Amarozko babes publikoko etxebizitza berrien inguruko bilera irekia, azaroaren 18an

Ataria 2024ko azaroaren 11

Babes publikoko 111 etxebizitza berriak eraikiko dituzten eremua.

Proiektua garatuko duen Eusko Jaurlaritzaren Visesa sozietate publikoak eta udalak azalpenak emango dituzte, 18:30ean, Amarozko Auzo Etxean.

Urriko osoko bilkuran, behin betiko onartu zuen Tolosako udalbatzak 20.1 Amarotz Paper-Fabrika eremuko hiri-antolamenduko plan bereziaren bigarren aldaketa. Bada, orain, bertan gauzatuko den proiektuari buruzko azalpenak emateko bilera irekia egingo dute, urriaren 18an, astelehena. Auzo Etxean izango da saioa, 18:30ean, eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera.

Saio horretan, proiektuaren xehetasunak aletuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren Visesa –Vivienda de Suelo de Euskadi SA - Euskadiko Etxebizitza Eta Lurra– sozietate publikoko eta udaleko ordezkariek. Visesak babes publikoko 192 etxebizitza eraikiko ditu, Amarotz paper fabrika zegoen orubean. 2.1 partzelan, alokairu sozialeko 111 etxebizitza eraikiko ditu; 2.2 partzelan, berriz, 81. 

Bi sustapenen baimenak urte honen amaierarako edo datorrenaren hasierarako eman ahal izatea da asmoa. Etxebizitzak eraikitzeko guztira 1.152.000 euroko diru ekarpena egingo dio udalak Visesari, 6.000 eurokoa etxebizitza bakoitzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!