Tolosarrontzat arrotza da Irene Caminos Yarza (Tolosa, 1998) aulkirik gabeko bizikleta baten gainean ez ikustea. 12 urte zituela, Hondarribira Euskadiko Txapelketa ikustera joan, eta bertan piztu zitzaion triala praktikatzen hasteko gogoa. Tolosako bankuetara igotzen hasi zen, eta herrian bertan emango dio amaiera ibilbide profesionalari, larunbat honetan. Irene Caminosen azken saltoa! ikuskizuna egingo du Euskal Herria Plazan, 16:30ean hasita. Horrekin batera, trial lehiaketak albo batera utziko ditu denboraldi amaieran; hala ere, erakustaldiak egiten jarraitzeko asmoa du.
Larunbatean egingo duzu azken saltoa. Urduri zaude?
Oso pozik eta gogotsu nago. Urtebete baino gehiago da ekitaldi hau prestatzen hasi ginela. Espero dugu guztia aurreikusi bezala joatea.
Ondo antolatu duzue, beraz.
Bai. Iazko denboraldi amaieran erabaki nuen hau izango zela azken urtea trial txapelketetan. Julenekin anaiarekin hitz egiten hasi nintzen, herrian bertan zerbait antolatzeko. Hori bai, zerbait egitekotan, handia izan behar zuela esan nion. Horrela, urtarrilaz geroztik, udalarekin harremanetan egon gara. Ez zen erraza izan eguna erabakitzea. Urteko sasoi honetan txapelketa asko izaten dira, baina, aldi berean, eguraldiak laguntzea ere nahi genuen.
Zer da prestatu duzuena?
Ez da txapelketa bat izango, baina lehiaketa kutsuko erakustaldia izango da, eta sariak egongo dira. Hamahiru urte egin ditut trial munduan, eta hasieratik nirekin egon diren pilotu eta lagunak Tolosara gonbidatu nahi izan ditut, nirekin batera ekitaldi honetan parte hartu dezaten. Muntaia handia izango da, eta txirrindulari batzuk urrunetik etorriko dira.
Mundu mailako onenak etorriko dira Tolosara.
Europako eta munduko txapeldunak izango dira tartean. Hain justu, pasa den asteburuan, Europako txapeldun izan diren Eloi Palau eta Vera Baron etorriko dira Tolosara. 2019an eta 2021ean munduko txapeldun izandako Sergi Llongueras eta Borja Conejos ere hemen izango dira.
Nola lortu duzue horiek denak Tolosara ekartzea?
Triala praktikatzen hasi nintzenetik ezagutzen ditut; nire adin bertsukoak dira eta Espainiako selekzioan askotan bat egin izan dugu. Ekitaldi hau egiteko asmoa nuela esan eta ea parte hartuko luketen galdetu nienetik, prest zeudela esan zidaten.
Zer dela eta utziko dituzu alde batera lehiaketak?
Urte guztia pasa izan dut bizikleta gainean, alde batetik bestera, lehiaketaz lehiaketa, baina kirol gutxitua da. Nik zorte handia izan dut, laguntzaile eta babesleei esker, eskola sortzeko aukera izan dudalako. Trialaz bizitzeko aukera izan dut, baina ez da batere erraza. Orain, agur esateko unea heldu dela iruditu zait. Erabakia iaz hartu banuen ere, urteak ziren ideia buruan bueltaka nuela. Ez da erabaki erraza izan nire bizitza erdia iraun duen zaletasun eta ofizioa albo batera uztea. Hala ere, gogo handia dut amaiera eman eta etapa berri bati ekiteko.
Ez zenuen ilusiorik lehiatzen jarraitzeko?
