Titirijai jaialdiko ikuskizunak eta erakusketa bat ikusgai Victoria Eugenia antzokian

Ataria 2024ko azaroaren 8a

Azaroaren 9tik 15era Topic-eko hainbat txotxongilorekin osatutako erakusketa jarriko dute; azaroaren 29tik abenduaren 1era hiru antzezlanez gozatu ahalko da.

Donostiako Victoria Eugenia antzokian Titirijai jaialdiko hainbat ikuskizunez gozatu ahalko da, eta erakusketa bat ere jarriko dute.

Hain justu, antzokiko foyer-ean Topic-ek prestatutako mundu osoko txotxongiloen bilduma bat jarriko dute, azaroaren 9tik 15era. Indonesiako Wayang Golek-etik hasi eta Vietnamgo ur gaineko txotxongiloetaraino, Indiako pieza koloretsuak eta Europako txotxongilo tradizionalak barne, erakusketak arte honen historian eta aniztasunean arakatzeko aukera emango du.

Erakusketa zabalik egongo da 11:00etatik 13:30era. Hilaren 13tik 15era irekita izango da 19:00etatik 22:00etara, eta antzokiko programazioaren baitan dauden ikuskizunetarako sarrera dutenek bisitatu ahalko dute.

Erakusketaz gain, hiru ikuskizun ere ikusi ahal izango dira Victoria Eugenia Cluben azaroaren 29tik abenduaren 1era:

  • Azaroaren 29an, 18:00etan, L ‘Alinea frantziar konpainiaren eskutik Historias cortas, sin palabras ikuskizuna izango da. Hiru istorio labur dira, 15 minutukoak bakoitza, eskularruzko txotxongiloak, kontrabaxu eta baxuko zuzeneko musikarekin.
  • Azaroaren 30ean, 17:00etan, Di Filippo italiarrek Variations aurkeztuko dute. Harizko txotxongiloen keinu bidezko ikuskizuna da.
  • Abenduaren 1ean, 17:00etan, Malagako (Espainia) Ángeles de Trapo konpainiak Error 404 antzezlana aurkeztuko du. Keinu bidezko ikuskizuna da, mahai-txotxongiloekin

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!