Euskal Irrati Telebistaren historian izan den aurpegirik ezagunenetakoa izateaz gain, euskararen aldeko lan etengabean ezagutu izan dugu beti Kike Amonarriz (Tolosa, 1961). Jone Amonarriz (Tolosa, 1993) alabak ere, komunikazioaren arloan dihardu azken urteetan, eta, besteak beste, Gure Esku Dago egitasmoaren komunikazio arduradun lanetan jardun zuen. Hitz errazekoak dira biak ere.
Nolako umea zen Jone?
Kike: Ume mugitua zela esango nuke. Alaia ere bazen, gerora izan den bezala. Bigarren alaba izan zen, eta denborarekin tarteko alaba bihurtu zen. Txintxo samarra zela ere esango nuke. Hiru alabak oso errazak izan dira, eta ez digute arazo handirik eman. Susto txikiak ere emandakoa da Jone. Gogoan daukat opor batzuen itzuleran, lanera hasi aurretik egun bat lasai hartzeko genuela, eta Jonek bizikletan ibili nahi zuela. Halako batean,» aita, begira, eskurik gabe!» Ordu erdira larrialdietan ginen berarekin.
Eta aita? Nolakoa zen?
Jone: Pazientzia infinitua duen aita bat da oraindik ere. Denborarekin kontzienteagoak izan gara horretaz. Alaitasun handia transmititu digu betidanik, eta horregatik izan gara hirurak oso alaiak. Iruditzen zait, transmititu izan digula aitaren figura maskulinitate osasuntsu, eta hurbileko sentibera batekin. Zorte handia izan dugu figura hori horrela jaso dugulako. Eta noski, amarekin batera balio asko transmititu dizkigute, gaur egun oso garrantzitsuak izan direnak geure pèrtsona hezteko garaian.
Alabekin zorrotza izandakoa al zara?
Kike: Neurrian, bai. Beti pentsatu izan dut gure alabak guri heztea zegokigula, eta heziketa horren barnean sartzen dira momentu alaiak, transmititu beharreko balioak ezagutaraztea, eta familian ondo pasatzea. Baina bakoitzak bere erantzukizunak ere bazituen, bai ikasketekin, eta baita beste esparru batzuetan ere. Erantzukizun horiei aurre egin behar zitzaien, eta zorroztasun pixka bat ere transmititu dugu etxean. Esaterako, alaba zaharrenak hemezortzi urterekin zein plan zituen esan zigunean, azkar esan genion: «oso ondo, baina etxeko profesio arteko soldatak ez du horretarako ematen [barrezka]. Zuk atera kontuak!» Gutxira, ostalaritzan hasi zen lanean.
Ahizpa zaharrenarekin bai, baina zuekin ere funtzionatu al du?
Jone: Bai, gurekin ere funtzionatu du! Askotan aipatu izan dut, guk etxean izan dugula unibertsitatea. Etxean, hainbat egoerei aurre egiteko tresnak jaso ditugu, esaterako, autonomia ekonomikoa, ikuspegi kritikoa, eta beste hainbat balio. Bizitzako edozein kasutan ezinbestekoak diren balioak dira. Umetan ez dira asko baloratzen balio hauek, baina gaur egun hiru ahizpak oso kontziente gara izan dugun zorteaz.
Euskararekin ere zorrotza izan al zara beti etxean Kike?
Kike: Bai! Hizkuntzarekin ere izan naiz, beste gauza batzuez gain. Maitasun asko transmititu diet, baina arau batzuk ere bai. Etxean euskaraz egin dugu beti. Zorrotza izan naiz hizkuntzarekin, baina ez nazkatzeraino artekoa.
Jone: Hizkuntzarekiko maitasuna transmititu izan digu, baina baita erantzukizuna ere. Euskararekiko jarrera aktibo bat izaten erakutsi digute, eta txip hori beti daramagu oso piztuta. Gustatuko litzaidake guk ere gure seme-alabekin lana hain ondo egitea. Ederra litzateke kulturaren transmisio hori ere hain ondo egingo bagenu!
Arlo askotan ibilitakoak zarete biak ere, baina zeuen burua definitzea eskatuko banizue?
Kike: Umea zela, Jonek berak behin etxeratzean hala bota zidan: «aita, zu zer zara?» Bere gelan baziren guraso irakasleak, medikuak, mekanikoak… Ez nuen erraza izan hura esplikatzen!
Jone: Hala zen bai! Nire gelakoek argi zeukaten gurasoak zertan aritzen ziren, baina nik… Beti izaten nuen zalantza bera definitzeko garaian.
Kike: Profesionalki eskatzen didatenean, hauxe esaten dut; soziolinguista autonomoa. Ez dakit oso ondo zer den, baina soziolinguistikako karrerarik ez dagoenez… Zortez, euskalgintzaren kanpaleku askotatik pasatzeko aukera izan dut. Halere, funtsean, bi ardatz izan ditut, hizkuntza eta soziolinguistika, eta umorea eta komunikazioa. Oso aberasgarria izan da. Aitzakiarekin, Euskal Herri osoa ezagutzeko aukera izan dut.
Eta zu Jone?