Bai. Hori ez da izan arrazoia. Bizi guztia daramat lehiatzen eta nire bizitza ez dut irudikatzen lehiarik gabe. Datorren urtean, esaterako, zenbait lasterketatan parte hartuko dut, mendiko bizikletarekin. Bestelako arrazoiak daude tartean. Suhiltzaile izateko oposizioak prestatzen ari naiz. Gainera, eskolan lanean jarraitzeko asmoa dut, baita erakustaldiak egiten jarraitzekoa ere. Lehiaketei esango diet agur, baina bizikleta gainean jarraituko dut. Ez dut irudikatzen nire bizitza bizikletarik gabe.
Hamahiru urte egin dituzu goi mailan. Nolako balorazio egiten duzu?
Oso pozik eta harro nago egindako ibilbidearekin. Hamabi urterekin, herriko banku eta harri handietara igotzen hasi nintzen, eta inoiz ez nuen pentsatzen honaino helduko nintzenik.
Zein izan da lortu duzun garaipenik handiena?
Zalantzarik gabe, 2017an Txinako Munduko Txapelketan lortu nuen brontzezko domina. Nire lehen domina izan zen munduko txapelketa batean, eta oso berezia izan zen, beste bi arrazoirengatik ere: Gurasoak bertan egon zirelako, eta gizonezkoetan, Ion Areitio hondarribiarra ere hirugarren izan zelako. Beti esan izan dut bera niretzat anaia bat dela; entrenamendu saio asko egin ditugu elkarrekin.
Tolosar gutxi izango dira munduko txapeldun.
Bai. 2018ko Txinako Munduko Txapelketan, taldeka, onenak izan ginen Espainiako selekzioarekin; gainera, Ionekin (Areitio) lortu nuen. Txirrindularitzan oso berezia da maillot hau lortzea. Egia esan, Tolosan eta Tolosaldean zorte handia dugu, goi mailako kirolari asko ditugulako eta, gainera, kirol asko praktikatzeko aukera dugulako.
Caminos, 2018an, taldeka munduko txapeldun izan ondoren, urrezko domina eta maillotarekin.
Zein garrantzi dute horren aurreko lorpenek? Zortzi aldiz izan zara Euskadiko txapeldun eta, lautan, Espainiakoa. Gerora, 2021ean, Europakoa.
Ikaragarria. Txikiagoak diren lehiaketa horietan aritu gabe, ezinezkoa da saririk handiena lortzera iristea. Urrats txikiak eman behar dira, oztopoak banan bana gainditu; horrela bakarrik irits zaitezke munduko txapeldun izatera. Hortaz, garaipen guztiak dira bereziak.
Tolosarren eta eskualdeko herritarren eskutik babestua eta maitatua sentitu zara?
Beti esan izan dut babes handia jaso izan dudala, eta eskertzekoa da hori. Mezu ugari idatzi izan dizkidate, eta herrira itzuli izan naizen bakoitzean, kalean gelditu eta galdetu izan didate ea nondik ibili izan naizen eta zein txapelketa nituen begiz jota.
Hala ere, nahiko arrotza egin zait herritarrek nire ibilbidearen berri izatea, kirol gutxitua delako. Lehen urteetan, ia inork ez ninduen ezagutzen, eta hiruzpalau besterik ez ginen triala egiten genuenak. Orain, trial eskolari esker, eskualdean gehiago hedatu da. Hori bai, bada herritar multzo bat nire lorpenen berri hasieratik izan duena eta, sare sozialen bitartez jarraitzen nauena, eta hori oso polita da.
Kirol gogorra al da triala?
Bai. Oso zaila da eta oso gustuko izan behar duzu. Pazientzia handia ere eskatzen du. Ordu asko eskaini behar zaizkio, batez ere, lehen hilabeteetan, oztopo txikiena gainditzeko edo trikimailu sinple bat egiteko bada ere.
«Ordu asko eskaini behar zaizkio, oztopo txikiena gainditzeko edo trikimailu sinple bat egiteko bada ere»
Erorikoei beldurra galtzea ere eskatzen du, ezta?
Hori ez da ezinbestekoa; bakoitzaren izaeraren araberakoa da. Badira horren beldur diren txirrindulariak, baina altuera handiko oztopoak gainditzen doazen heinean, beldur hori ere desagertzen doa.
