ERREPORTAJEA

Ehun urte herritarrak goxatzen

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2024ko urr. 25a, 07:58

Eceizaren ehun urteko ospakizunetako familia argazkia. ATARIA

Mendeurren gozoa ospatzen ari da Tolosako Eceiza gozotegia; asteburuan Goxua azokan euren lana kaleratuko dute berriro ere.

Ehun urte asko dira. Edozer gauzatarako. Lanbide berean aritzeko. Jendaurrean zerbitzuan jarduteko. Merkataritza zeregin bera mantentzeko familian. Mende bat luze egiten da. Edozer gauzatarako. Eguneroko gorabeherak gainditzeko. Garai txarretan aurrera ateratzeko. Hamar hamarkada asko dira. Edozer gauzatarako. Egunero bezeroak artatzeko. Kalitatezko produktuak ekoizteko. Bezeroarekiko gertutasuna zaintzeko.

Oso gutxi dira marka horretara iristen diren dendak. Mundu osoan hala da. Eta Tolosaldean berdin. Herritarrak goxatzen iritsi da data horretara Tolosako denda bat. Gozotegi on asko daude Tolosan. Asteburu honetan izango da herriko azokarik goxoena. Eta aurten 100 urte bete dituena ekarri nahi izan ditu Ataria-k orri hauetara: Eceiza gozotegia. Nork ez ditu bere bonbak probatu? Bere teilak eta zigarrotxoak?

1924an ireki zuen Nicolas Eceiza urkizuarrak obradorea edo lantegia eta denda Rondilla kalean, 34. zenbakian. Gainean bizi zen. Maria Bengoetxea emazte lizartzarra jendaurrean aritzen zen. 40 urte beranduago, Leidor zinemarekin bateratsu, beste denda ireki zuen Luis semeak San Frantzisko kaleko 8. zenbakian Esperanza de Juan emaztearekin, zabalguneko etxe berriei zerbitzua emateko. Lantegi berria Amarotzen ireki zuten 2006an, Rondilla kaleko zaharra ordezkatzeko. Lanbide berean familiaren laugarren belaunaldira iritsi dira. Egunero goizean goiz jaikiz eta urtean bi egunetan bakarrik itxita dendak, Eguberri eta Urte Berri egunetan. Sustraiak eta errezetak mantenduz, artisau erako lanean jarraituz, gozotegi industrialei aurre eginez. Prezioa ez bada berdina, kalitatearen eta produktu freskoaren aldeko apustuagatik dela diote eceizatarrek. Tolosaldeaz gain, bere produktuak Goierri eta Donostia arteko 30 kafetegi eta jatetxetan ere dasta daitezke.

Herriko gozotegi ospetsuak

Esperanza De Juan eta Luis Eceiza. JOSEBA URRETABIZKAIA

Eceizaren aurretik ere izan dira gozotegi ospetsuak Tolosan. Horietako batean, besteak beste, ikasi zuen Nicolas Eceizak, Olasagastin, Rondilla kalean bertan. Mujika zegoen Rondilla eta Arostegieta kaleen artean. Malkorra Korreo eta Leitza kaleen artean. Garmendia, Ugarte, Kitin Goenaga… ziren beste batzuk. Gozogile askoren ikas lekuak izan ziren gozotegi historiko horiek.

Javi, Patxi eta Xabier Eceiza. JOSEBA URRETABIZKAIA

Bigarren belaunaldia Luis Eceizak bete zuen. 16 urterekin hasi zen gurasoei laguntzen eta 65ekin jubilatu arte bertan aritu zen. Luisen lau semeak —Luis Mari, Juan, Javier eta Patxi— aritu dira etxeko lantokian urte gehiago edo gutxiago. Luis Mari hil zen eta bere alarguna Pilar Camon ere aritu zen lanean, duela gutxi erretiroa hartu arte. Orain bi biloba —Xabier eta Moira, Luis Mariren seme-alabak— ere aritzen dira bertan, laugarren belaunaldia osatuz. Eta langile mordoa pasatu da bertatik. Gaur egun 20tik gora dira, erdiak dendetan saltzen eta beste hainbeste lantegian, horietako batzuk urte asko egin dituztenak 100 urteko historia honetan. Denen artean, eta azukrearen fama txarra gaindituz, une gozoak eskaini dizkigute tolosarri mende osoan zehar.

