elkarrizketa

«Uste nuena baino larriagoa da egoera; erasan egin nau»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko azaroaren 14a

Astelehenean material bilketari ekin, bi furgoneta bete eta ostiralean Valentziara joan zen Jorge Rodriguez Sanchez boluntario tolosarra, hiru egunez laguntza humanitarioa emateko; «asteburuan jabetu naiz benetan zer den kaosa», esan du.

Hondamendi baten aurrean inoiz emandako elkartasun handienaren parte izan da Jorge Rodriguez Sanchez (Tolosa, 1995). Valentziako Benetusser eta Paiporta herrietan egon da asteburuan, laguntza humanitarioa ematen. «Oso pozik gaude egindako lanarekin. Larrialdiaren tamainaz konturatzeko balio izan du eta asko ikasi dut», adierazi du, eta gaineratu duenez, itzultzeko asmoa du.

Ez zen erraza izango bertara joateko erabakia hartzea. Asko pentsatu zenuen joan aurretik?

Ez. Lagun oso onak ditut bertan, eta oso gogorra izan da beraiek entzutea eta erakusten zidatena ikustea. Hori dela eta, gertatutakoa gertuagotik bizi izan dudanaren sentsazioa daukat. Oso gutxigatik ez dituzte harrapatu uholdeek, 200 metrogatik edo, baina bere gertuko eta ezagunei bai. Egunero ari dira laguntza ematen, eta hori ikusita, hara joateko beharra sentitu nuen.

Aurreko astean materiala biltzen aritu zinen. Zer eraman zenuen?

Hasiera batean, denboralea gertatu zen asteburuan joatea zen nire asmoa, baina ezinezkoa zela esan zidaten. Hurrengo astelehenean, mezu bat argitaratu nuen sare sozialetan, asteburuan bertara joango nintzela eta materiala biltzen hasteko asmoa nuela iragarriz. Mezu ugari jasotzen hasi nintzen, eta jabetu nintzen ez nintzela gai material guztia nik bakarrik eramateko; ia erotu egin nintzen. Zenbait lagunek nirekin batera joan nahi zutela esan zidaten, eta azkenean, bi furgoneta betetzea lortu genuen, Tolosatik eta Iruñeatik bana. Eskerrak! Garbiketarako eta lanerako materiala, segurtasunekoa, botikak, arropa eta elikagaiak eraman genituen.

Boluntario modura joan zara, eta bertan boluntario gehiagorekin aritu zara, ezta?

Nire hasierako asmoa bakarrik joatea zen. Azkenean, lau lagun joan ginen Euskal Herritik eta sei lagun elkartu ginen Valentzian. Bertan, milaka boluntario geunden, denak lagundu nahian. Hala ere, kaosa ikaragarria zen. Ez zegoen egin beharreko lanak koordinatzen zituen inor. Herritarrak eta boluntarioak ginen horren arduradunak. Boluntario askok ezin izan zituzten materialez betetako furgonetak herri batzuetara sartu, eta kilometro ugari egin behar izan zituzten oinez, poltsak eskuetan hartuta.

Zuek ere arazoak izan zenituzten materiala herrietara sartzeko?

Materiala herritarrei eskura eramatea zen gure asmoa eta ilusioa. Benetusserera iritsi ginen, eta bertako lagun batek laguntza humanitarioko baimenak utzi zizkigun. Helburua lortu genuen, baina kontrol ugari igaro behar izan genituen. Herrira iritsi eta furgonetako ateak ireki bezain pronto, herritar ugari genituen inguruan; behar handia zutela konturatu ginen. Azoka bat zirudien.

Une hunkigarriak ere bizi genituen. Adineko emakume bat gerturatu zitzaigun, baratxuri eta koloratzaile eske, negar batean. «Larunbata da, eta larunbatetan paella egiten genuen», esan zuen. Sekulako isiltasuna sortu zen bat-batean. Ezinezkoa zela esan genion, lehentasunezko materiala genuela, baina noski, berak aurreko errutinara bueltatu nahi zuen. Bestetik, gizonezko bat argi eske etorri zen. Frontal bakarra geratzen zitzaigun, hara eraman genuen handiena eta onena. Hura ere negarrez egon zen.

Non egon zarete eta zer aurkitu duzue bertan?

