Zeinu-hizkuntzako ipuin kontaketa saioa izango da gaur, Tolosan

Ataria 2024ko urriaren 24a

Julian Rodriguez, bi liburuekin, artxiboko irudi batean.

Julian Rodriguezek zeinu-hizkuntzan kontatuko ditu hark egindako klasikoen bi egokitzapen, 5 eta 7 urte arteko haurrentzat: 'Txanogorretxu' eta 'Hiru txerritxo gorrak'. Saioa Tolosako haur liburutegian izango da, 18:00etan.

Ikasturteari hasiera emateko irisgarritasun unibertsala oinarri hartu du Tolosako Udal Liburutegiak, eta, hori medio, hainbat ekintza eta egitasmo jarri ditu martxan. Hasteko, Euskarazko Irakurketa Errazeko kluba sortu nahi dute. Saioak astelehenetan izango dira azaroaren 4tik abenduaren 9ra bitartean, eta aurrez eman beharko da izena. 10 lagun bildu beharko dira taldea osatu ahal izateko.

Horrez gain, ipuin kontaketa berezia antolatu dute, gaur. Julian Rodriguezek zeinu-hizkuntzan kontatuko ditu hark egindako klasikoen bi egokitzapen: Txanogorretxu eta Hiru txerritxo gorrak. Euskararako interpretazioko udal zerbitzua eskainiko da eta 5-7 urtekoei zuzentzen zaie. Saioa Tolosako haur liburutegian izango da, 18:00etan, eta edukiera mugatua izango du. Izen ematea liburutegiaren webgunean dago irekita.

Lupa elektronikoa, dohaintzan

Azarotik aurrera, gainera, helduen liburutegiko interesguneak irisgarritasuna areagotuko du, Next Generation funtsetako laguntza helburu horretara bideratu baitute: eleberri egokituak (irakurketa erraza, XL letra, etab.) eta ikasgaiak (eskuliburuak, etab.) izango dira eskuragarri haur eta helduentzat. Datozen hilabeteetan, irisgarritasuna beste esparru batzuetan hobetzeko tresna gehiago eskuratzen jarraituko du liburutegiak.

Irisgarritasuna areagotzeko eskuratutako materialaz gain, udal liburutegiak dohaintza bat ere jaso du, German Cabarbayen Plaza erabiltzaile fidel eta kuttunaren familiaren eskutik: TV Xtend lupa elektroniko bat, liburuen letra handiago irakurtzeko balio duena. Honi esker, ikusmen-urritasuneko arazoak dituzten pertsonek liburutegiko liburuez gozatzeko aukera izango dute aurrerantzean. Udal liburutegiak eskerrik beroenak luzatu nahi dizkio familiari, beste behin, dohaintza hain baliotsua egiteagatik.

Liburutegiak dohaintzan jaso duen TV Xtend lupa elektronikoa. Argazkia: Tolosako Udala.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!