Argiak piztuta, baita herritar askoren ilusioa ere

Ataria 2024ko abenduaren 6a

Tolosan, atzo iluntzean egin zuten Gabonetako argien pizte ekitaldia, musikaz lagunduta; herritar ugari bertaratu zen argazkiak egitera.

Hasi da askorentzat Eguberrietako festa Tolosan, batez ere, haur eta gaztetxoentzat, eta oraindik ere hala sentitzen direnentzat. Atzo iluntzean, Plaza Berria argiztatzen duten faroletako argiak itzali, eta Gabonetako argiak piztu zituzten, bertaratu zirenen ilusiorako.

Eduardo Mocoroa Musika Eskolako akordeoi, biolin eta txistu ikasleek osatutako talde batek girotu zuen ekitaldia; gabon kantuak interpretatu zituzten plazako kioskoan. Aurrez, musika eskolako 6 urteko ikasleen artean egindako zozketa baten bidez erabaki zuten nor izango zen argiak pizteko arduraduna. Behin argiak piztuta, argiztatutako panpinen photocall bat jarri zuten kioskoaren aurrean, nahi zuen orok argazkiak atera zitzan.

Aurtengo Gabonetako argietan erabiliko diren argiak kontsumo baxuko Led argiak dira eta egunero egongo dira piztuta, 22:00ak arte. 

Gabonetako eskaintza

Tolosako Udalak, eragile ugarirekin elkarlanean, Eguberrietako aisialdi eskaintza prestatu dute. Atzo eman zuten ekitaldi sorta guztiaren berri, eta tartean, badira nobedadeak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!