18 konpainiaren 20 ikuskizun bilduko ditu Titirijaik

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko azaroaren 15a

Titirijai jaialdiko antolatzaile eta babesle diren erakundeetako ordezkariak, aurkezpenean.

Azaroaren 23an hasi eta bederatzi egunez luzatuko da Tolosako 42. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia. Besteak beste, Aviama 2024ko Nazioarteko Saria jasoko du Topic-ek bere 15. urteurrenean.

Azaroaren 23tik abenduaren 1era ospatuko da Titirijairen aurtengo edizioa, Tolosako 42. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia. Tamaina handiko ekitaldia izango dela aurreratu du Kepa Goikoetxea Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak: «9 eguneko jaialdia izango da, 39 emanaldi izango dira guztira, eta 18 konpainiak parte hartuko dute, 20 ikuskizun eginez». Topic-eko areto desberdinetan eta Leidorren izango dira emanaldiak, baita kalean ere. Adin guztietako herritarrentzako ikuskizunak izango dira, eskuko txotxongiloenak, harizkoenak, berreskuratutako materialekin egindakoenak edota giza neurriko gorputz txotxongiloenak.

Tolosatik kanpo ere osatu dute zirkuitua; Gipuzkoako 8 herri gehiagotan 16 emanaldi izango dira, besteak beste, Donostiako Victoria Eugenian antzokian. Bertan, lehen aldiz, Topic-eko txotxongiloekin egindako erakusketa bat dago ikusgai.

Italia, Frantzia, Malaga, Murtzia, Herrialde Katalanak, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Madril eta Euskal Herriko konpainien ikuskizun sorta zabalaz gozatzeko aukera izango da aurtengo jaialdian. Estitxu Zaldua Topic-eko zuzendariak nabarmendu du sortzaile gazteen aldeko apustua egiten jarraitzen dutela. «Horregatik, txotxongiloen diziplinara hurbiltzen diren euskal konpainia berrientzako lekua daukagu aurten». Zurrunka, Ximurrak eta Ixo teatro konpainiak dira horren adibide. Birakolore, Ximurrak eta Eros ikuskizunak eskainiko dituzte, hurrenez hurren. Lehena gaztelaniaz izango da, bigarrena euskaraz, eta hirugarrena, elkarrizketarik gabea. Ximurrak, baina, ez da euskaraz ikusi ahalko den ikuskizun bakarra izango, Titeres Etcetera konpainia andaluziarrak Peio eta otsoa ikuskizuna eskainiko baitu Leidorren, azaroaren 27an, asteazkena (10:00), eta 28an, osteguna (10:00 eta 12:30).

Eskualdeko ordezkari bat ere izango da aurtengo edizioan. Leire Amonarriz tolosarrak 2013an sortutako El lagarto baila konpainiak Izadi ikuskizuna eskainiko du abenduaren 1ean, igandea, Leidorren, 12:00etan hasita. 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzendutako saioa da, elkarrizketarik gabea. Euskal Herriko beste artista batek ere, Karlos Lopezek, txotxongiloak gertutik ikusi eta ukitzeko saioa eskainiko du, kasu honetan, Maletas Magicas konpainiarekin; emanaldia gaztelaniaz izango da.

Jaialdiko ikuskizun guztietarako sarrerak Cittolosa.com/titirijai webgunean daude salgai, baita Topic-eko leihatilan ere. Helduen sarrerak 7 euro balio du (Topic-eko lagunak, 5 euro); haurrenak, berriz, 4 euro (Topic-eko lagunak, 3 euro). Familia ugariek, pentsiodunek, aniztasun funtzionala dutenek eta langabeek prezio murriztua izango dute.

Ekitaldi bereziak eta Txetxo Gaztañaga gogoan

Jaialdiari hasiera emateko, hilaren 23an, larunbata, Aviama 2024ko Nazioarteko Saria jasoko du Topic-ek, txotxongilo-antzerkiari eskainitako berriztapenengatik. 18:00etan izango da ekitaldia, eta ondoren, aurre-estreinaldi baten txanda izango da: Murtziako Onirica mecanica konpainiaren Verne ikuskizuna. Aurrez, astebeteko egonaldi teknikoa egingo dute datorren astean Topic-en. Bestetik, hilaren 23an eta 24an, Zaches konpainia italiarrak, Unima Euskal Herriarekin duen lankidetzari esker, irudi antzerkiaren berrikuntzari buruzko ikastaro trinkoa antolatu du Topic-en. Azkenik, azaroaren 24an (18:00) eta 29an (17:00) kaleko txotxongiloen tailer bana antolatu dute Euskal Herria plazan.

