Tolosako Udal Musika Bandak agurtu du emanaldia

Leyre Carrasco 2024ko azaroaren 24a

Ostiralean Xexili Eguna izan zen, eta horren bueltan Tolosako bost musika taldek kontzertua eskaini dute goizean Leidor aretoan.

Urtero bezala, udal musika bandak antolatu du emanaldia, eta aurten, Hodeiertz abesbatza, Tolosako Udal Txistulari Banda, GiroArte Dultzaina Taldea eta Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra aritu dira bandaz gain. Urteko kontzertu bereziena izan ohi da taldeentzat, besteak beste, obra berriak estreinatzeko baliatzen baitute hitzordua, eta halaxe egin dute gaurkoan ere.

Esaterako, Hodeiertz abesbatzarentzat lehen kontzertua izan da Victor Galvan zuzendari berriarekin. Hiru obra estreinatu dituzte, horietako bi, Txoria Txori eta Ama begira zazu, Galvanek berak moldatutakoak.

Udal txistulari bandak, Eduardo Mocoroaren txisturako moldaketa bat barne, hiru obra interpretatuko ditu Iñigo Azkueren zuzendaritzapean.

GiroArte Dultzaina Taldeak, berriz, bi kantu jo ditu, horietako bat lehen aldiz. Perkusio instrumentuek lagunduta aritu dira, eta estreinakoz batu dituzte dultzainak, metalezko instrumentuak eta sokazko laukote bat.

Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak hiru obra eskaini ditu, horietako bat Garena taldearekin elkarlanean.

Eta azkenik, udal musika bandaren txanda izan da. Bi obra interpretatu ditu, tartean, Armeniako bost folk kantuz osatutako pieza berezi bat, musika banden errepertorioetan ohikoak ez diren erritmoak uztartzen dituena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!