Ertzaintzak 18 urteko gizonezko bat atxilotu du aste honetan Tolosan, zenbait emakumeri sexu ukituak egin eta bide publikoan masturbatzeagatik. Azken hilabeteetan, hainbat emakumek salatu dituzte gertakari hauek. Gaur, Tolosako Asanblada Feministak eta Tolosako Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute Trianguloa plazan; dozenaka herritar batu da deialdira.
Bai asanbladatik, baita udaletik ere, azken hilabeteetan herrian gertatutako kasuak «indarkeria matxista» direla salatu dute, eta laguntza eta elkartasuna adierazi diete erasotutako emakumeei zein bere inguruneari, «jasandako erasoa biziki salatuz eta, gogoraraziz, udalean nahiz Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean eskuragarri izango dituztela baliabideak».
Emakumeen aurkako erasoen sustraia «agerikoa» dela nabarmendu dute: «Emakumeok bizitzako esparru askotan nozitzen dugu egiturazko desberdintasun-egoera, gure egoera soziala, adina, heziketa edo jatorria edozein dela ere. Halaber, gogorarazi nahiko genuke emakumeok ez dugula inoiz erantzukizunik bizitutako indarkerian, edozein izanik ere ordua, tokia, janzkera eta erasotzailearekin edo erasotzaileekin dugun harremana. Indarkeria beti da egiten duenaren edo dutenen erantzukizuna. Azken hilabeteetan, behin eta berriz esan dugun bezala, guk beti sinistuko zaituztegu».
Iruñeko erailketa
Gaur, eraso zehatz bat salatzeko elkartu badira ere, «emakumeen aurkako erasoak asko eta mota askotakoak izan ohi direla» gogoratu nahi izan dute. «Horiek guztiak amaitzea da gure helburua, indarkeria sexistarik gabeko herri bat eraiki nahi dugulako eta horren alde ari garelako. Horretarako, gizartearen, eta konkretuki, gizonen konpromisoa ezinbestekoa da».
Amaitzeko, gogora ekarri dute atzo goizaldean Iruñean gertatutako erailketa matxista. «Ez genuke aipatu gabe utzi nahi Kayle Villar Ponsen hilketa. Gizon batek hil zuen labankadaz. Gure samina helarazi nahi diegu familia eta lagunei».
Iruñean gertatutako erailketa salatzeko, Lurgatz talde feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar, urriak 11, Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian, 18:30ean.
Jarrera matxisten «normalizazioa»
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak Euskal Herria plazan egin du elkarretaratzea Tolosako sexu erasoak eta Iruñeko erailketa salatzeko. Erasoak jasan dituzten emakumeei eta haien ingurukoei elkartasuna adierazi diete lehenik eta, jarraian, seinalatu emakumeak direla «baztertuak eta estigmatizatuak» indarkeria matxista kasuetan.
Hari berari tiraka, nabarmendu dute «ideia faxisten eta erreakzionarioen gorakada» ideia zein jarrera matxistak «normalizatzen» ari dela: «Eskuineko posizioek matxismoaren existentzia ukatu eta emakumeon irudi otzana indartzeko saiakera egiten dute etengabe. Horrek, jakina, zuzenean eragiten du erasoen eta erasotzaileen etengabeko inpunitatean».
«Egoera larria da» antolakunde sozialistako kideen iritziz, eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko dei egin dute, besteak beste, indarkeria matxista «gauzatzen dutenak» seinalatuz eta indarkeria jasandako emakumeek euren bizitzekin aurrera jarraitzeko «baldintzak bermatuz».
Horretarako, matxismoaren aurkako «kontzientziazioan eta borrokan» jarraituko dutela ere aldarrikatu dute: «Guztion ardura da eraso ororen aurka erantzun aktiboa edukitzea eta honelako beste erasorik gerta ez dadin borrokatuko duen jendarte bat eraikitzea».