Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 24. Iurre hirigintza-esparruan –Tolosaldeako Ospitalea kokatuko den eremuan– aldaketa puntuala egitea onartu du, aho batez, Tolosako udalbatzak. Ingurumen txostenaren zain egon da orain arte udala, erabakia onartzeko. 45 egunez egongo da jendaurrean, alegazioak jartzeko aukera egon dadin. Bitartean, txosten sektorialak eskatuko ditu udalak. Udalbatzak behin-behinean onartu ondoren, EAEko Lurralde Antolamenduko Batzordearen onespena jaso beharko du, ondoren, behin betikoz onartu ahal izateko.
Aldaketa hau «beharrezkoa» dela esan du Ander Figuerido hirigintza zinegotziak. Xarles Iturbe EAJko zinegotziak adierazi duenez, alderdi jeltzaleak pozez hartu du berria. «Era berean, denborak murrizten saiatzea eskatu nahi diogu udal gobernuari, hirigintza sailean lehentasunezko trataera izan dezan». Figueridok erantzun dio administrazioak bere epeak dituela, eta horiek «zorrotz» ari direla mantentzen: «Iazko ekainean jarri zen martxan kontratua. Azken urte eta erdian, ia beti izapidea Jaurlaritzaren esku egon da».
Iturbek esparruaren jabetzaren gaia nola kudeatuko duten ere galdegin dio: «Esparru hori udal jabetzakoa da gehien gehienean, baina ez %100ean. Zati bat eliza katolikoari lotutako erakunde batena da. Ez al da komeni hori konponduta edukitzea Osasun Sailarekin hitzarmena sinatu aurretik?». Horrez gain, aparkalekuen inguruko lanketarik edo alternatibarik pentsatu duten eta 2025eko aurrekontuetan lan horiek gauzatzeko diru partidarik aurreikusten duten azaltzeko eskatu du. «Jabetzari dagokionez, hirigintza plana aldatutakoan izango dugu aukera izapideak egin ahal izateko. Aparkalekuen kasuan, Tolomendik aurkeztutako hainbat alegazio izan ziren aurreko fasean, trafiko handiko eremua delako. Horri lotuta, azterketa bat egitea eskatuko dugu», erantzun zion Figueridok.
23 bizitokiko eraikin berria
Tolosako HAPOko 13 Laskoain esparruko 13.1 San Frantzisko pasealekua 37 azpiesparruko xehetasun-azterketaren eta azpiesparrua egikaritzeko araubidearen aldaketa behin betiko onartu du udalbatzak, gehiengoz. Oposizioak abstentziora jo du, «sustatzailearekin bakarrik negoziatu duzuelako eta bizilagunen zentzuzko eskariak kontuan izan ez dituzuelako». Xehetasun azterlana eta birpartzelazio proiektua onartuta, bi zatitan banatuko da eremua: aurreko eraikina mantenduko du udalak eta, atzealdean, eraikin berri bat egingo du 23 etxebizitzarekin.
Iturbek esan du ez datozela bat eraikigarritasun guztia atzeko blokera eramatearekin, «eraikinaren altuera ingurukoena baino handiagoa izango delako eta lerrokadurak errespetatuko ez direlako». Azken puntu horren inguruan, udalak azterketa juridiko bat egin duela erantzun dio hirigintza zinegotziak: «Ikusten da errespetatzen direla, baita bizilagunen eskubideak ere».Bestalde, eraikinaren babesaren inguruko erabakia hartuta egon arren, «alternatiba dotoreago eta orekatuago bat» bazegoela nabarmendu du EAJko zinegotziak: «Eraikigarritasunaren zati bat Villa Sagrado Corazon eraikinaren atzealdeari ematea. Presak eta presioek sustatzaileak nahi izandako konponbidea onartzera eraman zintuzten, ezohiko hirigintza izapide bat erabiliz».
Eremu horretako bizilagunen hainbat alegazio jaso ditu udalak, eta horiek erantzutea ere onartu dute bilkuran; horiekin dagokion txosten juridikoa egin dutela esan du Figueridok. Iturbek adierazi du zenbait alegazio onartzeak sustatzaileak mahai gainean jarritako proiektua osorik zuzentzea eta, ondorioz, hirigintza prozedura berri bati ekitea suposatzen zuela. «Dirudienez ez zaudete prest proiektuari azken buelta bat emateko. Azaldu beharko diguzue noiz merezi duen bizilagunen iritzia kontuan hartzeak eta noiz ez».