Zer izan da triala zuretzat?
Ofizio bilakatzera heldu den kirol bat da; bizimodu bat ere izan da. Gauza asko eman dizkit, bai onak baita txarrak ere; guztia ez da polita izan, hau da, lorpenak, sariak eta abar. Horien artean momentu txar asko pasa behar izan ditut, eta zenbait lehiaketatan emaitza txarrak izan ditut. Une askotan, uztekotan ere egon naiz. 2017a eta 2018a urte onenak izan ziren. 2019an, ordea, dena oso gaizki atera zen. Beti esaten dut urte horretan horma baten aurka jo nintzela. Urte hura amaitu zenean, buelta asko eman nizkion uzteko aukerari.
«2019an dena oso gaizki atera zen. Beti esaten dut urte horretan horma baten aurka jo nintzela»
Goi mailan aritzeak, prestakuntza eta jarraikortasun handia eskatzen du. Gorputza etengabe zaindu behar izan duzu?
Bai. Trialeko bizikletarekin aritzeaz gain, astean bitan gimnasiora joaten naiz eta errepideko edo mendiko bizikletarekin ere egiten ditut saioak. Bestetik, ezinbestekoa da elikadura zaintzea. Gure kasuan, apirilean hasten zen denboraldia eta azarora arte luzatu. Tartean, atseden hartu nahi duzulako edo, hiruzpalau astez bizikleta albo batera utziz gero, ondoren asko kostatzen da berriro martxa hartzea eta lehengo maila lortzea. Hala ere, oso garrantzitsua da tarteka atseden hartzea.
Baduzu kontatzeko moduko pasadizorik?
Iaz, Vicen (Herrialde Katalanak) jokatu zen Munduko Kopako lehen proban, finalerdiak jokatu bezperan, entrenamendu saioa bukatu ondoren, jauzi bat gehiago egitea erabaki nuen, sentsazio onenekin amaitu nahian. Bada, jauzi egiten hasi nintzenean, atzeko gurpilak irrist egin zidan, eta harri baten kontra jo nuen bizikleta. Koadroaren beheko barra erditik puskatu zitzaidan. Karbonozkoa zen, eta horiek oso hauskorrak izaten dira. Ez nuen beste bizikletarik.
Eta zer egin zenuen?
Marc Novoa lagunak bizia salbatu zidan. Beste marka bateko bizikleta bat zuen berak, baina geometrikoki nirearen antzekoa zen, eta ekartzeko eskatu nion. Ordubeteko bidaia egin behar izan zuen, baina azkenean, lehiatu ahal izan nuen. Hala ere, oso gaizki pasa nuen.
Orain duzuna beste bizikleta bat da, noski.
Bai. Orain dudana berria da.
Eta zenbat izan dituzu?
Asko. Ia urtero aldatu izan dut. Gainera, aldaketa handiak izan dituzte bizikletek, balazta aldetik, geometrikoki, baita pisu aldetik ere.
Urte batzuk dira Bideak Bike Trial Eskola sortu zenuela. Zertarako balio izan du?
Triala praktikatzen hasi nintzenean, Gipuzkoa osoan ez zegoen eskola bakar bat ere. Orduan, Unai Iraola ezagutu nuen, eta berari esker hasi nintzen mundu honetan. Asteburuetan elkartzen ginen, entrenatzeko; lehen urteetan, Usabal industriaguneko pabiloi batean aritzen ginen. Beranduago, kiroldegiaren atzeko trial parkea egin genuen. Bertan, gainera, Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen, Tolosan lehen aldiz.
Garai bateko talde txiki hura, ordea, geroz eta handiagoa zen. Ni ere, Unairen pausoak jarraituz, irakasle modura hasi nintzen, haurrekin. Duela bi urte proiektua handitzea erabaki nuen, Belauntzan pabiloi handiago bat irekiz eta, gainera, Usabalgo parkea handitu dute. Gaur egun, ia 40 ume ditugu eskolan. Gipuzkoa osotik etortzen dira, ez dagoelako beste eskolarik. Beraiek ere parte hartuko dute larunbatean; erakustaldi bat egingo dute finalaren aurretik.