Juan Eceiza. JOSEBA URRETABIZKAIA

Urte batzuetan Urbil merkataritza-gunean jarri zuen kafetegian aritu zen Juan, etxeko produktuak salduz, itxi zen arte. Eta Javierrek Casa Eceiza sortu zuen beste bazkide batzuekin, etxeko errezetak erabiliz, baina gaur egun familiak ez du parterik enpresa horretan. «Harreman ona dugu beraiekin. Batzuetan bere bezeroak gara eta beste batzuetan bere hornitzaileak», dio Moira Eceizak.

Pilar Camon eta Moira Eceiza. JOSEBA URRETABIZKAIA

Pastak, pastelak eta tartak hasi zen egiten Nicolas. Horretarako gozotegietan ohiko diren generoak erabiliz: irina, azukrea, almendra, esnea, mantekila, txokolatea… Kafea zerbitzatzen ere aspalditik ari dira, horretarako tarte-planta egokituz Rondilla kaleko lantegiaren gainean. Geroago bonboiak eta opilak etorri ziren. Turroiak egiten ere urte asko daramate. Geroago hasi ziren izozkiak eta ogia saltzen, nahiz eta bertan ez egin. Egun hauetan buñuelo eta santu-hezurrak eskainiko dituzte urtero bezala.

Bonbak, teilak eta zigarrotxoak

Gozotegi guzietan antzeko salgaiak egiten dituzte, baina kalitatea da etxe honen marka. Lehen mailako osagaiak, esku ona eta eguneroko lana dira emaitza horren sekretuak. Eceizako bonbak famatuak dira, krema, esne-gaina eta chantilly aukerak izanik, azken hauek gurina eta merengea nahastuz. Teilak eta zigarrotxoak ere ez dira atzean gelditzen. «Casa Julian erretegiak asko lagundu zuen zabaltzen, hemen eta kanpoan. Ondo mantentzen zen produktua zela ikusi zuen eta postre bezala jartzen hasi zen zigarrotxoekin batera», adierazi zuen Luis Eceizak Ataria-n duela hamar urte. Casa Julianeko Julian Rivas Eceizaren laguna zen eta txuleta ederraren ondoren kalitateko postre arina eta xumea eskatu zion duela 60 bat urte. Bartzelonako azoka bateko errezeta katalan batean oinarrituta, almendrazko teila eta mantekilako zigarrotxoa aurkeztu zizkion. Ospea lortu dute nazioarte mailan. Ontziratuta ere saltzen dituzte, denbora gehiago iraun dezaten. Tolosako ikurrak bilakatu dira xaxu eta babarrunekin batera opari gisa.

Pastelen artean zabala da Eceizaren aukera. Denek dute izena, nahiz eta jende askok ez jakin.

Pastelen artean zabala da Eceizaren aukera. Denek dute bere izena, nahiz eta jende askok ez jakin: jesuita, kontea, suela, tximista, mozkorra, errusiarra, merengea, tocino de cielo, merliton, sagarrarena, kanutilloa, milorria, gotzaina, submarinoa, kaña, petisu, gaztarena, maskota, bizkotxoa, laranjazkoa, marrubizkoa, Juanita, biscuit, txokolatezkoa, trufazkoa, brownie… Zenbat ezagutzen dituzue? Luisek jarri zien izena gehienei. Azken berrikuntza azenario pastela izan da, duela hilabete gutxi, eta arrakasta lortu omen du. Probak egiten joan eta bezeroaren erantzuna begiratzen dute: «Cup cake probatu genuen adibidez, baina ez zuen arrakastarik izan», dio arduradunak.

