Abenduaren 9an jarriko dute martxan 2025eko Tolosako Inauterietako kartel lehiaketa

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko azaroaren 27a

Aurtengo Tolosako Inauterietako kartel irabazlea. IÑIGO TERRADILLOS

Abenduaren 27ra bitarte aurkeztu ahal izango dira lanak eta pertsonako gehienez hiru proposamen onartuko dira; irabazleak, 1.500 euroko saria jasoko du.

Abenduaren 9an, astelehena, irekiko du Tolosako Udalak 2025eko Tolosako Inauterietako kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea. Ohiko moduan, lehiaketa irekia izango da eta nahi duen orok parte hartu ahal izango du; parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkezteko aukera izango du. Hala, proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da abenduaren 27a bitarte, eta kartelak fitxategi digital batean aurkeztu beharko dira udalaren webgunean horretarako prestatutako aplikazioaren bitartez. Aplikazio horretan kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahairentzat kartelaren identifikatzailea.

  • Lanen ezaugarriak
    • Formatua: Kartelek formatu bertikala izan beharko dute, 50 x 70 zentimetroko neurriekin eta gutxienez 300 ppp-ko erresoluzioa eta gehienez 5 MB-ekoa. Kolorea eta teknika aukerakoak izango dira, baina ezinbestekoa da kartelek ondorengo testua izatea: Inauteriak 2025, otsailak 27 - martxoak 4 / TOLOSA.
    • Trataera: Generoen irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez.
    • Originaltasuna: Fitxategiaren izenean leloa jarri behar da eta proposamen orok, noski, originala eta aurrez argitaratu gabea izan beharko du. Ezingo da adimen artifiziala erabili.

1.500 euroko saria

Kartel irabazlea 2025eko urtarrilean jakinaraziko da, eta bere egileak 1.500 euroko saria jasoko du, dagozkion atxikipenekin. Epaimahaia Kultura, Festak eta Gazteria Sailak izendatuko du, eta genero-berdintasuna bermatuko du bere osaeran.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren unetik aurrera, lehiaketaren inguruko oinarriak ikusgai izango dira udalaren webgunean. Era berean, informazio gehiago nahi duenak 943 670 383 telefono zenbakira deitu edo festak@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi dezake. Horrez gain, nahi duenak kultur etxera jo dezake arreta-ordutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!