«Ia 40 ume ditugu eskolan. Gipuzkoa osotik etortzen dira, ez dagoelako beste eskolarik»
Zorte handia izaten ari naiz, eta jarraitzeko asmoa dut. Iaz, adibidez, berriro antolatu genuen Tolosan Gipuzkoako Txapelketa, eta parte hartze handia izan zen. Asko gustatu zitzaien eta ni oso kontentu geratu nintzen izan zuen erantzunarekin.
Trialak, beraz, etorkizuna du.
Oso zaila da aurreikuspenak egitea. Lehen, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetako bosna proba egiten ziren; orain, berriz, bakarra. Txirrindulari gutxi daude, ez duelako oihartzunik. Datorren urtera begira, proba gehiago antolatzea da nire asmoa, txikienek lehiaketen esparrua ezagutu dezaten.
Duela sei urte egindako elkarrizketa batean esan zenidan gizonezko trial txirrindulariak zirela zure eredu, emakumezkorik ez zegoelako. Hori aldatu al da?
Asko aldatu da. Nire lehen Espainiako Txapelketan, gizonezkoen aurka lehiatu nuen, ez zegoelako emakumezkoen kategoriarik. Hiru emakumezko ginen txapelketa osoan, baina hirurak adin eta kategoria desberdinetakoak. Urteek aurrera egin ahala, triala zabaltzen joan da, ez hemen bakarrik, baita mundu osoan ere. Maila ere asko handitu da. Aurten, lehen aldiz, Europako Txapelketan, emakumezkoen junior kategoria ere osatu dute. Orain arte elite kategorian bakarrik egiten zen txapelketa. Eta denboraldi honetako Munduko Kopako probatan 25 emakumezko aritu gara lehian.
Aurrerantzean zertan arituko da Irene Caminos?
Esan bezala, erakustaldiak egiten jarraituko dut, eta eskolan ere ariko naiz. Gainera, beste kirol batzuetako probatan parte hartuko dut. Aurten, pare bat lasterketa egin ditut mendiko bizikletan, binaka, eta urtarrilean dortsal bat janzteko asmoa dut.
MOTZEAN
Trial txirrindulari bat?
Ion Areitio. Lehen unetik egon da nirekin eta oso garrantzitsua izan da.
Triala praktikatzeko leku edo pista bat?
Xixongoa (Asturias). Uda guztiak igaro izan ditut bertan entrenatzen eta udalekuetako begirale.
Bizikletan kontzentratzeko abesti bat?
ETS taldearen Sumendiak.
Ezkutuko zaletasun bat?
Dakar Rallya. Oraindik bertan lehiatzeko helburuarekin jarraitzen dut, kamioien kategorian. Kopilotu modura aritu izan naiz probak egiten.
Trialagatik egin ezin izan duzun eta ahal duzunean egingo duzun lehen gauza?
2025eko udan, nire kuadrillarekin oporretara joatea. Sekulako gogoa dut! Orain arte ez dut aukerarik izan.
Trial txirrindularia izan ez bazina...
Auskalo! Kirolari lotutako zerbaitetan ariko nintzen, seguru.
IRENE CAMINOSEN AZKEN SALTOA!
- Urriak 12, larunbata
- 16:30-16:40. Ekitaldiaren hasiera eta proben inguruko azalpenak.
- 16:40-16:55. Pilotuen aurkezpena, bakoitzaren lorpenen aipamena.
- 16:55-18:30. Proba erabakigarriak (bina itzuli lau zonatan).
- 18:30-19:00. Atsedena eta puntuazioen kalkulua. Bitartean, Bideak Bike Eskolako ikasleen erakustaldia.
- 19:00-20:00. Finala (zona bakoitzean itzuli bat).
- 20:15. Sari banaketa, Irene Caminosi elkarrizketa eta agurra.