13 urtez nazio eta nazioarte mailan onenen artean lehiatzen aritu ondoren, Irene Caminosek agur esango dio kirol mailako bere ibilbideari. Oraindik ere proba batzutan lehiatuko badu ere –azaroan, esaterako, Munduko Kopan–, larunbatean, hilak 12, bere agurreko ekitaldia ospatuko da Tolosako Euskal Herria Plazan. Ekitaldi berezia izango da, hala nabarmendu baitu txirrindulari tolosarrak: «Betiko amets bat egia bilakatuko dut. Plaza hau trial erakustaldi bat egiteko leku ederra zela uste izan dut beti, eta ez nuen hori bizi gabe agur esan nahi». Udalari proiektua aurkeztu ondoren, honek «begi onez» ikusi zuen. «Festa moduko bat izango da larunbatekoa, baina gure kirola are ikusgarriago egiteko ere balioko du», gaineratu du Caminosek.
16:30ean hasiko da ekitaldia eta Caminosek bere ibilbidean lagun izan dituen eta mundu mailan onenetakoak diren beste hamalau pilotu ere gonbidatu ditu hitzordura: Paula Rolland, Vera Baron, Alba Hidalgo, Eloi Palau, Toni Guillem, Marc Novoa, Sergi Llogueras, Ion Areitio, Javi Alonso, Jesus San Martin, Borja Conejos, Dani Baron, Antonio Fraile eta Gorka Susperregi. Zirkuituak lau zona izango ditu, eta proba bat baino gehiago egin beharko dituzte guztiek.
«Erreferente»
Irene Caminos Yarza 1998ko abuztuaren 26an jaio zen Tolosan, eta 13 urte eman ditu elite mailan lehiatzen, trial modalitatean. Bere ibilbidean lorpen esanguratsuak ditu, horien artean zortzi Euskadiko txapelketa eta Espainiako lau txapelketa. Hala ere, aipagarrienak, 2017an munduko txapelketan lortutako brontzezko domina eta, 2018an, taldeka munduko txapelketan lortutako garaipena. «Ezbairik gabe Tolosak izan duen kirolari erreferenteetako bat izan da, eta da oraindik ere. Baina lorpenetatik harago, kirol minoritario bat ikusgarri egin eta oihartzun handia eman dio, baita Tolosatik kanpo ere. Bidea bere kabuz hasi zuen, gainera, eta orain gaztetxo gehiago batu ditu albora. Zoriondu eta eskertu nahi nuke, Tolosako herriaren izenean, urte hauetako ahalegin hori», adierazi du Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak.
Egitaraua
- 16:30-16:40. Ekitaldiaren hasiera eta proben inguruko azalpenak.
- 16:40-16:55. Pilotuen aurkezpena, bakoitzaren lorpenen aipamena.
- 16:55-18:30. Proba erabakigarriak (bina itzuli lau zonatan).
- 18:30-19:00. Atsedena eta puntuazioen kalkulua. Bitartean, Bideak Bike Eskolako ikasleen erakustaldia.
- 19:00-20:00. Finala (zona bakoitzean itzuli bat).
- 20:15. Sari banaketa, Irene Caminosi elkarrizketa eta agurra.