Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak beste mugarri bat gainditu du gaur jokatu den Tolosako saioan. Izan ere, azken final-laurdenak jokatu dira arratsaldean Leidor aretoan eta dagoeneko osatu dira finalaurrekoak. Sarrera guztiak agortuta, giro beroan aritu dira Aitor Tatiegi, Andoni Rekondo, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Jon Gurrutxaga, Maider Arregi eta gaurko saioan gailendu den Nerea Eluntondo.
Hain justu, 500 punturekin irabazi du final-laurdena Elustondok. Beraz, zuzenean sailkatu da azaroaren 17an Oiartzunen jokatuko den finalaurrekora. Honela geratu dira gainerako bertsolariak: Arregi (494,5 puntu), Rekondo (479,5), Mantzizidor (473,5), Gurrutxaga (460) eta Tatiegi (446,5).
Gai-jartzaile lanetan Igotz Alkorta aritu da, eta epaile lanetan, berriz, Amaia Otxotorena, Karlos Ibarguren, Maite Sukia, Mikel Lersundi eta Zigor Leunda. Idazkaria, berriz, Aratz Irazustabarrena izan da.
Final-laurdenetako sailkapena
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako azken saioa jokatzearekin bat, osatu da finalaurrekoetan ariko diren bertsolarien zerrenda. Hauek izan dira sailkatutako bertsolariak: Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Unai Mendizabal, Oihana Iguaran eta Nerea Elustondo.
Puntuazioz sailkatutakoak, berriz, hauek izan dira: Agin Laburu, Maider Arregi, Asier Azpiroz, Amaia Iturriotz, Andoni Rekondo, Ane Labaka, Eneritz Artetxe, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Eñaut Martikorena, Oier Etxeberria eta Aner Peritz Euzkitze.
Datorren saioa bi aste barru izango da, azaroaren 17an, Oiartzunen. Dagoeneko saiorako sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian.