Eta zer ez da (ez)berdin

Amonarriztarrak aurrez aurre

Ataria 2024ko aza. 14a, 11:32

Zer da Jone / Kike zuretzat?

Kike: Nire erdiko alaba, bere garaian lan handia eman ziguna. Zure ahizpa zaharrena Maddi jaio zen lehenik, eta, ondoren zu iritsi zinen, eta beranduago bat batean hirugarren txikia. Entzuna genuen erdiko seme edo alaba nortasun gabe geratzen zela, eta, orduan ume bakoitzari bere titulua eman genion, gure zaharrena, gure ertaina eta gure txikia.

Jone: Niretzat nire aita zara, eta orain nire seme-alaben aitona ere bai. Jaio nintzenetik beti alboan izan dudan pertsona bat zara, eta oso zorioneko sentitzen naiz.

Nola definituko zenuke Jone / Kike?

Kike: Zu deskribatzean adjektibo batzuk errepikatzen dira: emakume ahaldundua, oso ondo egokitutako emakumea, emakume konprometitua… Horrela ezagutu zaitut txikitatik, bai hizkuntza mailan, bai maila soziopolitikoan, bai feminismoan, eta hori oso alde positiboa da. Txikitatik oso lider ikusi zaitut, bere alde on eta txarrekin. Bizitza pertsonalean urrats sendoak ematen, eta, zure ingurua zaintzen jakin duzu, bai familian eta bai lagun taldean.

Jone: Zu definitzeko hitz asko erabili ahalko nituzke, alaia, umoretsua, enpatikoa, sentibera, langilea, baina, laburtzekotan, inguruan positiboki eragiteko gaitasun handia duen pertsona bat zarela esango nuke. Baikor nekaezina, nahiz eta zuk diozun baikorra ezetz, jarrera baikorrekoa zarela. Aita bezala aitaren figuraren alboan maskulinitate eredu osasuntsua eman diguzu, hurbilekoa, sentibera, eta hori asko baloratzen dut.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?

Kike: Nik uste irribarre hori askotan ikusi dizugula, zure inguruan giro polit bat eraikitzen jakin duzu beti, eta eskertzekoa da hori.

Jone: Bi ezaugarri azpimarratuko nituzke: lehenengoa, umorea eta baikortasuna. Bestetik, pazientzia, pazientzia infinitua! Askotan harrituta geratu izan naiz zure pazientzia infinitu horrekin, baina, azkenean estrategikoak izan dira, eta zure bizitzan izan dituzun lan eta proiektu horiek bere fruitua eman dute horri esker.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Jone: Aste honetan jakin dut kateatuta egon zinela garai batean tetrisera. Eta horrek balio izan dit ulertzeko, oraindik ere zure egunerokoan modu desberdinetan aplikatzen duzula tetrisa. Beti txukun-txukuna. Bildumagile izate horrek ere mania batzuk ezarri dizkizu, esaterako antolaketarena. Horri esker umezaro guztia oso ondo sailkatuta daukagu.

Kike: Zure kasuan, oso nabarmena da despistea. Disgustu asko ekarri dizkizu eta ekarri dizkigu. Esaterako, duela gutxi, asteburu pasa etxe batera joan, giltzak barruan ahaztu, eta sarrailagileari deitu behar izatea. Edo Erasmus egiten ari zinenean lehenengo gaua ez dakit non pasa behar izan zenuten, ez dakit zer galdu zenutelako. Ondoren, lagun batek Utrecherera joateko txartela oparitu zizun, eta autobusa hartu zenuen, baina txartela trenerako zen. Eta gero, pena handia ematen didana, Inauterien zaletasun hori ez transmititu izana da!

Nora joango zinateke gustura parekoarekin?

Kike: Familian egokitu zaigu, eta gu biok ere egin izan ditugu bidaiak. Azken boladan, igandero tropa guztiak elkarrekin afaltzen dugu, alabak, bilobak eta guk. Ez dakit hemendik aurrera hain erraza izango den, agian jaialdi batean, festa batean...

Jone: Aurkituko dugu elkarrekin kalitatezko denbora pasatzeko tartea. Denbora asko pasatzen baitugu elkarrekin, baina inoiz ez lasai.

Kike: Niri ilusioa egingo lidake bilobekin bidaiaren bat egiteak, baina, beno, zu ere etor zaitezke [barrezka].

Jone: Perretxikuetarako plana ere zain daukagu. Eta Parisera ere itzuli nahi dugu! Dakidana da nora ez nintzatekeen joango, alegia, hondartza dagoen edozein tokitara! Ez zaio batere gustatzen. Konbentzitu izan dugu, baina hondartzan lasai egotearena ez zaio gustatzen. Etekin gehiago ateratzen dizugu turismoa egiten, ezagutzen, eta, egia da alde horretan luxu bat dela, gidari bat bezala baita.

Elkarrekin pasatako une edo pasadizo bereziren bat?

Jone: Hementxe Parisko despistearekin bat egin genezakeela uste dut.

Kike: Bai bai, izan daiteke! Behin, oporretan, biok Parisera joateko aukera izan genuen. Emaztea lanean zegoen, nik oporrak nituen, eta Jone libre zegoen. Miarritzen hegazkina hartzea erabaki genuen. Esan nion embarquement jarri arte lasai egoteko. Jendea bazihoala ikusten genuen, batzuk korrika eta guzti, eta gu haietaz barrezka. Halako batean, ordua begiratu eta gure hegazkina ateratzear zegoela ikusi genuen. Gure hegazkinaz galdetu genuen, eta bazihoala esan ziguten. Ia ia kontrol guztiak saltatu genituen, baina azkenean hegazkinean sartzea lortu genuen.

Jone: San Fermin akzidentatuak ere izan ditugu [barrezka]. Ni lagunekin joan nintzen, eta, aita bere aldetik, baina kotxean batera joan ginen biok parrandara bidean. Halako batean, Zaldiko Maldikon topatu genuen elkar, eta gutxira lagun bat etorri zitzaidan nire aita odoletan zegoela eta jo egin zutela esanez. Korrika batean joan nintzen, eta bertan zegoen aita odoletan, irrist egin eta betaurrekoen gainera erori zen! Aurpegiko zati bat ireki zuen, eta aurpegi osoa odoletan zuen. Azkenean larrialdietara eraman eta puntuak jarri zizkioten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!