Bigarren bizitzaren bila

Naiara Roldan de Aranguiz 2024ko azaroaren 23a

Bihar artean, Hondakin Prebentziorako Europako Astean murgildurik dago kontinentea. Tolosak ekintza sinboliko batekin erantzuna eman nahi izan dio sentsibilizazio asteari. Honela, goizean, Trianguloa plazan, Bigarren Eskuko Azoka prestatu dute hainbat herritarrek.

Etxeko apalategiak hustu eta objektu ezberdinak Trianguloa plazara eraman dituzte, bigarren bizitza bat bilatu nahian eta hondakin kopurua murriztu asmoz. Erosleak dozena erdi postu artean ibili dira gustukoen bila: liburuak, diskoak, arropa, jostailuak edota etxeko tresneria.

Bestelako ekintzak

Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barruan ekitaldi gehiago ere egin dituzte, Tolosan. Helburua, azken batean, hondakinen prebentzioan sentsibilizatzea, berrerabilpena sustatzea eta ingurumenarekiko kontzientzia kolektiboa indartzea da. Esaterako, asteartean hasita, Zehar Errefuxiatuen Elkartea, zortzi egunez, ari da Oria ibaia garbitzen. Eta bihar, igandea, Adunako ur araztegira bisita gidatua egitekoak baziren ere, haizeteengatik ezarrita dagoen alerta kontuan hartuta, bertan behera geratu da honako ekintza. Tolosako Udaletik jakinarazi dutenez aurrerago data berri batean antolatuko dute aipatu irteera.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!