Tolosako Udala San Esteban auzoa berritzeko plana ari da lantzen eta jendaurrean jarri du orain arte egindakoa. Hamabi panel osatu dituzte egindako azterketekin eta auzotarren ekarpenekin eta xehetasunak azaltzeko bi saio ere antolatu dituzte. Lehena auzoan bertan egin zuten joan den asteko ostegunean; eta, bigarrena, gaur izango da,18:30ean, Zerkausian.
Saio horiekin batera herritarren eskura daude aurrez aipatutako panel horiek: San Estebango auzo elkartearen aurrean egon dira ikusgai orain arte; eta, gaurtik aurrera, Zerkausian egongo dira.
Orain arteko lanketa
Lantalde teknikoa orain arte lantzen aritu da Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) eremu horren aldaketa puntualaren diagnostikoa eta aurrerakina. Dokumentu horrek antolamenduaren irizpide eta helburu orokorrak jasotzen ditu, eta eraiki ahal izango diren etxebizitza kopurua da ezaugarri nagusienetako bat: orain arteko planak 1.011 etxebizitza aurreikusten zituen; eta gaur egungo udal gobernuak kopuru hori 450 etxebizitza ingurura jaistea erabaki zuen.
Etxebizitza kopuruaz gain, prozesuan beste hainbat irizpide ere zehaztu dituzte, hala nola, Elosegi parkeko sarbideak egokitzea, aparkaleku berriak sortzea eta trenaren azpiko pasabidea handitzea.
Mantendu edo aldatu
Plana baldintzatzen duen faktoreetako bat da Bonberenea, eta bi aukera aurreikusi ditu udalak: Bonberenea lekualdatzea eta dagoen lekuan mantentzea.
Horren inguruan, auzotarrekin egindako bileran Ander Figuerido Hirigintza zinegotziak aipatu zuen Bonberenea dagoen lekuan mantentzearen alde egingo duela udalak: «Bonberenea kultur gune oso garrantzitsu bat da; eta ez bakarrik tolosarentzat, baita eskualdearentzat eta Euskal Herriarentzat ere. Gure saiakera izango da dagoen lekuan mantentzea».
Prozesua «luzea» izango dela aurreratu zuen udaleko ordezkariak eta bitartean beste zenbait lan egiteko asmoa ere adierazi zuen, besteak beste, gaur egun existitzen den aisialdi gunea –parkea eta bi mahai multzoak– bateratzea.
Auzotarren iritzia
Bilerara bertaratu ziren herritarrek begi onez ikusi zuten etxebizitza kopurua jaistea, baina zalantzan jarri zuten lanketak denboran irautea: «Ba al dago bermerik orain arte egindako lana etorkizunean errespetatzeko? Ala aldatu egin lezake etorkizuneko udal taldeak?». Udal ordezkariek erantzun zuten udalbatzak onartuz gero «pisua» aitortzen zaiola lanketari, baina horrek ez lukeela eragotziko etorkizunean aldatu ahal izatea.
Era berean, beste zenbait herritarrek aldarrikatu zuten planean etxebizitza publikoak «ahalik eta gehien» eraikitzea bultzatu behar duela udalak, eta etorkizunean horren alde egiteko ere eskatu zieten ordezkariei. Bestalde, auzotar batzuk eszeptizismoz ere hartu zuten udalaren lanketa: «Lau agintaldi daramatzagu denetariko planak entzuten, eta gero ezer ez da aldatzen».