Euskarazko Irakurketa Errazeko kluba sortu nahi dute

Ataria 2024ko urriaren 9a

Argazkia: @LF_Euskadi

Saioak astelehenetan izango dira azaroaren 4tik abenduaren 9ra bitartean, eta aurrez eman beharko da izena. 10 lagun bildu beharko dira taldea osatu ahal izateko.

Tolosako udal liburutegian Irakurketa Errazeko irakurketa kluba sortu nahi dute euskaldun zahar nahiz euskaldun berriek euskaraz irakurtzen trebatzeko. Taldea jarri nahi dute martxan, liburutegiko arduradunek esan dutenez, «modu ludikoan eta parte hartzailean, irakurketa prozesua errazteko eta taldean ikasteko».

Kluba helduei zuzendu nahi die udal liburutegiak eta dinamizatzaile bat izango du. Saioak azaroaren 4, 11, 18 eta 25ean eta abenduaren 2 eta 9an izango dira, astelehenetan, alegia, 18:00etatik aurrera haur liburutegian. Izena emateko, honako esteka honetara jo beharko dute interesatuek.

Hamar pertsonako taldea osatu nahi dute eta arduradunek aurreratu dutenez, klub honetan irakurketak saioetan bakarrik egingo dituzte, «parte hartzaile guztiak martxa berean joan daitezen». Unean dauzkaten zalantzak argituko dituzte, ulermena hobetzeko asmoz. «Beraz, taldea ez da ardaztuko euskara akademikoa lantzean, eta literaturaz gozatzea eta euskaraz mintzatu eta irakurtzea izango du helburu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!