Jone: Komunikazioko aholkularia naiz. Oraingoz, nik ez daukat hainbesteko konplexutasunik nire ibilbidean! Hainbat bezeroren marka eta komunikazio estrategiak kudeatzen ditut, eta hainbat alor ezberdin ukitzen dituen lan bat da.
Txisteak kontatzen ere pasa zenuen bolada luze bat Euskal Herriko hainbat herritan. Nola hasi zinen?
Kike: Kasualitatez hasi ginen! 1982. urtea izango zen. Tolosan, bagenuen Galtzaundiren aurreko Tolosa Berreuskalduntzeko Elkartea, eta gure helburua argia zen, ahalik eta jende gehienarengana iristea. Behin jakin genuen, iparraldean Irri gauak ospatzen zituztela, eta guk ere hori egin genuen, txiste afaria antolatu genuen. Ni ordurako jada txisteak idazten hasita nengoen Argia-n, eta Villabonan beste bat bazela esan ziguten, ez dakit non beste bat… Azkenean bost elkartu ginen. Sekulako arrakasta izan zuen, eta kanpotik ere jendea etorri zen. Handik aurrera, hainbat herritatik hasi ziren deika. Hegoaldean saio asko egin genituen. Lehen alaba jaio zenean moztu nuen txisteen ibilbidea.
Txisteak kontatzen ez Jone, baina zuk aita telebistan ezagutu duzu. Telebistan ikusten zenuenean lotsatzen zen horietakoa al zinen?
Jone: Lotsatu ez! Harrotasun umil puntu hori beti izan dut aitarekin. Zoritxarrez, umetan, telebistara joateko aukera iritsi zen ikastolara, Barrebusa programara joateko. A ze disgustua hartu nuen ezingo nuela joan esan zidatenean. Aita bertan ari zen lanean. Hala ere, hiru ahizpak oso harro egon gara aitaz!
Kike: Uste dut hiru alabei entzun dizuedala, aita, zure alaba izatea mierda bat da! [barrezka].
Norbera aurkezle den programak berriro ere ikusten dituen horietakoa izan al zara?
Kike: Bai etxean, eta baita lantaldean ere. Iruditzen zait aurrera egiteko modu bakarra dela. Kritika gogorrak entzutera ohitu behar duzu, baina egia da horretan zorte handia izan dudala gertukoekin. Konfiantza handia izan dugu gauza positiboak eta negatiboak aurpegira esateko garaian. Niri horrek asko lagundu dit.
Aitari aholku asko eskatzen al dizkiozu Jone?
Jone: Bai! Nire filtroa dira gurasoak. Inguruan gehiago ere baditut, baina niretzako profesionalki ere bi bidelagun dira. Haiek esandakoak kontuan hartzen ditut, gainera. Modu batera edo bestera elkarren artean mesedetxoak egitekoak gara.
Zerk erakarrita hasi zinen komunikazioa ikasten?
Jone: Aita gozatzen ikusi izan dut beti lanean, eta horrek ere erakartzen ninduen. Oso lan anitza da, eta landu daitezkeen adarrak asko dira. Etengabe aldaketa betean dagoen sektorea da, eta beti ari gara berrasmatzen eta berrikasten. Euskaltzaletasuna, kultur transmisioa, edo nazio ikuspegia modu batera edo bestera ekarpen bat egiteko aukera ematen du. Lanbide honek, aukera ematen du modu pertsonala eta profesionala nahasteko eta uztartzeko. Zortez, eremu asko ezagutzeko aukera izan dut komunikazioaren alorrean. Jende eta leku asko ezagutzeko aukera eman dit lanbide honek.
Gure Esku Dago egitasmoan ere aritu zinen komunikazio arduradun bezala. Bertigorik izan zenuen lan hartan hasi aurretik?
Jone: Bertigoa ez, baina errespetua bai. Garai hartan oso mugimendu zabala zen, eta oso indartsu zegoen. Aukera itzela izan zen hura niretzat, eta horrela hartu nuen. Ahal genuen heinean erantzuten saiatu ginen.
Kike: Guri ere harrotasun momentu batzuk eskaini zizkigun garai hark. Gogoan daukat Carles Puigdemont presidentearekin batera Waterloon (Belgika) ikusi genuen egun hura. Asko emozionatu ginen!
Telebistan eta enpresa alorrean badakigu euskarak dituen zailtasunak, baina, orokorrean, zein egoeratan dago euskara?
Kike: Azken urteetan euskara bidegurutzean dagoela defendatu izan dut. Bide garrantzitsu bat egin dugu, eta, munduan gutxi dira geurea bezelako biziberritze prozesu bat ezagutu duten herrialdeak, eta haiek ere geuri begira daude. Kanpotik jendea etorri berri da geure adibidea ezagutzera, eta alde horretatik badaukagu erreferentzialtasun hori. Hizkuntza gutxituen kalterako da mundua hartzen ari den norabidea. Etorkizunean neurri zorrotzak hartzen ez badira, orain arte irabazitakoa galtzeko arriskuan izango gara.
Jone: Oraindik ere urrats handiak egin behar dira leku askotan, esaterako, ikastolan bertan ere.