Ate joka daude Eguberriak. Tolosan, duela ordubete eskas piztu dituzte Gabonetako argiak, eta eguerdian, Gure Zirkuan, abenduaren 17tik urtarrilaren 7ra bitarte luzatuko den eta 50 ekintza biltzen dituen egitaraua aurkeztu dute. Udalak eta zenbait eragilek elkarlanean antolatu eta osatu dute eskaintza, eta kultura, kirola, aisialdia eta elkartasuna uztartzen ditu.
Aurten, berrikuntza nagusi bat izango da, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera irudikatzen duen kalejira indartu eta haurrei parte hartzeko aukera zabaltzeko helburuarekin. Abenduaren 24ko ibilbidean, Gure Zirkuako kideek gidatuta, hiru pertsonaia berri gorpuztuko dituzte aisialdi taldeetako haurrek: Olentzeroren laguntzaileak, kafe zakuak soinean jantzita, Galtzagorriak eta Joaldun itxurako pertsonaiak; azken hauek, zintzarriekin. Joaldunen kasuan, gainera, norberak egin beharko ditu txapelak, eta horretarako, Gazte Topaguneak tailerrak eskainiko ditu abenduaren 7an, 13an eta 20an, 17:00etatik 20:00etara. Urtero moduan, gainerako haurrek, lastargi eta kriseiluak eramango dituzte eskuetan.
18:00etan abiatuko da kalejira Plaza Zaharretik, eta honako ibilbidea egingo du: Zerkausia kalea, Korreo kalea, Gorriti plaza, Barrena kalea, Rondilla kalea eta San Frantzisko pasealekua, Geltoki kaleraino. Goizean, berriz, Gure Zirkuan izango dira Olentzero eta Mari Domingi, 10:30etik 13:30era. Sarrera librea izango da.
Urtarrilaren 5eko goizean ere, errege magoak Gure Zirkuan egongo dira harrera egiten, ordutegi berean, eta arratsaldeko kalejirak ibilbide bera egingo du, 18:00etan abiatuta. Bi kasuetan, bada beste aldaketa bat aurten: Olentzero, Mari Domingi eta errege magoak gurbil gainean iritsiko dira, eta ez animalien gainean.
Aurreko urteetan bezala, jaiotza lehiaketa ere egingo da; kultur etxean eman daiteke izena. Izena ematerakoan, zenbaki bat emango zaio talde bakoitzari, eta zenbaki hori bera jaiotzan ikusgai jarri beharko da. Jaiotza urtarrilaren 4ko 12:00ak baino lehen eraman beharko da Gure Zirkuaren karpara.
Gazari laguntzeko kontzertua
Musika ere protagonista nagusia izango da aurtengo egitarauan. Herriko zenbait talderen Eguberri giroko kontzertuak izango dira, hala nola, Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra, Hodeiertz abesbatza, Arimaz orkestra, Udal Txistulari Banda eta Udal Musika Banda.
Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolak, berriz, azken urteetan egin moduan, Elkartasun Kontzertua egingo du, hilaren 20an, 18:30ean, Topic-en. Munduko Gabonak lelopean, askotariko taldeek, jatorri atzerritarra duten musika eskolako ikasleen herrialdeetako gabon kantak interpretatuko dituzte. Sarrerak bost euroko salneurria izango du eta Topic-eko leihatilan eta webgunean eskuratu daitezke. Bildutako dirua Gazan lan egiten duen GKE batera bideratuko dute. Zero ilara ere aktibatuko dute, joan ezin dutenek baina ekarpena egin nahi dutenek horretarako aukera ere izan dezaten.
Herriko taldeen eskaintzaz gain, kultur programazioaren barruko emanaldiak ere izango dira Leidor Aretoan eta Topic-en: Eguberri Umama diskoaren aurkezpena, antzerkiak, Euskal Herriko Gazte Orkestra, Doctor Deseo eta Idoia Asurmendi, besteak beste. Zinema ere ez da faltako: Hamar pelikularen hamalau saio izango dira Leidorren.
Gure Zirkuak ere Tolosan igaroko ditu Gabonak, azken urteotan egin bezala. Sei egunetan zortzi emanaldi eskainiko dituzte. Gainera, karpa berean, Galtzaundi Euskara Taldeak sustatuta, XD umore jaialdia izango da hilaren 21ean, 19:00etan. Antton Telleria, Esti Curiel, Beatriz Egizabal, Jon Plazaola eta Xabin Fernandez ariko dira saioan.
Haurrak eta nerabeak
Txikienek ere izango dute aisialdirako eta gozamenerako aukera. Gabonetako haur parkea izango da Zerkausian, abenduaren 26tik 29ra. Goizez (11:00-13:30) eta arratsaldez (16:00-20:00) egongo da zabalik. Nerabeen eskaintzari dagokionez, Topaguneak Gazte Astea antolatu du. Abenduaren 26tik 30era ospatuko dute, eta egun bakoitzean jarduera bana izango dute: mahai jolasen txapelketak, Txuri Urdin izotz jauregira irteera, 3D inprimagailuari eta estanpazioari buruzko tailerrak, eta amaitzeko, urte amaierako festa. Jarduera guztietarako izen emateak Topagunean bertan egin beharko dira, hilaren 19a baino lehen.
Ikusi hemen egitaraua osorik.