Denetarik denontzat

Ataria 2024ko abe. 21a, 12:53

Urteko azken azoka berezia iritsi da, eta herritarrak asebeteta egon ordez, esperoan ziren; izan ere, Tolosako kaleak eta plazak jendez gainezka egon dira goiz guztian zehar.

Ohiko postuetatik harago, Euskal Herri osotik zein kanpotik etorritako beste 60 postu batu dira gaurkoan Tolosako plazetan. Trianguloa plazak, Alondegia plazak, Plaza Zaharrak eta San Frantzisko pasealekuak osatu dute bertakoen zein bisitarien ibilbidea.

Jatekoa, edatekoa, oparitzekoa... denetarik eta denontzat. Herritarrak esku bete poltsa ibili dira postuz postu. Gabonetako Azoka Berezia izenak berak dioen bezala, askok eta askok aprobetxatu dute Gabonetako erosketak egiteko.

Elikagai eta artisau postuez harago, batik bat umeen gozamenerako, ez dira falta izan animalien postuak. Azken hauek Plaza Zaharrean kokatu dira: astakumeak, zaldikumeak eta lau hankatako bestelako animaliak. Txikienen begiradak eta nagusien argazki eta bideo modeloak bihurtu dira egun batez Plaza Zaharreko animaliak.

Musikaz blai

Artzai-andre jantzi gutxi ikusi dira herritarren artean. Hori bai, kalez kale ibili diren musikariak instrumentuez gain, Gabonetako uniformea jantzirik ibili dira. Edozein plaza izan da eszenatoki aproposa abestiak eskaintzeko. Esaterako, Udal Txistulari Banda edo Tolosaldeko Ahots Gazteak abesbatza aritu dira kaleak eta plazak girotzen.

Santo Tomas eguna

Gaur, abenduaren 21a izanik, Santo Tomas eguna, ezin txistorra falta. Udal ordezkariak azokaz azoka eta postuz postu ibili dira saltzaileei txistorra pintxoak eta ardo basoak eskainiz. Ez dute lan erraza izan; zebilen jende andanaren artean txistorra-pintxoz osatutako erretilu handiarekin mugitzeak bere zailtasuna izan du.

Honela, urteko azken azoka berezia gozatu dute tolosarrek. Eta urtea amaitzerako, ohiko azken azoka izango dute zain, abenduaren 28an, larunbatean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!