San Esteban eta Amarotz
San Esteban auzoko proiektuaz ere hitz egin dute bilkuran, 11. San Esteban» hirigintza esparruko aldaketa puntualaren berri eman dute. Iturbek salatu du udal gobernuak eraikigarritasunari «450 etxebizitzako muga» ezarri diola auzo horretan: «Bateragarria da Tolosa gune tenkatu kontsideratzeko prozesua martxan jartzea eta, era berean, Tolosako azken balizko ensantxearen hirigintza garapenari halako mugak ezartzea? Zer azterketa ekonomikotan oinarritu zarete horretarako? Hartu duzuen bidea auzo horretan ezer gerta eta garatu ez dadin berme egokiena da». Harrituta erantzun dio Figueridok: «Bide hau 2019an hasitako prozesua da eta aldagai bakarra etxebizitza kopurua da. Bestetik, gune tenkatu kontsideratzeak alokairuaren prezioa mugatzea ekarriko du eta ez etxebizitza gehiago ala gutxiago egitea. Azkenik, 450 etxebizitza egitea bideragarria dela esan digute, baita gutxiago ere».
Andu Martinez de Rituertok ere hartu du hitza etxebizitzen gaian: «Uste dut komeni dela gogoratzea Amarotzen 200 etxebizitza berri egingo direla, Iurreamendin 140, San Kosme eta San Damian eremuan 50, eta Bentaundirako proposamenean 100dik gora. Batuketa eginda, ia 1.000 etxebizitza berri dira. Horiei etxebizitza hutsak gehitu behar zaizkie, 300 inguru direla. Auzo askotan, gainera, bakarrik bizi den adineko herritar ugari dago. Ez bagara gai neurri egokiak hartzeko, arazoa handitu egingo da». Horri lotuta, bi irtenbide proposatu ditu: «Etxebizitza publiko gehiago eraikitzea edo hutsik daudenak merkatu publikora pasatzea, eta bestetik, etxebizitza espekulazio merkantiletik ateratzea. Etxebizitzak ezin du merkatuko ondasun bat izan, erabilerakoa baizik».
Etxebizitzari lotuta, Amarotz auzoan, paper-fabrika zegoen eremuan, bizitoki berriak eraikitzeko hiri-antolamenduko plan bereziaren bigarren aldaketari behin betiko onespena eman dio udalbatzak. Aurreikusitako babes ofizialeko 111 etxebizitzez gain, 81 gehiago eraikiko dituzte, guztiak alokairu sozialekoak. Baimenak datozen hilabeteetan jasotzea da udalaren asmoa, eraikinekin lehenbailehen hasteko. Honi lotuta, HAPOko 20.1. Amarotz Paper-Fabrika hirigintza azpieremuko 2.2 lursailean bizitegi errentamendu iraunkorreko araubide orokorrean babes publikoko etxebizitzen sustapena ahalbidetzeko, Vivienda de Suelo de Euskadi S.A. - Euskadiko Etxebizitza Eta Lurra Ea sozietatearekin lankidetza-hitzarmenaren behin betiko onespenaren berri eman dute.
Bi udaltzain berri eta garbiketa zerbitzua
Enplegu arloko zenbait erabaki ere hartu ditu udalbatzak. Batetik, 2024ko lanpostuen zerrenda behin-behinean aldatzea onartu dute, bi lanpostu gehituta: bi udaltzain laguntzaile. Egunerokotasuneko zenbait funtzio egokitzeko helburuarekin hartu dute erabakia, besteak beste, kaleko seinaleztapenaren kudeaketa (jartzea, zaintzea eta jasotzea) eta udalak azpikontratatuta duen posta zerbitzuak suposatzen duen gastu handia murriztea; azken hori dela eta, jakinarazpenak egiteko funtzioa gehitu zaie udaltzainei. Premiak bultzatuta azkar egin beharrekoak bete gabe geratzen dira maiz. Hori dela eta, beharrezko ikusten da jakinarazpenak udalaren barne pertsonalarekin burutzea, kostuak murrizteko eta eraginkortasuna irabazteko.
