Bizikidetza Ekitaldia egingo du Herrikidek azaroaren 27an

Ataria 2024ko azaroaren 20a

Argazkia: Herrikide ikastetxea

Ikastetxean lantzen duten Kide programak 20 urte bete ditu eta hainbat erakunderekin bizikidetza positiboa sustatzeko esperientzia desberdinak konpartitu nahi dituzte. Ekitaldia Tolosako Gure Zirkuaren karpan izango da.

Tolosako Herrikide ikastetxean konpetentzia sozioemozionalak garatzea eta bizikidetza positiboa sistematikoki sustatzea dute helburu, eta horretarako Kide programa dute ardatz. Prozesu hori 2004an abiatu zuten eta beraz, aurten 20. urteurrena ari dira ospatzen. Konpetentzia sozizoemozionalak lantzeko Kide programa urtez urte egokitzen eta hobetzen joan dira, horrela «urratsez urrats gatazkak elkarrizketaren bidez konpondu edo bideratzeko estrategia eta tresna desberdinak ezarri eta sendotzeko». Programaren barruan adostokiak LHko bitartekaritza zerbitzua garatu dute, BHko ikasle laguntzaile-bitartekariak eta ziberkideak, besteak beste. «Ikerketa zientifikoak ere burutu ditugu lan honek onurarik duen jakin nahian», gaineratu dute. 

Eskola gizartea eraldatzeko eragile garrantzitsua dela sinetsita daude eta horri lotuta eskolan gai hori lantzeaz gain, erakunde desberdinekin zubiak eraikitzen saiatzen dira. Horretarako urtero ekitaldi bat antolatzen dute hainbat erakunderekin bizikidetza positiboa sustatzeko esperientzia desberdinak konpartitzeko eta aurtengoan azaroaren 27an egingo dute, 10:00etatik 12:30era, Gure Zirkuak-ek Tolosan duen karpan. «Izan ere, zirkua aniztasunaren eta inklusibitatearen eredu ere bada, emozioak dantzan jartzen dituena, pertsona desberdinen berezitasun eta gaitasunetatik abiatuz egiten duten ekarpen baliotsua baloratzen duena. Zirkua izango da aurten sinbolo ederra».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!