Inauteriak antolatzeko bilera irekia, abenduaren 2an

Ataria 2024ko azaroaren 26a

19:00etan izango da festen antolaketan sakontzen hasteko lehen saioa, Topagunean, kultur etxeko lehen solairuan.

Otsailaren 27tik martxoaren 4ra ospatuko dira 2025eko Inauteriak. Tolosako Udala duela aste batzuk hasi zen jaiak antolatzeko lanekin. Tartean, espazio publikoaren erabileraz hausnartzeko parte hartze saioak egin dituzte eragileekin, eta orain gutxi abiatu da gazteekin egitaraua nola hobetu pentsatzeko prozesua ere bai.

Datorren astelehenean, abenduak 2, festen antolaketan sakontzen hasteko lehen bilera irekia antolatu dute. 19:00etan izango da Topagunean, kultur etxeko lehen solairuan. Inauterietan parte hartzen duten eragile guztiak deitu dituzte bileran parte hartzera, baita interesa duen herritar oro ere. Jaien egitarauari eta antolaketari begirako lehen asmoen nondik norakoak azaltzeaz gain, eragileekin egindako prozesuak emandakoaren laburpena egingo dute, besteak beste.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!