Gure asmoa ezezagunagoak ziren herrietara eta behar handiagoa zutenetara iristea zen. Azkenean Benetuserren egon gara, eta hara iristean hitz bera errepikatu genuen denok: gerra. Militarrak, anbulantziak eta sirenak ikusi eta entzuten genituen uneoro eta nonahi. Asteburuan jabetu naiz benetan zer den kaosa.

Espero gabeko egoera batekin egin duzue topo, beraz.

Hara joan eta ikusi egin behar da, bestela ezinezkoa da gertatutakoa ulertzea eta benetan jabetzea. Ni ezkortasun handiarekin joan nintzen, eta hala ere, uste nuena baino larriagoa da egoera; erasan egin nau. Gizakiok ez gaude prest gertatutakoa ulertzeko; katastrofe hitza entzun dezakegu, baina beste herrialdeetatik datorrela iruditzen zaigu, eta orain, hemendik gertu gertatu da. Lehen herri zirenak orain ez dira herriak; ezin dira errekonozitu eta hutsetik eraiki behar dira.

Aurreikusten ez zenituen lanak egitea egokitu zaizu, ezta?

Nik uste nuen kaleetako lokatza garbitzen ariko ginela, baina garajeetatik autoak ateratzen aritu ginen. Hori, berez, suhiltzaileen lana da. Ni, gainera, aurrez inoiz lan horietan aritu gabea nintzen. Mailuekin leihoetako kristalak puskatzen, sokekin kotxeak lotzen eta maniobra oso arriskutsuak egiten aritu ginen. Larunbatean lau ordu behar izan genituen garaje batetik auto bat ateratzeko. Igandean, berriz, Paiportan, zortzi atera genituen ordu eta erdian; hobeto antolatu ginen. Egun horretan ez genuen hona itzuli nahi, ondo ari ginelako lanean.

Rodriguez, Valentzian, erabat lokaztuta.

Garajeetan hezetasun handia zegoen eta deskonposizio kiratsa ere ikaragarria zen. Denboralea gertatu zenetik hamar egun igaro ziren, eta urak eta lokatzak kutsatuta zeuden. Produktu kimikoak, zaborra, material organikoa, animaliak, gorpuak... denetik eraman zuten uholdeek. Herri horietako asko oso pobreak dira, eta kale bazterretan lokatz handia eta hondakin ugari daude, baita pilatutako kotxeak ere. Entzun dudanez, 100.000 kotxe suntsitu dira. Zenbait herritan argindarrik gabe daude, gainera.

Herritarrekin egoteko aukera izan duzue. Zer kontatu dizuete?

Ez dute sinesten zer gertatu zaien, eta ez dute ikusi nahi. Begirada galduta dute; shock egoeran daude. Ezintasun izugarria dute, eta ezjakintasuna ere handia da. «Zergatik?», galdetzen dute etengabe. Normala da, dena galdu dutelako. Herritar bati kotxe bat garajetik atera genionean, giltzak eman zizkidan, martxan jartzeko proba egiteko. Ezinezkoa zela esaten nion, behin eta berriz. Azkenean, proba egin nuen, eta jakina, ez zen martxan jartzen. Hala ere, etengabe eman dizkigute eskerrak.

Nolako sentsazioa zuten agintarien jarrerarekin?

Nire iritziz, orain ez da momentua agintariengan fokua jartzeko. Herritarrengan egon behar du fokuak, hilabete luzeetako lana baitute. Agintarien aurka hiriburuan egin zen manifestazioan egon ginen. 130.000 lagun bildu ginen. Jendea oso haserre zegoen, amorruz beteta.

Behin Euskal Herrira itzulita, ze gorputzaldirekin zaude?

Oraindik Valentzian daukat burua, eta herritarren aurpegiak gogoratzen ditut tarteka. Denbora asko beharko dugu gertatutakoa asimilatzeko.

Berriro itzultzeko asmorik baduzu?

Egunero ari naiz ideia horri bueltaka, baina oso nekatuta nago. Bestalde, bertako eskolekin kontaktuan nago, eta hala ariko naiz datozen asteetan. Horietara eramateko materiala biltzen ari naiz. Norbanakoren bat edo ikastetxeren bat animatzen bada, jar dadila nirekin harremanetan. Hortaz, ziur naiz beste asteburu batean itzuliko naizela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!