Inauterietako doinu berriak

Leyre Carrasco 2024ko urriaren 7a

Tolosako inauterietarako txaranga ez-mistoa osatuko dute, Ines Osinagak gidatuta; 10 saio egingo dituzte guztira, eta urriaren 23an izango da lehena, 18:00etan, Andragoran, Tolosaldeko Emakumeen Etxean.

Tolosako Jabetze Eskolak udazken-negurako programazioa aurkeztu du, eta jardueren artean, bada erronka nagusi bat: txaranga ez mistoa osatzea ahalbideratuko duen ikastaroa. Tolosako txarangetan emakumeen presentzia eskasa dela ikusita, 2024ko Jai Berdinzaleen Behatokiko plangintzan, berdintasunaren alde aurrerapausoak eman eta lanari ekitea adostu zen. Horri jarraiki, ikastaroa Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxearekin elkarlanean egingo da, eta Ines Osinaga, abeslaria, interprete eta konpositoreak gidatuko du.

Erronka berri honen helburua da txaranga bat zer den ezagutzen hasi, errepertorioa landu eta emakume musikariek espazio publikoa hartzea ahalbideratuko duen ahalduntze prozesua abian jartzea. Horretarako, 10 saio egingo dituzte, eta lehena urriaren 23an, asteazkenean, 18:00etatik 20:00etara izango da, Andragoran, Tolosaldeko Emakumeen Etxean.

Dagoeneko matrikulazio epea zabalik da eta udal webguneren bitartez eman daiteke izena. Interesdunek jarduera bakoitza hasi baino bi egun lehenagora arte eman ahal izango dute izena, eta izapideak aipatutako webgunearen bidez egin behar dira.

Jarduerei buruzko informazio osagarria edo laguntza behar izanez gero, Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxean (943 00 89 67) eta Tolosako Udaleko Berdintasun Sailean (688 86 90 23) galdetu daiteke, baita presentzialki bertaratuta edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzita ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!