Hilaren 26an, asteartea, hiru liburu aurkeztuko dituzte Topic-eko Anbigu aretoan. Lehena, euskarazkoa izango da, Malen Amenabar ilustratzailearen eta Miren Amuriza idazle eta bertsolariaren Titiritari. 17:00etan hasiko da saioa, Iñigo Astiz kazetari eta idazleak gidatuta. Ordu eta leku berean, Paco Paricioren bi liburu aurkeztuko dituzte: Los secretos del titiritero eta La extraordinaria vida de Polichinela.

Asteazkenean, hilaren 27an, Topic, Bartzelonako (Herrialde Katalanak) La Puntual eta Abizandako (Huesca) La Casa de los Titeres de Abizanda txotxongilo-etxeen arteko senidetze ekitaldia egingo dute Tolosako museoan; 18:30ean hasiko da, Anbigun. Ostegunean, hilak 28, Topic izango da protagonista nagusia. Aurten 15 urte betetzen ditu museoak, eta ospakizun berezia egingo dute Anbigun, 17:00etan hasita. Ekitaldi horretan ahotsa emango diete hasierako proiektuaren sortzaileei, beraien esperientzia eta ikuspuntua partekatzeko. Azkenik, hilaren 29an, ostirala, omenaldia egingo dio Topic-ek, 50 urte bete dituen L'Estaquirot Teatre konpainiari –martxoaren 9ra bitarte bisitatu daiteke bere erakusketa–. Egun horretan, konpainiako kideek doako bisita gidatua egingo dute, 17:00etan hasita.

Halaber, jaialdiak irauten duen bitartean, beste bi erakusketa egongo dira martxan. Batetik, Txetxo Gaztañagaren omenezko kartel erakusketa ikusi ahal izango da Topic-eko sarreran. 20 urte baino gehiago aritu zen jaialdiaren antolatzaileekin lankidetzan eta Txantxoren irudi ikonikoaren sortzailea izan zen. Bestetik, azken edizioetan bezala, aurten ere, Tolosako saltokien erakusleihoak erakustoki bihurtuko dira, txotxongiloekin apainduko baitituzte.

Balio handiko jaialdia

Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak baieztatu du ekin berri dioten legealdian ere, Tolosako Ekinbide Etxea indartuko dutela. Aurreikuspenetan jasotakoaren arabera TEE-k 2025eko aurrekontuan 30.000 euro gehiago jasoko dituela aurreratu du. Akordio batera heldu direla ere gaineratu du, artxiboan lan egiteko eta euskal txotxongiloen memoria babesteko. Horretarako, 5.000 euro gehiago izango ditu TEE-k aipatutako aurrekontuan. «Diru ekarpenen berri emateaz gain, bertan dagoen taldea azpimarratu nahiko nuke. Txotxongiloen, euskararen eta talentuaren alde egiten den lana goraipatzekoa da».

Goirui Eceiza Tolosako Udaleko kultura zinegotziak, herritarren ilusioan jarri du azpimarra. «Tolosak dituen berezitasunetako bat da ez garela Gabonetako argiak noiz zintzilikatuko dituzten zain egoten, txotxongiloen kartelak noiz zintzilikatuko dituzten zain baizik. Horrek erakusten du Titirijaik nolako garrantzia hartu duen». Bestetik, txotxongiloen bitartez denetik landu daitekeela azpimarratu nahi izan du. Izan ere, aurtengo edizioan teknologiari buruz, eskola-jazarpenari buruz edota feminizidioari buruz hitz egiten duten obrak ikusteko aukera izango da. «Gai potoloak barneratu, hausnartu eta umoretik jotzeko aukera dagoela erakutsiko da».

Onintza Urbieta Kutxa Fundazioko Kutxa Kultur saileko zuzendariordeak adierazi du «denok ume bilakatzen gaituen jaialdia» dela Titirijai, eta jaialdiaren balioa nabarmendu du: «Euskal Herriko arte eszenikoetako kultur ekimen garrantzitsuenetako bat da. Bertako konpainiak eta nazioartekoak ikusteko aukera izango dugu, eta beste behin ere, Tolosa munduan kokatuko dugu. Txotxongiloen sektorean dabiltzan profesionalentzako topaketa bat da eta, hortik haratago, balio handia duten sareak sortzen dira, artisten arteko elkarlanak bultzatzeko eta arte eszenikoen garapenerako eta jasangarritasunerako oso garrantzitsuak direnak».

Esteka honetan ikusi daiteke egitaraua osorik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!