2025eko ordenantza fiskaletarako proposamenak helarazi dizkio Tolosako EAJ-PNVk EH Bilduko udal gobernuari

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2024ko urr. 24a, 12:57

Talde jeltzaleak fiskalitate orekatu eta bidezko baten aldeko apustua egiten du, fokua gizarte ekitatean jarriz, betiere, jasangarritasunaren aldeko konpromisoa ahaztu gabe.

Egindako proposamenek justizia soziala eta jasangarritasunaren aldeko apustua bilatzen dute. Hau honela izanik, EAJ-PNVko Udal Taldeak 9 proposamen egin ditu 2025eko ordenantza fiskaletan txertatzeko.

OHZ (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga) zergari dagokionez, honako hauek dira proposamenak:

  • Hobariak OHZn, etxebizitza ohiko etxebizitzarako merkatu librean alokairuan jartzen duten pertsonentzat (eta ez bakarrik Eusko Jaurlaritzaren Alokabide bezalako programetan), betiere alokairuaren prezioa muga batzuen barruan egonez gero.
  • Ibilgailuentzako kargagailu elektriko homologatuak jartzen dituzten garajeetarako hobariak OHZn: hobaria mugatua izango litzateke denboran.
  • % 150eko errekargua OHZn, alokairu turistikoko erregimenean jarritako etxebizitzetarako. Gure ustez, ohiko etxebizitzarako ez diren etxebizitzek zerga karga handiagoa izan beharko lukete.

Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari dagokionez, hauek izan dira gure proposamenak:

  • Hobaria EIOZn, egindako obra etxebizitza alokairuan jartzeko bada, betiere prezio-muga batzuen barruan eta ezarritako denbora-epe bat igaro aurretik.
  • Hobariak EIOZn, erreforma-proiektua jasangarritasuna eta ingurumenarekin lotuta badago (klimatizazioa, energia-eraginkortasuna, etab.).
  • EIOZn lehendik dauden hobariak hobetzea, obrak oztopo arkitektonikoak gainditzeko edo pertsonentzako irisgarritasunean eragingo dutenak badira.
  • EIOZn lehendik dauden hobariak hobetzea, obra Alde Zaharrean edota Euskal Herria plazako eremuan egiten baldin bada: hiriguneko eremu horietako birgaitze urbanistikoa garrantzitsua dela iruditzen zaigu eta horretarako hobari fiskalak egokiak ikusten ditugu.
  • EIOZn eraikin babestuetan egiten diren eskuhartze lanetarako lehendik ere badauden hobariak hobetzea: helburua balio arkitektoniko berezia duten eraikinak eta ondarea ahalik eta egoera egokienean edukitzea delarik.

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari dagokionez, gure proposamena honako hau izan da:

  • Zerga horren egungo hobariari eustea baina hobari hori denboran mugatuz: oro har, ibilgailu horien prezioa merkatuko ibilgailuen batazbesteko prezioaren gainetik dago, beraz, neurri honekin jasangarritasuna eta ekitatea uztartu nahi ditugu.

Talde jeltzaleak lanean eta proposamen berriak lantzen eta helarazten jarraituko du etorkizunean ere tolosarren interesak eta ongizatea babestu asmoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!