Hezkuntza emozionalak lehentasunezko lekua hartu du aspaldidanik, hainbat eta hainbat ikastetxeren eta unibertsitateren interesa piztu duen sistema pedagogikoarekin. Hain justu, Herrikide ikastetxean duela 20 urte hasi ziren curriculumean era sistematiko eta sekuentziatuan konpetentzia sozioemozionalak lantzen eta garatzen. Horretarako, hezitzaileen prestakuntzarekin hasi, ikasleekin programa sendoa landu eta familien interesa pizturik formazio, ekintza eta tailer ugari garatu dituzte.
Txaro Etxeberria Herrikideko KIDE proiektuko arduradunetako batek gogora ekarri ditu hasierako urteak: «bizikidetza positiboa landu eta eskolan giro goxo eta egokia lortzea zen lehentasuna». Horretarako, egunerokotasunean sortzen ziren gatazkak «era baketsuan» eta «entzute aktiboaren» bitartez konpontzeko asmoz estrategia eta erreminta desberdinak sortzen hasi ziren. Lanketa horiek guztiak biltzen dituen egitasmoa da, hain zuzen, KIDE (Kidetasunerako Dinamikak Eskolan).
Horren harira, bizikidetza nahiz jazarpenaren edota bullyingaren prebentzioa lantzeko hainbat programa dituzte martxan Herrikiden. «Lehenbizi adostokiak jarri genituen martxan», aipatu du Pello Agirrezabalek, KIDE proiektuko beste arduradunetako batek. «Hezkuntza sozioemozionala 3 urtekoen gelan hasten bada ere, adostokien erabilpena 5 urtekoen gelan hasten da, LH 6. maila bitarte». Hauek, ordea, aldatzen eta egokitzen doaz, «ikasleen adinaren arabera».
Gatazken txokoa
Agirrezabalek aipatu bezala, adostokiak 5 urteko ikasleen gelan daude, baina Lehen Hezkuntzako ikasleek ikastetxeko korridorean dute topalekua eta LH 3. eta 4. mailetako ikasleek izaten dute euren gatazkak bertan konpontzeko aukera. Adostokian mahai bat eta bi aulki egoten dira, baita egurrezko aho eta belarri bat ere. «Ikasleek gatazkaren bat izaten duten unean txoko horretara joaten dira, eta ahoa eskuan duen pertsonak esaten duena entzuten du belarria eskuan duenak», azaldu du Etxeberriak. Ondoren, zereginak aldatu egiten dira, «eta aurretik entzuten ari zenak hitz egiteko txanda hartzen du».
Sentimenduak adierazten hastearen beharra azpimarratu du Etxeberriak, «bestela batak besteari egin diona gaineratzen hasten zaio eta pilota txikitu beharrean, handitu egiten dute».
Bertan, postontzi moduko kutxa bat ere aurkitzen da. «LH 3. eta 4. mailako ikasleek idazteko gaitasun gehiago dutenez, bertan dauden txantiloiak bete behar dituzte, zer gertatu den eta nola adostu duten azalduz», gehitu du Agirrezabalek.
Gatazka bakoitza, LH 5. eta 6. mailako bi ikaslek bideratzen dute. Horiek bitartekariak dira, eta egoeraren jarraipena egiten dute, astebetez. «Denbora igarota, txantiloi hori puskatu egiten da liskarra amaitu den sinbolo modura». Hirugarren ziklotik aurrera, ez dute erreferentziazko txoko fisikorik, «dena barneratuta baitute».
Egoera batzuetan, arrazoi desberdinak medio, ikasleek ezin izaten dute gatazka euren kasa bideratu eta horregatik, bitartekaritza zerbitzua jarri zuten martxan.
Bitartekaritza zerbitzua
LH 6. mailako Luken Tejeriak aski ondo ezagutzen ditu bitartekari baten zereginak. «Adostasun batera iristen laguntzen diegu, baina gatazka beraien artean konpondu behar dute, eta hori lortzen badute beraiena da meritua, baina konponbidea lortzen ez badute ere porrota beraiena izango da». Horretarako gakoa nola sentitu diren «naturaltasunez» adieraztea dela dio Tejeriak, «horrek erosoago sentiarazten laguntzen baitie».
