Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak azken sexu erasoak gaitzetsi ditu

Ataria 2024ko urriaren 15a

Tolosako Asanblada Feministak deituta Tolosako azken sexu erasoak gaitzesteko egindako elkarretaratzea.

Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak oharra kaleratu du pasa den astean Tolosan sexu erasoak egiteagatik atxilotutako gizonezkoaren harira. Esan du gertakari horrek «konpartsa inplikatu» duela, eta horren aurrean «pertsonen duintasuna eta oinarrizko eskubideak urratzen dituzten edozein portaera arbuiatzen» duela adierazi nahi izan du.

Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak «irmoki gaitzetsi» ditu azken egunotan argitara atera diren eta «konpartsa inplikatu» duten gertakariak. Konpartsak adierazi du urte luzez aritu direla komunitatearen alde lan egiten «elkarbizitzan eta errespetuan oinarrituta, tokiko kultura sustatzen». «Bereziki etxeko txikienekin gabiltza lanean, horiek baitira gure jardueren erdigunea eta harro gaude herriarekin eraiki dugun loturaz», gaineratu du.

Konpartsaren helburua «ingurune seguru eta osasungarriak» bermatzea dela nabarmendu du eta bide horretan lanean jarraituko duela gaineratu du. Zentzu horretan, «berdintasunarekin, errespetuarekin eta elkarbizitzarekin» duen konpromisoa berretsi du.

Honen aurrean, biktimei elkartasun osoa adierazi die eta herritar guztientzako «inklusio eta segurtasunezko giro osasuntsua mantentzeko» lanean jarraitzeko konpromisoa nabarmendu du: «Konpartsan ez dugu balio horien aurkako jarrerarik onartzen, ezta inoiz onartuko ere».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!