Bi kontraturen esleipena ere egin da urriko osoko bilkuran, hain zuzen, udal-eraikin eta hiri- altzarien garbiketarako eta herriko kaleak garbitzeko kontratuena. Lehenaren kasuan, kontratuaren luzapena gauzatuko da; bigarrenari dagokionez, UTE Tolosako Garbiketa 2024 enpresari esleitu zaio, 3.718.465,16 euroko balioagatik. Bi urteko iraupena izango du, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.
2025eko ordenantza fiskalak
Halaber, udalbatzak 2025erako ordenantza fiskal eta prezio publikoak onartu ditu. Salbuespenak salbuespen, tasen, zergen eta prezio publikoen %2,5eko igoera orokorra izango da, abuztuko inflazioaren datuetan oinarrituta.
Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan, aurrerantzean hobari berria aplikatuko da eguzkiaren energia aprobetxatzeko sistema termiko eta elektrikoak jartzen dituzten etxebizitza erabilerako eraikinentzat. Zergaren %50eko hobaria izango dute, eta gehienez bost urtez aplikatuko da.
Horrez gain, EH Bilduk eta EAJk adostuta, emendakin bateratu bat onartu da, alokairura bideratutako etxebizitzen hobaria zabaltzeko. Zehazki, Bizigune programan sartuta dauden etxebizitzez gain, alokairu segurua arrazoizko prezioan merkaturatzea helburu duen ASAP programan daudenek ere %50eko hobaria izatea adostu da. Etxebizitza turistikoei dagokienean, EH Bilduk aurkeztutako beste emendakin bat onartu da, VT delakoek OHZren %100eko errekargua izan dezaten, inolako salbuespenik gabe.
Herri-jabari publikoaren erabilera pribatiboari dagokionez, bi aldaketa aplikatuko dira. Garajeetako ibi iraunkorren kasuan, gutxieneko bost metroko lerroa hartuko da kontuan. Bestetik, zezen plazaren alokairuaren prezioa gainerako azpiegiturekin berdinduko da, 654 eurokoa izatera pasako da, alegia.
Aktibitate ekonomikoen titulartasun aldaketetan, jarduera aldaketarik edo zabalkunderik ez badago, herena izatetik irekiera tasaren %10a izatera jaitsiko da. Autotaxi lizentzia berrien edo esku aldaketenak ere jaitsiera nabarmena izango du, 2.500 eurora.
Hondakinen tasa izango da beste salbuespenetako bat. Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legeak horrela zehaztuta, bilketa zerbitzuak ezingo du defizitarioa izan aurrerantzean. Hau da, zerbitzuaren kostua zaborren tasaren bidez jaso beharko da. EAEko udalerri gehienetan gertatzen ari den moduan, igoera aplikatu behar da hori horrela izan ez dadin. Tolosaren kasuan, 2025erako kostu erreala kalkulatu da eta zerbitzua defizitarioa ez izateko %35eko igoera aplikatu behar da. Igoera hori txikiagoa izango da 1 eta 2 multzoko sortzaile berezientzat: bulego, arropa eta zapata denda eta beste saltoki batzuentzat.
Hobariak, berriz, bere horretan mantenduko dira: %20a aplikatuko da auzokonposta egiten dutenen kasuan, eta %30ekoa izango da autokonposta egiten dutenentzat. Landa guneek, berriz, tarifa orokorraren %75a ordaintzen dute, auzoetako erdiguneetan bizi direnek; sakabanatuta bizi direnek, berriz, %50.
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga: hobariei dagokienean ere emendakin bat onartu dute EH Bilduk eta EAJk, ibilgailu elektrikoen %60ko eta hibridoen %30eko hobariak denboran mugatu daitezen: gehienez bost urtez hobaritu ahal izango dira. Gainerakoak bere horretan mantenduko dira: familia ugarienak, 30 urte edo gehiago duten autoena…
Ordenantza fiskalei lotuta, EAJko udal taldeak bederatzi proposamen egin ditu 2025eko ordenantzetan txertatzeko asmoz, «justizia soziala eta jasangarritasunaren aldeko apustua bilatzeko helburuarekin».
