Tolosako Udalak abian jarri du Nerabeen Foroa osatuko duten gazteak aukeratzeko prozesua, eta azaroa amaitzerako izendatuko dituzte parte hartzaileak. Landuko duten gaia ere definitu dute udalak eta ikastetxeek: iaz herriko aisialdi aukera izan zuten hizpide; aurten, berriz, inauterietako jai ereduaz hausnartuko dute.
Inauterietan nerabeei zuzendutako ekintza eta programa gabeziari irtenbideak proposatzea da prozesuaren erronka eta helburu nagusienetako bat, jai ereduari dagozkion nerabeen nahiak nerabeengandik asetzea, alegia. Inauterien iazko balorazio bileran eta online zabaldutako inkestan ondorioztatu zen behar hori, hain justu.
Adin tarte horretako gazte askorentzat «aukera nagusiena plataforma batekin konpartsa bat osatzea» izaten dela esan dute Goiuri Ezeiza kultura zinegotziak eta Aitzol Gartzia festetako zinegotziak. «Azken urteotan, ordea, eredu horren inguruko kezka hedatu da guraso, ikastetxe baita udal barnean ere. Gai benetan arantzatsua da, nerabeek ere beren lekua behar dutelako festan; nolakotasunean dago gakoa. Gazteei zuzendutako ekitaldiak antolatu izan dira udaletik azken urteotan, eta bide horretan sakondu nahi dugu gazteekin batera», gaineratu dute.
652 erantzun
Dagoeneko abiatu dute prozesua herriko hiru ikastetxeetan. Orixe Institutuko, Herrikide ikastetxeko eta Laskorain Ikastolako 14 eta 18 urte bitarteko 652 ikaslek galdetegi bat erantzun dute, inauterien bueltan dituzten behar eta nahiak zeintzuk diren ezagutzeko. Aurrera begirako proposamenak egiteko aukera ere izan dute.
Galdetegia erantzuterakoan 113 gaztek azaldu dute proposamenak lantzeko taldean aritzeko borondatea. Horien artean zozketa zibiko bat egingo du udalak, 40 laguneko talde bat osatu eta proposamen horien lanketa sakonagoa egiteko. Lau saio izango ditu prozesuak eta abenduan hasiko da deliberazio fasea.
Nerabeen Foroak urtea amaitzerako aurkeztuko dizkio proposamen landuak udalari. Guztia koordinazio mahaian aztertuko da gero, datorren urteko jaiei begira ideia batzuk pixkanaka txertatzen hasteko. Udal ordezkariek azaldu dutenez Inauterietako Nerabeen Jai Programa osatzea izango da helburua. «Epe luzeko begirada behar duen lanketa da, ez da dena egun batetik bestera lortuko, baina honakoa abiapuntua izatea nahiko genuke», esan dute.