Guztira, 12 bitartekari daude Herrikide ikastetxean, eta bi astez behin biltzen dira. «Bi bitartekarik hartzen dugu gatazka bakoitzean hori kudeatzeko ardura, eta patio garaian edo jangela ondorengo tartean egiten ditugu saioak erabiltzaileekin». Gainontzeko ikasleek identifikatuta dituztela jakinarazi du Tejeriak. Izan ere, lepoaren bueltan zapi bat ematen dute jantzita, «eta norbaitek gatazkaren bat izaten duenean guregana etortzen da zuzenean».
Kasu batzuetan, berriz, bitartekarien artean ere sortu daiteke gatazka. Hain justu, aurreko astean Tejeriak bere gelakidea den Yeray Etxeberriarekin izan zuen liskarra. Batek «beldurra» eta besteak «amorrua» sentitzen zuen, baina bitartekaritzara jo zutenean «lasaitasuna» sentitu zutela adierazi dute. «Yerayekin gaizki egoteak ezinegona sortzen zidan, eta bitartekaritzara sartu baino lehen estu-estu nengoen, baina orain lasai nago», gehitu du Tejeriak.
Bitartekari «ofiziala» ez izan arren, askoren erreferente da Etxeberria. «Nire lehengusu bat Herrikidera etorri zen ikastera eta oso jarrera txarra erakusten zuen, gatazkak jotzen konpontzen baitzituen. Nik hemen ikasitakoa irakatsi nion eta, geroztik, gatazkak hitz egiten konpontzen ditu». Jokaera aldaketa handia izan du Etxeberriak, «lehen nik ere jotzen eta iraintzen konpontzen bainituen gatazkak, baina adostokian hasi nintzenetik, gatazkak hitz egiten konpontzen direla ikasi dut».
Programa hauek jarraipena izaten dute DBH 1. eta 2. mailako ikasle laguntzaile-bitartekarien programaren bitartez, eta DBH 4. mailako ikasleekin, berriz, Ziberkide izeneko programarekin. Azken hauek mugikor eta sare sozialen inguruko prestakuntza sakona jasotzen dute eta hauek izaten dira LH 5. mailako eta DBH 1. mailako ikasleak trebatzen dituztenak erabilera egokia zein den erakutsiz eta izan daitezkeen arriskuez jabetuz.
Hala ere, hezkuntza komunitate osoaren parte hartzearen garrantzia azpimarratu du Agirrezabalek, «gatazka geroz eta lehenago identifikatu orduan eta errazagoa izango baita horretan esku hartzea». Horretarako, bizikidetzaz arduratzen den organo misto garrantzitsua ere badute Herrikiden; Bizikidetza Behatokia, hain zuzen. Hezitzaileak, irakasle ez diren langileak, familiak, Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak dira partaide eta bizikidetza, hezkidetza, genero berdintasuna eta antzeko gaien inguruan ikastetxean egiten den lana ezagutu eta baloratzen dute.
Errendimendua hobetuz
Esperientzia horiek guztiek ikasleei egiten dieten ekarpena ezagutu nahian, Madril eta Valentziako Unibertsitateekin elkarlanean ikerketa zientifikoak ere burutu dituzte Herrikiden. Lehenean, LH 1. mailatik 6. mailara arte konpetentzia sozioemozionalak garatzeko programaren eraginkortasuna neurtu zuten. Bigarrenean, berriz, LH 5. mailan gatazken kudeaketaren inguruko formazioa jasotzeak eragina ote zuen ikertu zuten.
Bietan emaitzek «argi» erakutsi zuten arlo emozionala lantzeari esker, gelako giroa «lasaiagoa» eta «goxoagoa» dela eta horrek eskola errendimendua bera ere hobetu egiten duela. «Herrikiden lan egiten dugu ikasle autonomo, konprometitu eta sortzaileak garatzeko eta aurrerantzean ere bide honetatik ametsa eraikitzen jarraituko dugu», gaineratu dute arduradunek.