Tolosako saioak itxi zuen 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdena. Nerea Elustondo izan zen saio honetako irabazlea eta beraz zuzenean finalaurrekoetara pasa zen bertsolaria. Maider Arregi, Aitor Tatiegi, Iñigo Mantzizidor, Jon Gurrutxaga eta Andoni Rekondo izan zituen legazpiarrak kantukide. Orain arteko saio puntuatuena izan zen, seitik lau bertsolari pasa baitziren hurrengo fasera. Pasa ez zirenek ere aipamena merezi dutela esan beharrean nago, bikain aritu baitziren bai Aitor Tatiegi baita Jon Gurrutxaga ere.
Maider Arregik agurrean aipatu bezala, sei zuri euskaldun aritu ziren kantuan. Oñatiko bertsolaria, Tolosako babarrunei errezeta berriak asmatu asmotan heldu zen Tolosara. Andonik berriz, bere larrua babarrunen prezioan saldu nahi izan zuen. Nerea Elustondok aldiz, buzoa eta ilusioa jantzita bertaratu zela adierazi zigun. Mantxik ez dezatela puntuek esan bageran edo ezgeran aldarrikatu zuen. Azkoitiarrak, besteek adina egiten dek hik esanez bukatu zuen lehen agurra. Eta Aitor Tatiegik, bigarren oñatiarrak, Gipuzkoako hiriburu zaharrean mundu berri bat eraikitzeko nahia azaldu zuen. Eta denek, agindutakoa bete zutela esatera ausartuko naiz.
Ofizioei dagokionez, zortziko handian denak aritu ziren fin, erori gabe eta goia jo gabe aldi berean. Hamarreko txikiak orokorrean hobeagoak iruditu zitzaizkidan niri behintzat. Antzokia barrez lehertzea lortu zuten Nereak eta Mantxik. Nereak, entrenatu gabe bere Behobia bukatzeko nahiak adierazi zizkigun fisio zarauztarraren aurrean. Hala ere, nik ariketa honetan gehien azpimarratuko nukeen lana Maider Arregirena izan zen . Bera, euskal diasporatik etorritako euskaltegiko ikaslea zen eta benetan zer garen ikustera etorri zela aitortu zigun. Euskaraz lau baino ez zituela entzun esan zuen, eta herri hau idealizaturik zuela. Zalantzarik gabe, kritika bikaina euskal gizarteari; zer hausnartua eman beharko liguketen arrazoiak bota zituen.
Ganbarakoaren aurretik, puntu erantzunak eta zortziko txikiak izan zituzten, bizi eta zorrotz aritu beharreko ariketak. Denak ere fin eta erori gabe ibili ziren. Zortziko txikian, bai Andonik eta bai Mantxik barre ugari eragin zuten bi ikasleren pasarteak kontatuz. Hernaniarrak eta azkoitiarrak gaia aurrez barre eragitekoa bazen ere, jakin zuten publikoari irria eragiten. Bikain aritu ziren basozaina eta perretxiko zalearen paperetik batak besteari erantzunez.
Ganbarako gaietan, ariketa honekin lehendik pasa izan den bezala, sei gai eta estilo ezberdin ikusi genituen gai beretik abiatuta. Beste begirada batekin begiratu diozu gaur izan zuten kanturako gaia. Antzekotasun gehien izan zuena bi oñatiarrena izan zen, biak aritu baitziren etxegabeez kantari. Nereak, saioko irabazleak bere aldetik, bere ikasle bati aldatu zion begiratzeko modua; ikasle txarra izateak ez zuela zertan pertsona txarra izatea esan nahi ohartu baitzen, eta guztien alderdi onak bila ditzagun esanez amaitu zuen bertsoaldia. Beste hirurak ere oso fin ibili ziren bakoitza bere gaian.
Gure eskualdean egindako saio bakarrean, ez genuen eskualdeko ordezkaririk izan. Fase honetan hala ere, lau bertsolari izan ditugu Tolosaldekoak, eta haietatik bi igaroko dira hurrengo fasera, Unai Mendizabal eta Oihana Iguaran, hain zuzen ere. Fase honetan kantatu duten beste bi bertsolariak Beñat Iguaran eta Iñigo Gorostarzu Etxorde izan dira. Zorte on beraz pasa direnei. Eta pasa ez direnei, eskualdekoei zein besteei, besarkada bana.