Opiletan ere produktu asko dituzte: croissant, napolitana, suitzarra, ensaimada, pasa, zortzia, brioche, palmera, donuts, lazoa, delizia… Tarta eskaintza ere ugaria da eta bere ospea dauka eskualdean: milorria, bisigua, pantxineta, sagarrarena, euskal pastela, frutazkoa, maskota, moka merengea, gorringo eta esne-gaina, tronkoak, gaztarena, tarta izoztua… Etxean egindako pastak ez dira ahaztu behar. Garai berrietara moldatuz, zeliakoentzat glutenik gabeko gozokiak ere egiten dituzte Eceizan, bere lana eman arren, kutsatzeko arriskua dutelako. Ezin betikoan gelditu, bezeroen eskaeretara egokitu behar da merkataria.

Hozkailua, ezkontzak eta Hiribusa

Hainbeste urtetan hobekuntza ugari ezagutu dituzte gozotegian materialen aldetik. «Aldaketa garrantzitsuena hozkailua izan zen. Hari esker produktuak hobeto mantentzea lortu genuen eta lehen hori ezinezkoa zen. Horri esker tarta erdi-hotzak egiten hasi ginen eta arrakasta handia izan dute», eransten zuen Luis Eceizak. Mikrouhina ere aipatzen zuen aurrerapen nagusien artean. Aurretik, labe elektrikoek egurrezkoak ordezkatu zituzten. Honekin lotuta, anekdota polita kontatzen dute urte osoan lan gehien duten egunari buruzkoa. 1948ko urtarrilaren 4an istripu bat izan zen Izaskungo harrobian eta sare elektrikoa kaltetu zuen. Tolosa osoa elektrizitaterik gabe gelditu omen zen eta, errege-opilak egiteko komeriak izan omen zituzten egun hartan.

Egun berezietan postre gozoa etxeratzeko ohitura gutxituz joan da nonbait

Herriko jaietan eta indarra galdu duten jaiegun berezietan —San Jose, Santiago— izaten ziren salmenta handienak. Horrelako egunetan postre gozoa etxeratzeko ohitura gutxituz joan da nonbait, familiako partaide kopurua txikitu delako eta askotan ospakizunak jatetxeetan egiten direlako. Ezkontzak gutxitu diren garai honetan, maiatzetik uztailera astebururo inguruko jatetxeentzat egiten zituzten tartak gogora ekartzen dituzte belaunaldi zaharrenekoek. «Garai batean jatetxeek ez zuten postrerik egiten, gozotegietan erosten zituzten. Hori aldatu egin da», dio dendako arduradunak. Azken urte hauetan ugaritu diren kafea eta ogia saltzeko denden konpetentziari aurre egiteko lana eta zerbitzu ona eskaintzea bezalakorik ez dagoela badakite Eceizan.

Sorrera egunaren data zehatzik ez dutenez, urtean zehar ospatu dute mendeurrena, ohiko bezeroei bonba txikiak eta txokolatea oparituz eta bonbak, tartak, txokolatea, gosariak eta meriendak zozketatuz haien artean. «Jendearen erantzuna ikusita, sari kopurua bikoiztu egin genuen», dio Moirak. Eta gozotegian lan egindako 43 lagun elkartu ziren duela gutxi bazkari batean, tartean familiaz kanpoko lehen langilea, Maria Pilar Amantegi, birraitonarekin hasitakoa, eta 13 urterekin hasi eta duela hiru urte erretiroa hartu zuen Lourdes Etxabeguren. Ehun urtetan bi dendak itxita egon diren egun bakarrenetakoa izango da, Eguberri eta Urte Berri egunak kontatu gabe.

Bukatzeko, aipatzekoa da duela urte pare bateko anekdota. 2022ko urtarrilaren 20ko goizean Tolosako Hiribus elektrikoak Rondilla kaleko Eceiza gozotegiaren aurka talka egin zuen, gelditu ezinik, denda kristalez betez. Sustoaz aparte, ez zen kalte handirik izan. Inauteri horietan, tolosarren umorea eta txinpartaren adierazgarri gisa, konpartsetako parodia batzuen gaia bilakatu zen istripua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!