Tolosako Udaleko 2023-2025 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan hiru aldaketa egitea ere onartu dute: Euskararen Normalizazioan Jatorkin Elkarteari LHko ikasleei errefortzu klaseak emateko 10.000 euroko laguntza, Gure Zirkuari kultur jardueren sustapenerako 3.000 euroko laguntza eta Tolosa CF-ri 10.000 euroko diru laguntza, futbol zelaiko belarraren egokitzapenerako. Aho batez onartu da.
Zinegotzi berria
Iraileko osoko bilkuran Xabier Balerdik bere kargua utzi ondoren, hilabete beranduago zinegotzi berria aurkeztu du EAJk: Javier Zabala. Azken bilkuran karguari zin egin dio. Iturbek eskerrak eman zizkion, «erakutsi duzun konpromisoagatik eta daukazun eskarmentu, profesionaltasun eta zintzotasunagatik; ziur naiz udalbatza aberastuko duzula».
Euskal Mendizaletasunaren Museoa
Amaitzeko, galderen eta eskaeren puntuan, Patxi Amantegi EAJko zinegotziak Euskal Mendizaletasunaren Museorako proiektuaren inguruan eskaera bat egin du. 2022ko azaroan iragarri zuten udalak eta Emmoa Fundazioak Euskal Mendizaletasunaren Museoa Arkaute Etxean kokatuko zutela. Udalak Emmoari eskatu zion proiektua gauza zezan, eta hauek udalari aurkeztu zioten zirriborroa. Hori, ordea, atzera bota zuten, zenbait irizpide betetzen ez zituelako. Udalak beste proiektu bat landu zuen, eta une honetan, bi proiektu ditu mahai gainean. «Iazko prest eduki nahi genuen, baina ez zen posible izan; gaia luzatzen ari da, proiektua ez da gauzatzen eta kezkatuta gaude. Euskal Herriarentzat oso egokia den proiektua da, eta eskatzen duguna da datorren urteko aurrekontuen zirriborroa aurkezterakoan, bere garaian emandako hitza bete ahal izango duen keinua txertatzea», esan du Amantegik.
Alkateak erantzun dio proiektuak udalari diru ekarpen oso handia egitea eskatzen diola, 600.000 euro hain justu, eta hasieratik bideragarritasun plan baten beharra aldarrikatu dutela: «Pasa den abenduan gogorarazi nien oraindik ez zutela planik ekarri». Besteak beste, inbertsioak har dezakeen bolumena ikusita, erakunde gehiagoren laguntzaren beharra azaldu zien alkateak. «Handik gutxira, proposamen bat jaso genuen, oso ondo zehaztutakoa, baina, BEZ barne, 1,4 milioi euroko gastua zuena. Hartutako konpromisoa argia izan arren, garbi ikusten dugu Tolosarentzat kopuru handia dela, eta herriak bere mugak dituela». 2024ko ekainean, bilera bat egin ondoren, idatziz esan zien alkateak konpromiso berarekin jarraitzen zutela, 600.000 euroko ekarpena egiteko prest zeudela, elkarlanean, etor zitezkeen diru laguntzak jasotzeko. «Interesa dugu proiektua aurrera atera dadin, eta egin ditugu mugimenduak, beti ere, argi adieraziz udalak esfortzu handi bat egiten duela. Orain erantzunaren zain nago».
Amantegik esan dio diru laguntzak jasotzeko «ezinbestekoa» dela inbertsioak egitea. «Berme guztiak nahi badituzu hori aurrera eramateko, eta bakoitzak jarriko duen diru kopurua aurreratzea nahi izatea ezinezkoa da. Lehenik, inbertsioa egin behar da, eta ondoren, diru laguntza jaso. Oraingoan ere, dirua aurreratzea egokituko zaigu, eta ziur gaude Jaurlaritzak eta beste erakundeak ere diru laguntza emango dutela». Bestetik, «hitza betetzea» eskatu dio udal gobernuari. «Konpromiso bat hartzen denean, hitza ematen da. Ahalegin guztiak egin behar dituzu hitza betetzeko. Bidean, gehiegitan, hitz horri uko egin diogula iruditzen zait».