den.

Bide batez, metafora lagun, belaunaldi berri hauengan tokiko komunikabidearen eta euskalgintzaren hazia erein nahi izan du ATARIA-k. Hazi txiki hori handi bihurtu dadila eskualdeko etxeetan, transmisioa egin dezatela hurrengo belaunaldientzat.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!