Tolosako kiroldegian gizon batek emakume bati eraso egin ziola salatu zuen joan den asteartean Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak eta, gaur, erasoa salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Tolosako Trianguloa eta Euskal Herria plazetan.
Tolosaldeko Itaiak zein Tolosako Asanblada Feministak salatu dute emakumeek egunerokoan jasaten dituztela matxismoaren ondorioak: «Hori gutxi ez eta, gainera, gu estigmatizatzen eta baztertzen gaituzte gizartetik». Azken erasoaren harira Tolosan urtean zehar gertatu diren gainerakoak ere ekarri ditu gogora Amaia Simpler Itaiako kideak, eta gehitu du urtarriletik abuztura, Hego Euskal Herrian, «gutxienez» 5385 sexu eraso gertatu direla.
Itaiako kidearen esanetan, «ideia faxisten eta erreakzionarioen gorakada» ideia zein jarrera matxistak «normalizatzen» ari da: «Ikusi besterik ez dago nolako gorakada izan duten indarkeria matxistaren kasuek, eta horren aurrean nolako desmobilizazioa nagusitu den». Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko dei egin dute, besteak beste, indarkeria hori «gauzatzen dutenak» seinalatuz eta indarkeria jasandako emakumeek euren bizitzekin aurrera jarraitzeko «baldintzak bermatuz».
Horretarako, matxismoaren aurkako «kontzientziazioan eta borrokan» jarraituko dutela ere aldarrikatu dute: «Guztion ardura da eraso ororen aurka erantzun aktiboa edukitzea eta honelako beste erasorik gerta ez dadin borrokatuko duen jendarte bat eraikitzea».
Indarkeria «edozein esparrutan»
Tolosako Udalak ere gaitzetsi du erasoa, eta Tolosako Asanblada Feministaren elkarretaratzearekin egin du bat Trianguloa plazan. Bertan, Mugimendu Feministako Irma Arnaizek seinalatu du «edozein esparrutan» gerta daitekeela emakumeen aurkako indarkeria: «Etxean, lanean, festan, aisialdian zein kirola egiten». Hari berari tiraka, Goiuri Eceiza Tolosako Udaleko zinegotziak nabarmendu du «eraso guztiak» salatu nahi dituztela, erakustaldi «txikienek» ere indartzen dutela-eta «hain normalizatuta dagoen matxismoa».
Zentzu horretan, biek ala biek autodefentsa feminista aldarrikatu dute: «Ahalduntze indibidualerako eta kolektiborako estrategia ezin hobea delako, indarkeria matxista identifikatzen laguntzen digulako eta biolentziarik gabeko bizitzarako bideak zabaltzen dituelako». Era berean, aipatu dute jabetzen direla eraso baten ostean beti ez dela «erraza» ahotsa altxatzea: «Horretan ere lagun izango gaituzue. Zuen bozgorailu izango gara».
Gaineratu dute «laguntza eta elkartasuna» adierazi nahi dietela erasotuari eta haren inguruari, eta gogorarazi dute baliabideak eskuragarri dituztela Tolosako Udalean eta Andragoran, Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Amaitzeko, berriz, nabarmendu dute emakumeek «inoiz erantzukizunik» ez dutela: «Emakumeok ez dugula inoiz erantzukizunik bizitutako indarkerian; edozein izanik ere ordua, tokia, janzkera eta erasotzailearekin edo erasotzaileekin dugun harremana».
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gaitzetsi du erasoa eta adierazi du bat egiten duela udalaren adierazpenekin. Bestalde, gehitu du horrelako erasoen jatorria gizonen eta emakumeen arteko «berdintasun falta» dela: «Eskubide bortxaezinak dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, duintasuna, sexu-askatasuna eta pertsonen osotasun fisikoa; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean».