Euriak ez du atsedenik eman gaurkoan, baina herritarrek ez dute galdu nahi izan urteroko zita den Tolosa Goxua azoka berezia. Euritakoen artean mugitu dira tolosarrak gozoak erosi ahal izateko, euriak halere gaurko errezeta gozoa ez du hondatzerik izan.
Goizean goizetik aritu dira Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleak —Laskorain, Samaniego eta Herrikide— gerora banatuko zuten bizkotxoz osatutako T erraldoi hori prestatzen. Ordurako, Trianguloa plazan herriko bertako gozotegiek euren postuak atondu dituzte, Euskal Herri osotik gerturatu diren beste hainbat gozogilerekin batera. Trianguloan kokatutako karpek aterpe eman diete gozozaleei eta zer erosia izan dute tarta, pastel, gaileta, txokolate, errege opil eta bestelako dozenaka gozoen artean.
Maite Uribe tolosarraren sagar tarta Tolosa Goxuako onena
San Frantzisko pasealekuan kokatuta zegoen Sagar Tarta Lehiaketari eskainitako gunea. Goizean zehar herritarrek euren sagar tartak aurkezteko aukera izan dute. Ondoren, Jon Sorarrainek, Eva Argiñanok, Elena Arzakek eta Armintz Gorrotxategik osatutako epaimahaiak tarta guztiak dastatzeko ardura izan du. Aurkeztutako 16 tarten artean Maite Uribe tolosarrarena izan da itxuraz zein zaporez puntuaziorik altuena jaso duena. Saria herriko gozotegietan —Eceiza, Ibañez-Gozona eta Rafa Gorrotxategi— gastatzeko 250 euroko balea jaso du Andu Martinez de Rituerto alkatearen eskutik. Maite Uribe bera ez du gerturatzerik izan, eta bere ahizpak jaso du saria bere izenean.
Bigarren postua ere Tolosan bertan geratu da. Dagoeneko txapela eskuratu izan duen gozogilea den Ximena Zeberiorena izan da aurtengo bigarren sagar tarta onena. Berak herriko gozotegietan gastatzeko 180 euroko balea jaso du, Aitor Agirresarobe azoketako zinegotziaren eskutik.
T erraldoia, 20.000 biztanleren langa ospatzeko
Herriko gozotegien eta herriko ikastetxeen arteko elkarlana izan da bizkotxoz egindako T erraldoi bat presatzea. Behin bizkotxoa osatuta, ikasleak aritu dira gozogile profesionalekin batera apaintzen. Honela, Tolosak 20.000 biztanleren langa gainditu duela ospatu nahi izan da herritarrekin batera.
Behin T gozoa prestatuta, egin beharreko argazkiak eginda, T-a mozteari ekin diote eta herritarren artean banatu dituzte bizkotxo puskak. Aterki eta aterki artean nola edo hala herritarrak iritsi dira Trianguloa plazan kokaturik zegoen karpara.
Hala ere, ospakizunak ospakizun unea aprobetxatu nahi izan dute 100 urte bete berri dituen Eceiza gozotegia zoriontzeko. Honela, Andu Martinez de Rituerto alkateak lore sorta eta oroigarria eman dizkio Moira Eceizari.
Gozoez gain, musika nonahi
Gozoaz eta euriaz gainera, musikak bere tokia ere erreibindikatu ditu gaurkoan. Esaterako, Tolosako Udal Musika Banda Gorriti plazatik abiatu da kalejira eskaini nahirik, baina euriak atsedenik eman ez dienez, udaletxeko arkupeetan eskaini dituzte prest zituzten abestiak.
Beste horrenbeste egin dute txistulariek, gaiteroek edo Tolosa Kantarik. Herriko babesguneak bilatu eta musika ez da falta izan Tolosako Alde Zaharreko kaleetan barrena.