Larunbat honetan, abenduak 21, San Tomas egunarekin bat egingo du Tolosako Gabonetako Azokak, urteko azken azoka bereziak. 9:00etatik 14:00etara herriko lau gunetan kokatuko dira postuak: Trianguloa plazan, Alondegi plazan, Plaza Zaharrean eta San Frantzisko pasealekuan.
Eguberriei begirako erosketak egiteko hitzordu aproposa izango da. Guztira, 60 postu izango dira, eta aukera zabala izango da, besteak beste, elikagaien eta artisauen postuak ezagutu, abereak ikusi edota pintxoak dastatzeko. Asteroko ekoizleek, ohi bezala, Zerkausian, Berdura plazan eta Euskal Herria plazan jarriko dituzte beraien postuak. Trianguloa eta Alondegi plazetan elikagaiak izango dira nagusi, Plaza Zaharrean animaliak egongo dira ikusgai eta San Frantzisko pasealekuan, berriz, artisauen postuak.
San Tomas eguna aitzaki hartuta, 10:30etik aurrera, udal ordezkariek txistorra pintxoak banatuko dizkiete urte osoan zehar larunbatero azokako hiru gune nagusietan egoten diren ekoizleei. Udal Txistulari Banda ere arituko da kaleak girotzen, eguerditik aurrera.
Haurrentzako doako tailer bat ere izango da, ATARIA-k antolatuta, Trianguloa plazan. Egunkari zaharrak erabiliz loreontzi bat sortzeko aukera izango dute etxeko txikienek, eta parte hartzaile bakoitzak, landatutako landare bat eramango du etxera. 11:30etik 13:00etara izango da, eta parte hartzeko interesa dutenek ataria@ataria.eus helbidera idatzi edo 943 655 695 telefono zenbakira deitu dezakete.
Urteko ohiko azken azoka hilaren 28an egingo da, larunbatez, Berdura plazan, Zerkausian eta Euskal Herria plazan. Urteko lehena, berriz, urtarrilaren 4an.