Inauterietarako txosnagunea antolatzeko bilera

Ataria 2024ko urriaren 17a

Tolosako Txosna Batzordeak urriren 23an bilera irekia egingo du, eta herriko eragile guztiei luzatu die parte hartzeko gonbidapena.

Tolosako Txosna Batzordeak azaldu duenez, Inauterietarako txoznagunea antolatzen hasiko dira. Hori dela eta, datorren asteazkenean, hilaren 23an, 19:30ean Tolosako kultur etxean antolatu duten bilera irekirako herriko eragile orori luzatu diote gonbidapena. «Bertan txosnen antolakuntzan parte hartu nahi duen orok izango du lekua, inauterietara begirako prozesu honetan hasieratik parte hartu eta ekarpena egiteko. Gainera, gurekin harremanetan jarri nahi duen eta zalantza edota galderak izan ditzakeen edonorentzat ere erabilgarria izan daiteke batzar hau», azaldu dute.

Inauterietan txosnek duten garrantzia nabarmendu du Txosna Batzordeak: «ezinbestekoa iruditzen zaigu antolakuntzan parte hartzeko aukera irekitzea eta nahi dugun guztion artean egitarau erakargarri bat antolatzea inauterietan, eragileen arteko elkarlana oinarri izanik eta herrian eskaintza kultural zabala eskainiz».

Batzordearen arabera, txosnak «etengabe berritzen joan beharreko espazio bat dira, herriko belaunaldi desberdinetara iristeko ahalmena duena». Hala, batzordearen nahia da Tolosako txosnak «bere kabuz antolatuko den espazio bat izatea, herriko eragile desberdinen elkarlanetik eraikitzen dena, herritarrek bere egiten dutena eta etorkizunean ere egingo dutena».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!